Toki beretik datozen erasoei elkarrekin erantzuteko deia

  • Leire Ibarguren, Hajar Samadi eta Agurne Gaubekak Gorrotokrazia izenburupean antolatutako mahai-inguruan hartu zuten parte maiatzean Zestoan (Gipuzkoa), herriko Euskara Foroak antolatuta. Gorroto diskurtsoek indarra hartu duten garai hauetan euskarafobiaz, islamofobiaz, arrazakeriaz, LGBTfobiaz eta feminismoaren aurkako gorrotoaz aritu ziren hiru hizlariak. Diskurtso horiek nondik datozen eta herritarrei nola eragiten dieten aztertu zuten.

Ezkerretik eskuinera, Leire Ibarguren (Azpeitiko Feministan Sarie eta Astindu Armayuek taldeetako kidea), Hajar Samadi (Bidaya emakume musulmanen elkarteko presidentea) eta Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria). Danbolin.

2026ko abuztuaren 4an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Bakoitzak "beretik" hitz egin zezan gonbidatu zituzten hiru solaskideak, Ibarguren mugimendu feministako kide gisa, Samadi islamofobiaz aritzera, eta Gaubeka euskararen eta euskal komunitatearen aurkako gorroto diskurtsoez hizketan egitera. Jakinda, ordea, haien jardunean aise gurutzatuko zituztela bestelako zapalkuntzak. Hala, gorroto diskurtsoak gogor jotzen ari direla, zapaltzaile berari aurre egiteko batzera deitu zuten.

Hurrengo lerroetan, mahaiaren gidariak egindako galderei erantzunez, aliantzen inguruan hitz egin zuten hirurek. Hori baino lehen, solaskide bakoitzak bere sarrera egin zuen. Azken hiru orrialdetan dituzue sarrera laburtuak.  

Askapen borroken artean aliantzak egin daitezke gorroto diskurtsoei aurre egiteko? Beste modu batez esanda, Zestoako Euskara Foroak, talde feministak eta hainbat jatorritako herritarrek bat egin dezakete bateko eta besteko zapalkuntzen aitortza egiteko eta gorroto diskurtsoei elkarrekin aurre egiteko?
Agurne Gaubeka: Garbi gelditu da gaur [Hajar Samadi eta Leire Ibarguren hizketan entzun eta gero dio]. Aliantzak behar ditugu, erasoak berdinak direlako eta modu berdinean datozelako. Kartelak kentzea aipatu du Leirek [LGBTIQ+ mugimenduarekin lotutako afixak], feminazi hitza hor dago, guri Gestapo deitu digute, beste gauza batzuen artean. Baina eraso mota horrez gain, badira zeharkatzen gaituzten jarrera batzuk, eta horiek dira  batez ere gutxiagotutako egoerei buelta emateko hartu diren neurri, lege, arau eta bestelakoen kontrako jarrerak. Emakumeen berdintasunaren alde, LGBTIQ+ kolektiboaren alde eta arrazakeriaren alde hartu diren neurriak beti pribilegiotzat hartzen dira, eta a ze kasualitatea, euskaldunoi gauza bera gertatzen zaigu: hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu diren neurriak pribilegiotzat jo dira. 

Erasoak berdinak diren neurrian, sinergiak eta borrokak batzea izango genuke. Adibideak ematen hasita, eraso matxistak jaso dituzten emakumeak epaitegietara edo Ertzaintzara doazenean zer nolako zailtasunak izaten dituzten euskara erabiltzeko, psikologo euskalduna izateko, edo euskarazko frogak erabiltzeko. Beste adibide bat arrazakeriarekin lotuta: pertsona batek gurera [Hizkuntz Eskubideen Behatokira] jo zuen esanez euskara ikasi nahi zuela eta horretarako baliabideak eta laguntzak eskuratzeko udalak dirua aurreratzea eskatu ziola. Pertsona etorri berri batentzat zein zailak diren baldintza horiek. Alegia, zeharkatzen gaituzten parametroak badaude.

