Santa Ana lurmuturrean, nondik? Itsaso aldetik...

Lizar hostoek Loiako badiarantz irekitako leiho paregabe honetan itxarongo diogu ilunabarrari. Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

2026ko abuztuaren 4an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez da erraza gure kostaldean argi artifizialik gabeko tokiak aurkitzea. Industralizazioak lehen, eta turistifikazioak orain, gune urbanoak kolore askotako distirez josi dituzte. Baina pixka bat aldenduz gero itsas labarrek paraje zoragarriak erakutsiko dizkigute oraindik, gauean olatuen soinu erritmikoaz lagunduta. Toki horietako bat da Abadiako jauregia inguratzen duen parkea, Hendaian (Lapurdi). 

Santa Ana lurmuturraren parean dauden Dunbarriak alde batean, eta Aldagorria irla bestean, 65 hektareako parke zaindu honetan ez dugu galbiderik izango. Ibilbide zirkular polit bat dago diseinatua eta informazio guztia Astorosttipi parketxean emango digute. Gure proposamena da bidean aurrera egitea erlaitzeraino, orain basopean, orain zelai berdetsuetan barrena. Halako batean, basoan beherantz eginda lizar hostoek leiho moduko bat sortuko dute Loiako badia basatirantz. Marko paregabe horretatik itxarongo diogu ilunabarrari, flysharekin eta itsasoarekin bat egiten duen puntuan.  

Fitxa

Non: Hendaia (Lapurdi)

Ibilbidea: Abadia parkeko ibilbidea: zirkularra, seinaleztatua, 5 kilometro.

Webguneak:

- Hendaye-tourisme.fr/eu
- Chateau-abbadia.fr/eu
- Aranzadi.eus/astronomia

Ertz batean –udan gaudenez nahiko beheran– Hartz Handia ikusiko duzu, bere gurdi edo ontzi itxurarekin, kirtena alderantziz duela. Kanpoaldeko bi izarrek (Dubhe eta Merak) Iparrizarra edo Polaris bilatzen lagunduko digute: marraztu beraien artean lerro zuzen imaginario bat eta biderkatu bost aldiz distantzia goraka... Hortxe dago! Iparrizarra marinelek naturalki erabili izan duten iparrorratz moduko bat izan da mendetan, izenak dioen bezala Iparra non dagoen erakusten duelako, eta bere kokapena ez delako apenas aldatzen urte osoan zehar. 

Baina Hendaiako txoko honetara ez gara ifar garbiyen bila soilik etorri, badago beste motibo bat: ondoko jauregia dotorea, estilo neogotikokoa, Euskal Herriko lehenengo behatoki astronomiko izateko eraikiarazi zuen Anton Abadiak XIX. mendean. Barrura sartzen bagara –sarrera ordaindu behar da eta ordutegi mugatua du– jauregiaren ondoan eraikitako behatokian astronomiako garaiko instrumentu harrigarriak aurkituko ditugu, 1975. urtera arte erabiliak, tartean munduan bakarra omen den leiar meridianoa duen teleskopioa, mendebalderantz begira. Abadiak hainbat esperimentu egin zituen toki hartan, Larrun mendiari eta itsasoari begira.

Munduan bakarra omen den leiar meridianoa duen teleskopioa, Abadia jauregian. Abadia jauregia

Baina gaur egun duela mende eta erdi baino askoz gehiago dakigu eta Frantziako Zientzien Akademiak Izarren gaua urteroko ospakizunean irteerak antolatu ohi ditu jauregi inguruan. Bestalde, Aranzadi Zientzia Elkartearen Astronomia sailak hilero efemeride astronomikoak argitaratzen ditu, Jupiter edo Artizarra (Venus) planeten eta eguzkiaren posizioekin, edo kontuan hartzeko beste gertakari batzuekin. Adibidez, uztailean eta abuztuan Lurrak 45P/Honda-Mrkos-Pajdusakova kometak utzitako lorratza igaroko du eta Alfa Kaprikornida izar usoak ikusteko aukera izango da, urriak baina oso distiratsuak. Itsaso aldera begira jarri eta... ea baten bat harrapatzen duzuen! 

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2026 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...