Terapia garaiak dira. Historiak gure emozioetatik bereizi omen gintuen, eta haietara entregatuta gabiltza. Norberaren “motxila”, norberaren haurtzaroa, norberaren balidazioa, norberari baimena eman... Literatura, soziologia, historia... gorputzez bete dira, eta biografiak psikologoz eta gimnasioz. Unibertsitatea lanbide heziketa erraldoi, gure garaian karrera egin genuenontzako flotagailu, espezializazioak jibarizatutako txostengintza hutsaletan doktore.
Emozioak primarioak, amoralak, borondate gabeak. Psikologia autoerreferentziala, helburuzkoa, aspiraziokoa, donostiarra. Osasuna estetikoa, gaztea, produktiboa. Osasun kirolaria, kotxearen eta etxe bulegotuaren arteko aisia programatuan, ordulariak monitorizatua. Literatura etxeko atetik irteten ez den ni zirkularrean bueltaka. Espiritualtasun deslotua, gehienez gure arbaso imajinatuekin lotua.
Nor iristen da udara deskonektatzeko beharrik gabe? Bere buruagandik deskonektatzeko beharrik gabe? Nork dauka antsietatea mugitzeari uzten badio amildegia handiegia delako?
Ez dago zigor zerutiarrik. Kulpaz libratu, eta ordezko erantzukizunik hartu gabe. Eta zoriontasuna produktu kapitalista lorrezin, bizitza hamster gurpil bilakatzen duena, mugimendu itsu. Zergatik lotzen ote da bizitza mugimenduarekin, eta heriotza geldi egotearekin: haizea bizirik al dago? Bizirik ez egoteak ez du zertan hilik egotea esan nahi; baina hilik ez egoteak ez du zertan bizirik egotea esan nahi. Eta zoriontasunaren aurkako buruargiak (ni neu), arautik kanpoko zigorrez kexaka, ninini. “Zoriontasunik ez da existitzen” lapidario hutsaletan; “hala direnak inozoak dira” autodefentsiboan.
Baina azken aldian Joana Arc-ekoa sentitzen hasi naiz, oso moja uneko intentsitateen ukatzaile, estoiko astun, zilborreranzko sakontasun antzeztuen ezeztatzaile. Baina, hala ere, betetasunaren aldeko. Alegia, zoriontasunaren aldeko, ez? Alegia, printzipioen aldeko. Alegia, zure emozioa morala ez bada ez hainbeste balidatu, eta, ez, zure buruari ez baimenik eman. Alegia, nor iristen da udara deskonektatzeko beharrik gabe? Bere buruagandik deskonektatzeko beharrik gabe? Nork dauka antsietatea mugitzeari uzten badio amildegia handiegia delako? Alegia, zoriontasunik ez dela errepikatzen dugunok, ez da izango geure buruari gehiegi begiratu, eta, gainera, geure buruari gehiago begiratzeko esaten diguten psikologoei kasu egiten diegula? Morala edukitzeak ematen duen bake atzeratuari itxaroteko baretasunik ez dugula?
Ikasturtea amaitu baduzu egon behar zen lekuan egonda, egin behar zena eginda, behar zuenarekin egon izanaren ziurtasunez, dirua eta posizioa galduta kausa baten alde, ulertuko didazu. Zorionekoak zure ingurukoak; eta, beraz, zu. Eta ea ni, ni, ni.