Orain kontatuko dudana ere gertatu zaigu, arrazakeriarekin dauka zerikusia. Horrelako egoeretan gaudenean, elkarrekin egin behar dugu lan, eta aurre egin. Gertaera Bizkaiko helduen hezkuntza zentro batean izan zen. Han etorri berriei formazioa eskaintzen zitzaien. Pertsona batek gurean kexa jarri zuen kartel guztiak gaztelaniaz zeudelako. Zentroarekin harremanetan jarri ginen, batetik, legea urratzen zuelako, kartelek elebitan egon behar zuten, eta bestetik, ez genuelako ulertzen etorri berriei zergatik ezin zaien euskara eskaini, euskara ikasteko eskubidea beraiek ere badute. Hau da EAEko hezkuntza zentro baten zuzendaritzatik helbide elektronikoz eta gaztelaniaz jasotako erantzuna: "Kartelak gaztelaniaz egiten dira nik dakidanez Senegalen, Ghanan, Kolonbian, Bolivian, Georgian, Marokon, Aljerian, Tunisian, Malin, Ginea Kronakryn, Errumanian, Bulgarian, Nikaraguan, Pakistanen, Indian eta Eslovenian ez baitute euskaraz hitz egiten". Kartelena bai, baina guretzat oso kezkagarria da hezkuntza sisteman halako irakasle bat zerbait irakasten aritzea. Berriz ere esango da pertsona etorri berriek ez dutela euskara ikasi nahi. Zer behar sortzen zaizkie euskara ikasteko? Eta bestalde, beraiei ari gara esaten: "Zuentzat ez da euskara, zuentzat gaztelania edo frantsesa da". 

Hajar Samadi: Gu ez gara integratzen, eta integrazioa zalantzan jartzen da. 

A. Gaubeka: Errua, askotan, migratzailearena edo euskaldunarena da. Lehenengoak ez du euskara ikasi nahi eta euskaldunok diskriminatu egiten ditugu. Horregatik egin behar ditugu sinergiak, eta borrokatu elkarrekin.

H. Samadi: Integrazioaren ardura etorkin berrien bizkar gainean jartzen da eta ez gizartean. Gizartean txipa jarri behar dugu. Zuk eredu bat jarri duzu, eta nik uste dut politika humanoak egin behar ditugula, justizia soziala izateko denon artean. Aliantzak oso garrantzitsuak dira, zeren logika faxistak eta kolonialak berdinak dira. Faxismoak kolonialismoaren eredua hartu du. Hemen pentsatzen dugu kolonialismoa kanpoan gertatu zen zerbait dela, baina kolonialismo hori hona datorrenean faxismoa da, hala deitzen zaio, logika berdina dauka. Logika berbera daukanez, erantzuna batera eman behar zaio. Haien logika da gu banantzea, eta guk bata bestea mehatxutzat hartzea. Adibidez, entzun izan dut esaten etorkinak etortzen badira euskarak atzera egingo duela. Bada, jarri ditzagun baliabideak. Etorri berrientzat lehenengo aukera beti izaten da erdara, eta ez euskara, herri guztietan da horrela. Lehen aukera jartzen bada gaztelania, eta gero euskara, eta garesti, ez daude maila berean. Agian Zestoan eta Azpeitian desberdina da, kalean euskara gehiago erabiltzen duzue eta aukera gehiago daude ikasteko, baina Eibarren ia ez da euskaraz hitz egiten kalean eta kuadrilletan, mintzapraktika egitea zailago daukazu. [Entzule dagoen AEKko irakasle batek eta Gaubekak baliabide falta dagoela aitortu dute. Gaubekak gehitu du, baliabideak askotan Espainiako Estatutik datozela (etorkin helduentzako zentroak buruan) eta legez jakin beharreko hizkuntza bakarra gaztelania izatean oinarritzen direla]. 

