Exijentea izan ohi da uda: zoriontasun betearen eta erabateko entretenimenduaren garaia. Baina kontuz! Plan bikainak eta etenik gabeko parrandak ez badira espero bezala irteten (eta, finean, zer irteten da espero bezala?), malenkoniak harrapatu gaitzake. Are gehiago, gure garaia malenkonia ezkutu batek zeharkatzen duela esango nuke. Zerbait galdu dugulako sentsazioa izaten dugu malenkonia sentitzen dugunean, baina ez dugu jakiten, zehatz-mehatz, zer den galdutako hori. Galera lauso bat, alegia. Dolu batean, ordea, argi dago: senidea, laguna, bizitokia edo dena delakoa da galdu duguna… Eta denbora hartu behar da doluari aurre egiteko.
Baliteke, dena den, uda izatea harremanen alde egiteko une aproposa. Edo, akaso, bakardade osasuntsuagoa eraikitzeko momentua
Urgentziaren garai honetan, zerbait galtzen ari garela uste dugu maiz, baina ez dakigu zer den. Horra hor FOMO izendatutako fenomenoa: baliteke, nonbait, aukeratu duguna baino plan ederragoren bat egotea. Horregatik, badaezpada, hobe smartphonera konektatuta eta adi egotea! Gutxiago galtzeko, akaso? Bekatu handia baita, egun, zoriontsuago egingo omen gintuen aukera hori bete ez izana… Horregatik, bizimodu hiperkonektatu honek urduritasun malenkoniatsu nahasia eragiten digu, connecting people delakoaren lelopean. Are gehiago, zenbat eta konektatuago egon, orduan eta bakardade sentsazio handiagoa. Ez al da kontraesankorra? 18 eta 24 urte bitarteko gazteen heren batek bakarrik sentitzen dela aitortzen du. Agian, konexioak eta harremanak bereiztea da kontua. Konexioak arinak dira, norabide bakarrekoak, eta ez dute gorputzaren presentziarik behar; harremanek, berriz, denbora eta presentzia behar dituzte eta bi norabideetara eraikitzen dira. Lehenengoek hiperestimulatu egiten gaituzte, baina ez dute pizten desiraren inguruko galderarik, harremanek egiten duten bezala. Nolanahi ere, konexioen kontsumoak harremanen ilusioa elikatzen du, bakardadetik ihes egiteko estrategia bat izan daiteke… baina, antza, ez oso ona: gailuaren aurrean egoteak gehiago isolatzen gaitu, gure desirei buruz galdetzeko etenik hartu gabe.
Baliteke, dena den, uda izatea harremanen alde egiteko une aproposa. Edo, akaso, bakardade osasuntsuagoa eraikitzeko momentua. Zergatik ez? Bakardadearen esperientzia, finean, ekidin ezina da. Eta, aldi berean, besteekin egoteko baldintza. Baina egungo ekonomiak, tamalez, isolamendua edo masa digital hegemonikoak bultzatzen ditu. Ez al da desiragarriagoa harremanak eta bakardadea posible egiten dituen komunitate bat, batak bestea ukatu gabe?
Bitartean, hemen nabil idazten, nire bakardadeari forma eman nahian, enigmatikoa eta arrotza zaidan horrekin bizi nahian. Ildo horretatik, ipuin-liburu bat gomendatzen dut (udarako?): Olatz Mitxelenaren Etxe arrotz hau. Nahiago dut uda arrotza, uda urduri eta malenkoniatsua baino. Eta, zuk? Denbora hartu behar da erantzuteko; irakurtzeko.