AIZKORRIPEAN
Segura, abiapuntutzat aukeratu dugun herria, harresiz inguratua
zegoen Erdi Aroan, Alfontso X.ak 1256an gotorleku izatea agindu
zuenetik. Gaur, bertako kaleek antzinako trazadura horri eusten
diote. Halaber, aipatzekoak dira Santiagoko nahiz Gaztela eta Frantzia
arteko bideak bertatik pasatzeak ekarritako monumentuak.
Jasokundeko Andre Mari eliza gotikoan (XIV-XV) 42
estatuadun erretaula txurrigereskoa eta Bohemiako kristalezko lanpara
bat ikus ditzakegu. Era berean azpimarratzekoak dira, beste jauretxe
batzuen artetik, Arrue (Berpizkundeko arkuz osatua), Gebara eta
Lardizabal (Udaletxe barrokoa) jauregiak.
Zegamarako bidean eskuin aldera, bertako bizilagunei
esker herri-museo moduko bihurtu den Zeraingo herritxora ailegatuko
gara berehala; herria bizirik eta osasuntsu mantentzeko proiektu
benetan polita. Bertaratuz gero, herri mailako eta nekazaritza munduko
bizimodua erakusten duen etnografia museoa, Jauregia izeneko dorretxea,
Jasokundeko Andre Mari eliza eta, herritik hurbil, Larraondoko Zerrategia
(XIX. m.) ikusteko parada izango dugu, besteak beste.
Gipuzkoa eta Gaztela arteko merkataritza San Adrian
tuneletik barrena igarotzen zen garaian, Zegamak garrantzi ekonomiko
nabarmena izan zuen. Horren adibide dira, Artza-Enea edo Aitamaren
Zarra jauretxeak, edota Zumalakarregi jeneral karlistaren marmolezko
hilobia gordetzen duen Tours-eko San Martin eliza (erretaula nagusia,
XV.eko ate gotikoa eta XVIII.eko dorre barrokoa).
Herria zeharkatu eta Aizkorriko gailurreriaren azpitik
igaro ondoren, bide polit, arbolatsu eta bihurgunetsuan zehar Otzaurte
mendaterantz abiatuko gara. Mendatera 15,5 km.an ailegatzean, eskuineko
etxearen atzealdeko bide harritsua hartu (Altzaniko Atsedenlekurantz),
eta paraje atseginak igaroz, bi km-tan aipatu atsedenlekura iritsiko
gara. Gatozen moduan, bidea utzi gabe eskuinalderantz joango gara,
eta hortik aurrera, beti zuzen segituko dugu, beste atsedenleku
bat eta paraje ederrak pasatuz. Lehen atsedenlekutik 3 km-tara urrunean
gure helmuga ikusteko moduan izango dugu, eta km bat geroago, bidegurutze
batean dagoen burdinazko langa berde baten aurrean aparkatu ahal
izango dugu autoa, bertatik oso hurbil edukiko dugun San Adriango
Tunel (eta galtzada) ikusgarri bezain historikora oinez igo nahi
izanez gero.
Bide beretik Otzaurtera itzuli, eta bertan, eskuin
aldera joz, bide benetan eder batek Nafarroan barneratuko gaitu.
Berehala hartuko dugun errepide nagusiak berriz, zuzen-zuzen eramango
gaitu Altsasuraino (37 km.). Oso hiri berria da (1907), izan ere,
1863. urtean trenbidea bertara iritsi zen arte, ez baitzen herri
gisa garatzen hasi. Jasokundeko Eliza (XVI. m), eta plaza erdiko
totem harrigarria ikustekoak dira.

|
AIZKORRI
MENDILERROA
Aizkorriko Parke Naturalak Gipuzkoako hego-ekialdea eta Arabako
ipar-mendebaldea lotzen ditu 18.000 hektareatan zehar, Nafarroa
oso hurbil duela. 1.000 eta 1.551m. arteko mendiz osatutako talaia
natural honetatik, eguraldi ona eginez gero, Urduñatik hasi
eta Pirinioetako mendietaraino doan ikuspegi zabala bistaratuko
dugu.
Parkeak, berez, beste atal batzuetan jorratuko ditugun lekuak ere
hartzen ditu bere barnean (Oñati, Arantzazu, Zalduondo...).
Horregatik, hemen parke osoaren azalpena egin beharrean, berezienetakoak
diren bi leku aipatuko ditugu. Informazio praktikoei dagokienez
berriz, ikus Zegama atala.
SANDRATIKO KOBAZULOA
Zegama eta Altsasu lotzen dituen bigarren mailako errepidetik abiatu,
Otzaurteko gainean eskuinera hartu, bi atsedenleku atzean utzi eta
ezkerrerako bihurgune baten alboko langa berde baten ondoan aparkatu
ostean (ikus ibilbidea), oinezko ibilbideari ekingo diogu.
Burdinazko langa horren atzean bidetxo bat abiatzen da, tuneletik
oso gertu. 50 metrora bidegurutze bat dugu, eta gorantz egiten duen
ezkerreko bidezidorra hartuz, 15-20 minututan zuzenean San Adriandik
igarotzen den galtzadara iritsiko gara, ikusgai dugun sarreratik
50 metrora (1.030 m.).
Sandratiko Kobazulo edo San Adrian Tunel hau Gipuzkoa eta Araba
lotzen dituen pasabide naturala da, eta bertatik, Flandes eta Gaztela
lotzen zituen galtzada zaharra igarotzen da, batzuentzat erromatar
garaikoa, besteentzat Erdi Arokoa.
Era guztietako bidaiariak pasatu ohi dira bertatik: errege-erreginak,
erromesak gudarosteak... euskal geografiaren pasabide ospetsu eta
mitikoa bihurtuz. Bestalde, parajea ezin ederragoa da bi aldeetan.
Tamalez, barruan duen ermitaren hondakinak besterik ez dira geratzen
AIZKORRI GAINA
Tunelaren beste aldean, galtzadaren eskuin alderantz, bidezidor
bat abiatzen da, lizardi baten ondotik doana. Gero, itzelezko pagadi
baten erditik Kalbarioko aldapa igoko dugu, eta azkenik,
zabalgune batera iritsi eta maldan gora eginez, tontorrera iritsiko
gara (1.528 m.). Tontorreko baselizatik sekulako panoramika zabalaz
goza dezakegu.

|