Leire Ibarguren: Euskal Herrian Euskarazen topaketak izan dira Azpeitian eta Ibai Atutxak intersekzionalitatearen inguruan eman zuen hitzaldia. Hark azaldu zuen gaur egungo gizarte eredu hau, kapitalista eta zisheteropatriarkala, hainbat zapalkuntzatan oinarritzen dela, eta zapalkuntza horiek existitzeari esker eraikitzen dela, hau da, zapalkuntza arrazialari, genero zapalkuntzari, kolonialismoari, eta Euskal Herriaren kontrako nazio zapalkuntzari esker. Atutxaren ustez, zapalkuntza guztiak ez baditugu bukatzen ez da inor askatuko. Horregatik, zapalkuntza horien denen kontra egin behar dugu borrokan. 

Zapalkuntza gauzatzeko erabiltzen diren estrategiez aritu zen: zer da araua eta nola eraikitzen da 'bestea'. 'Bestea' barbaro kontzeptuarekin azaltzen zuen [gai honi buruz gehiago jakin nahi izanez gero, jo Ibai Atutxaren liburu honetara:  Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista (Txalaparta, 2022)]. Azpeitian 'bestea' da arrazializatua, emakumea, transa, ez-binarioa, gizona ez dena, hizkuntza gutxituan diharduena, langile klasekoa dena. Alde batetik ordena, bizikidetza, askatasuna, arrazionala dena dago, eta 'besteak' desordena, biolentzia, inposaketa, irrazionala dena dakar. Euskaldunei egotzi izan zaigu inposatu egiten dugula, arrazializatuei, berriz, biolentoak direla. Denoi ezaugarri antzekoak jartzen dizkigute bestetasun horretan kokatzeko. Atutxak azpimarratu zuen zapalkuntza guztiei ez badiegu aurre egiten, ez dugula lortuko bizigarriagoa den bestelako gizarte bat eraikitzea. 

Emagin-en [formazio eta ikerketa feministetan aritzen den elkartea], gure goiburuetako bat bada beste borrokak ere aitortzea eta garrantzia ematea. Euskal Herrian askotan gabiltza mokoka borroken artean, edo elkar gutxiesten, edo nire zapalkuntzaren arduradun egiten zapalduta dagoen beste pertsona bat. Hor arreta jarri behar dugu. Emaginen askotan esaten dugu elkar zainduz arriskutsuak garela; hainbat borrokatakoak elkar zaindu eta elkarri aitortza egiten badiogu, askoz arriskutsuagoak izango gara sistema honentzat. Denok ez ditugu zapalkuntza guztiak jasaten, batzuetan alderantziz ere bada, zuriok guk eragiten dugu zapalkuntza, baina borroka denak dira denonak.

 Danbolin.

Zein dira borroka horiek bateratzeko zailtasunak? Batzuetan badirudi zapalduena zein dagoen lasterketa batean ari garela: euskaldunari pribilegiatu deitzen zaio eta haserretzen da bere hizkuntzan bizitzeko arazoak dituelako, beltzak gizarte arrazista jartzen du lehen lerroan, beste batek feminismo antiarrazista eta dekoloniala aldarrikatuko du eta feminismo eurozentrista kritikatuko…

L. Ibarguren: Interesatzen da konfrontazioa sortzea. Adibidez, euskara pribilegiotzat hartzen da eta migratzaileak esango du lan bat eskuratzeko zailtasunak dituela euskara eskatzen zaiolako. Hori esatea interesatzen da. Kontuz ibili behar dugu, gauza bat dira eskubideak, eta beste bat pribilegioak, ezin ditugu nahastu, eta hemen euskaraz bizitzea eskubide bat da. Eta era berean interesatzen zaie euskaldunak altxatzea eta esatea baietz, hona etorri direnek jakin behar dutela Euskal Herrian daudela eta euskara ikasi behar dutela. Horrelako egoeratan oso diskurtso arrazistak sortzen ditu euskaldunak. Arreta jarri behar dugu, noiz ari garen tranpa horretan erortzen. 

H. Samadi: Ez da kontraesana euskara defendatzea eta antiarrazista izatea, euskara defendatu eta feminista izatea. Europan bizi zarelako, alegia Euskal Herrian, zuk pribilegio zuria daukazu, beraz, autokritika egin behar duzu eta zure burua dekolonizatu behar duzu, baina aldi berean, zure hizkuntza zapalduta dago. Oreka bat aurkitu behar dugu. Elkarren arteko lehia aipatu duzu. Hori indibidualismoak sustatzen du eta elkarlanean ez aritzeak. Bakoitzak bere interesari emango dio lehentasuna, eta bestearena ikusi ere ez. Besteena ikusi behar dugu, eta modu kolektiboagoan jardun behar dugu. 

A. Gaubeka: Pasatzen dena da... eta guri askotan gertatzen zaigu... toki batzuetara joan euskara eskatzera eta, adibidez, zuk esan duzuna, pertsona bat lanpostu batera aurkeztu da eta bere kulturagatik edo jatorriagatik diskriminatu dute eta gu gure lemarekin goaz, eta esaten zaigu: "badaude gauza garrantzitsuagoak, bestelako beharrak dituzte pertsona horiek". Etorri berria zarenean, adibidez, zure lehen beharrak etxebizitza eta lana dira, eta hizkuntzarena ez zaizu burutik pasatu ere egiten. Hala ere, uste dut sinergiak aurkitzea badagoela. Adibidez, zaintza lanak egiten dituzten gehienak emakumeak eta migranteak dira, eta gai bat azpimarratu da azkenaldian, sententzia batzuekin ere zerikusia baitu, hau da, lan horiek egiteko euskararik ez dela behar. Sartu gaitezen arlo horretan. Zaintza lanek eta euskarak duten garrantzia mahai gainean jartzea bada lanbide horri prestigioa eta balioa emateko modu bat, ez baita bakarrik fardelak aldatzen diren lan bat. Lan horietan hizkuntzak garrantzia dauka. Eta bai, matxismoak eta kapitalismoak betikotu egin nahi ditu egoera batzuk, prekarizatuta nahi ditu zaintza lanak egiten dituzten emakumeak. Horiei ikasketak, hizkuntza, eta bestelako balioak ematea ere oztopatzen duten lehenengoak jarrera matxistak eta kapitalistak dituzten erakunde eta pertsonak dira askotan. Hortik badaukagu etorkizuna, lan egiteko esparrua, eta eztabaidatzekoa ere bai. 

 

Agurne Gaubeka
"Diskriminatzaile eta arrazista deitu gaituzte"

Hizkuntz Eskubideen Behatokia: 25 urteko ibilbidearen ondorioak
"Urtero mila bat intzidentzia edo kexa kudeatzen ditugu. Asko da, gutxi da? Guk buruan ditugu mila horiek, eta salatzen ez direnak. Askok galdetzen digute ea eremu batean edo bestean euskara eskatzea legezkoa den. Gure erantzuna izaten da legezkoa izan daitekeela edo ez, baina horrek ez duela esan nahi eskubiderik ez duzunik edo izan beharko ez zenukeenik; gure helburua bada, baita ere, egoera horiek azaleratzea. Kexak bidaltzen dituztenek nonbait konstantzia utzi nahi dute, momentuan ez direlako ausartu kexatzen edo euskara erabiltzen. Askotan zuzenean jotzen dugu gaztelaniara, eta bada zerbaiten ondorio, ohiturak eratu ditugulako, beldur garelako, albo-kalteak ditugulako. Ezer ez da naturala, euskara ez erabiltzea edo gutxiago erabiltzea zerbaitegatik da, jarrera batzuek eragin dute, lege edo arauen bidez ere hedatu dute gutxiagotzea, eta horren kontzientzia hartzea oso zaila da. Horregatik, mila intzidentzia baino ez ditugu jasotzen, gutxi dira kontuan hartuta zenbat gertatzen diren. Antzekoa gertatzen da eraso matxistekin, zenbat salatzen diren eta zenbat ez.
 
Bestalde, diskriminazioak bestelako ondorioak ere baditu, hizkuntza ezin erabiliak edo euskara ikasteko oztopoak izateak herritarren osasunean, segurtasunean, eta batez ere herritarren berdintasun printzipioan eragiten du. Gero, noski, euskaldunak izan gaitezke arrazista, matxista, edo dena delakoa, baina hizkuntzarekiko ez gara pribilegiatuak, gutxiagotuak gara. 

Erasoen kudeaketa
Askok diote nekagarria dela salatzen eta publiko egiten ibili beharra. Beste askotan amorrutik egiten da: enegarrena da, horrelako erantzuna jaso dut… Eta beste batzuek babesa behar dute. Izan ere, ezjakintasunaren ondorioz, euskaldun batzuek uste dute herritarrengana euskaraz zuzentzea norbaiten kontra egitea dela, adibidez, euskaraz ez dakien migrante bati euskaraz egitea, eta bestaldean dagoenak, batzuetan, horrela hartzen du: zergatik egiten dit euskaraz, badaki-eta ez dakidala? 

Egoera horiek gatazkak sortzen dituzte eta isilarazi egin gaituzte, normalizatu egin ditugu. Gatazka ekiditea nahi izatea ohikoa da, zuzenean gaztelaniaz egin eta gero kexaren konstantzia utzi behatokian. Beste batzuetan, gatazka saihestu baino albo-kalteak ekidin nahi izaten dira. Legeak babesten zaitu, baina badakizu euskaraz aritzeagatik atzerapenak edo eragozpenak izango dituzula.

"Ezer ez da naturala, euskara ez erabiltzea edo gutxiago erabiltzea zerbaitegatik da, jarrera batzuek eragin dute"

Gorroto diskurtsoen gorakada
Transbertsala da eta goitik beherakoa ere bai. Kalean entzuten ditugun gorroto diskurtsoak ez datoz ezerezetik. Nondik datoz? Oldarraldiaren barruan, euskara bermatzeko neurriak epaitegietara eraman dituzte, baina hizkuntza politikak egiteko legeak eta arauak ere baliogabetu dira, hori ere oldarraldia da. Adibidez, Udal Legea, besteak beste, toki administrazioetan euskararen erabilera bermatzeko sortu zen eta Vox alderdiak Konstituzionalera eraman zuen. EAEko udaletan ordezkaritzarik ez duen alderdi bat ari da hizkuntza politikak diseinatzen eta lortzen ari dira: baliogabetu dute udal langile batek, telefonoa hartzean, lehen hitza euskaraz esatea lehenestea. Voxek ez du egin lehen hitz hori interesatzen zaiolako, baizik eta gaztelaniaren nagusitasuna mantentzen jarraitu nahi duelako. 

Oldarraldiaz gain, euskara erabiltzeko eta sustatzeko hainbat neurritan ere atzerapausoak eman dira. EAEn lege okerragoak atera dira 2024an 2019an baino, Kontsumitzaileen legea, adibidez. Bestalde, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskararen irakaskuntza oztopatzea, bada gorroto diskurtsoen ondorio.

Eta gaia lurrera ekarrita: euskarari tinko eutsi dietelako herritarrei ematen zaizkien erantzun ez zuzenek puntu bat egin dute gora. Diskriminatzaile eta arrazista deitu digute, erantzun txarrak jaso ditugu, baita administrazio publikoan ere. Udaltzaingoari eta Ertzaintzari lotutako hamarnaka kexa jasotzen ditugu urtero, haien jarrera eta gorroto diskurtsoengatik. Grabaketak ditugu: 'hizkuntza hori niretzat ez da ezer', 'espainolez egin behar didazu', irainak, eta beste. 2026an gertatzen ari dira.

 

Hajar Samadi
"Aitortza eskatzen dugu"


Islamofobia eta gorroto diskurtsoak
"39 urte ditut, 2 urterekin etorri nintzen Eibarrera [Marokon, Larache herrian jaioa], arabiar bakarra nintzen ikasgelan. Lehen arrazakeria beste modura batera azaltzen zen, baina orain goitik etorritako mezuak jasotzen dituzte eta errepikatu egiten dituzte. Politika populistek zerikusi handia daukate gorroto diskurtsoekin. Sare sozialetan asko ikusten da. Nire amak ez du ondo hitz egiten erdaraz, eta lehen ondo moldatzen zen, baina orain kezkatzen ari gara zeren gero eta pertsona arrazista gehiago dago, aitortzen dut gehienak ez direla arrazistak, baina diskurtso batzuek eragin handia izan dute. Mikrofonoa edozein arrazistari jartzen diote sare sozialetan eta inpunitate handia dago, ez dago zigorrik. Ez da gauza bera antisemita izatea edo islamofoboa: Bigarrena bazara, dena libre daukazu. 

Islamofobia egunerokoan
Iceberga irudikatzen badugu, puntan irainak eta indarkeria fisikoa aurkituko ditugu, baina horra heltzeko, oinarrian, egiturazko arrazakeria dago, oso ondo pentsatutakoa. Arrazakeria beti da estrukturala, kontua ez da 'joan zaitez zure herrira' esatea eta kito, hori ondorio bat da. Egiturazko arrazakeriaren ondorioz, egunerokoan oztopo asko daude etxebizitza alokatzeko edo lana bilatzeko, adibidez. Emakumeen janzkera asko erabili du islamofobiaren tresnak zapalkuntza aurrera eramateko, gerrak egiteko munduan, iritzi publikoa sortzeko. Feminismo eurozentristak Afganistango gerra bultzatu zuen, feminismo hegemonikoak inperialismoa darabil. 

Egunerokoan gertatzen zaigu baita ere, administrazioan, ikastetxeetan edo beste hainbat tokitan ez daukagula erreferenterik, aditu beltz edo musulmanengana ez dela jotzen, gure kulturetako jakintzak ez direla baliatzen... Adibidez, euskaran jatorri arabiarreko hitzak dauzkagu, gure hizkuntzen arteko harremanez gehiago jakin genezake, baina ikerketa oso gutxi dago. 

Anekdota bat da, baina toki honetara iristeko euskaraz galdetu dut Alondero [mahai-ingurua egin den eraikinari hala deitzen zaio] non dagoen eta frantsesez erantzun dit! Lana daukagu egiteko. Moro hitza eraikuntza soziala da, RAEk [gaztelania arautzen duen akademia] dio kristaua ez dena dela moroa, kristaua, berriz, gizakia dena. Ezjakintasun handia dago eta iturri batetik dator, sistema kolonialista eta inperialistak oso ondo pentsatu du gu nola mantendu ezjakin. 

 

"Sistema kolonialista eta inperialistak oso ondo pentsatu du gu nola mantendu ezjakin"

Bidaya, emakume musulmanen elkartea 
Zapalkuntza gurutzatuak daude. Emakume musulmanok ere, matxismoa pairatzen dugu, sistema patriarkal honetan bizi garelako. Barne patriarkatua daukagu, patriarkatu hegemoniko unibertsala ere bai, eta horiekin gurutzatzen dira paternalismoa, arrazakeria, islamofobia eta abar. Intersekzionalitate hori ez da ikusten eta guk mahai gainean jartzen dugu elkartearen bidez. Topaketak, jabetze tailerrak egiten ditugu, etorri  berriekin eta haien seme-alabekin aritzen gara, zein eskubide dituzten azaltzen diegu. Adibidez, lan esparruan oztopo eta gertaera asko izaten dituzte emakume musulmanek eta horiek kudeatzen saiatzen gara.  Gure janzkera lanerako ez dela egokia esaten zaigu, arrazakeria da hori. Ez dugu eskatzen gure janzkera edo estetika ulertzea, hitz magiko bat dago, 'errespetua', eta horrez gain besteari buruzko informazioa edukitzea, ezagutzea, auzokide gara. Errespetua praktikan jartzen baldin badugu, aurrera joango gara. Aitortza eskatzen dugu.

 

Leire Ibarguren

"Kaleko kartelak puskatzen dizkigute"

Feminismoaren kontrako diskurtsoak zabaltzen: gazteak?
Gorroto diskurtsoen gorakadaz pentsatzerakoan lehenbizi gazteak etorri zitzaizkidan burura (irakaslea naiz), baina ez ote zaigun fokua azkarregi joan gazteengana. Katalunian egindako ikerketa baten berri emango dut hemen (Rebel·lies que no transformen / Jordi Bonet, Barbara Biglia eta Leon Freude). Ikerketak dio Kataluniako gazteen 10etik 4k baino ez dutela haien burua feministatzat, eta %57k uste du gizonak babesgabe daudela salaketa faltsuen aurrean. Horrelako titularretatik ondorioztatzen dugu gazteengandik badatorrela gorrotozko olatu bat; M8 jendetsu haietatik eta Me too garaitik gaur egungo mutil asko feminismoaren gurditik jaisten ari ote diren kezka. 
Zein ondorio atera du ikerketak, mutil zis asko elkarrizketatu ondoren: ez dutela bere burua feministatzat hartzen, baina aldi berean aurreko gizonak baino askoz berdinzaleagoak dira: eskubide eta aukera berdinak edukitzearen alde daude, berdin kobratzearen alde, ikasketak berdin egitearen alde, rol tradizionalarekiko halako atxikimendurik ez daukate. 'Sexismo modernoa' deitu diote ikerketan. Feminismoa arbuiatu, eta aldi berean, aurreko matxismoak sustatzen zituen balio batzuk ez dituzte bere egiten. TikToken eta Instagramen dabiltza. Influencerren, diskurtso seduzitzaileen eta algoritmo maskulinoen eraginpean daude eta bilatu gabe agertzen zaizkie mezu antifeministak. Kanal beretik mezu faxistak ere sartzen ari zaizkie. Azkar, etxe barruraino heltzen ari dira mezuak. 

"[Ikerketaren arabera] oraingo gazteek feminismoa arbuiatu, eta aldi berean, aurreko matxismoak sustatzen zituen balio batzuk ez dituzte bere egiten"

Irakurketa horien aurrean, kontuan hartzeko bi gauza azpimarratu dituzte artikuluan. Batetik, ezin dugu egin mugimendu feminista sortzen ari den antifeminismoaren erantzule. Kontuz mezu hauekin: jendea antifeminista da orain feminismoa urrutiegi joan delako, edo feminismoaren diskurtsoek jendea baztertzen dute. Bestetik, kontuz ibili errua gazteei egoztearekin. Zein eredu dituzte plataforma digitaletan? Zein erreferente publiko dituzte? Diskurtso antifeministak jasotzen ari dira. Zarautzen gizon batek emakume bat itota hil zuen. Eskolan gaia lantzen ari ginen, eta gazte batek: 'Baina hori ez da izan indarkeria matxista, drogarekin arazoak zeuzkan'. Gelako mutil jatorrena, diskurtso hori non entzun du? Helduengandik jaso du. Ikerlari katalanek diote eskolaren eta erakunde publikoen joera dela gazteei sermoia botatzea, M8 eta Azaroak 25... Gazteek esloganak buruz ikasi dituzte, baina autoritatea den horretatik datoz eta arbuioa eragiten die.

Diskurtso trans baztertzaileak
Feminismoaren izenean etorri dira. Aspalditik datoz eta hezkuntzan sartzen saiatzen ari dira sexu heziketan eragiteko. Bernedoko udalekuaren kontrako olatua mugimendu trans baztertzaileetatik etorri da eta batzuek ahotsa eman diote, tartean ETBk. Ez dut esango dena ondo egin denik udaleku horietan, eskolan ere ez, baina Bernedoren kontra egin denak gorroto diskurtsoak sustatzen ditu, eta ez bakarrik ez-bitartasunaren, transen, feminismoaren edo transfeminismoaren kontra, euskararen aurkako erasoa ere izan da. 

Bolleren aurka
Azpeitiko Astindu armayuek taldeko kidea naiz. Kaleko kartelak puskatzen dizkigute. Voxeko toreatzaile faxista bat zetorrelako kartelak egin genituen herriko hainbat eragileren artean eta talde guztien sinboloetan gurea zen puskatuta zegoen bakarra. Itxura batean ematen du gauza bat, baina gero egunerokoan beste gauza batzuk gertatzen dira: komunetan pintadak, guk egindako horma-pinturak gainetik margotuta... Gorrotoa sartuta dago.

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2026 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Diskriminazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...