“Zuhaitz eroriari orok egur”, dio euskal esamolde zahar batek, natur ondarea bizidun guztien ongarri dela adierazteko, Zuhaitzak eta arbolak liburutzarrean ondo ikasi dugun lez. Jakoba Errekondok, Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek argi utzi digute parean dugun ondarea eta paisaia ezinbestekoak direla gure kultura nor izateko. Baina sarritan, zaila egiten zaigu hori ikustea. “Zuhaitzek ez diezagutela basoa estali”, dio beste esaera ezagun batek.
Aktualitatearen zurrunbiloan, mainstream hedabideetatik izenburu handi eta ponpoxoak iristen zaizkigu etengabe, gertakarien alde morbosoena esplotatzen duten albisteak jasotzen ditugu mugikorrean, edo kaskezurra datu harrigarriekin zulatzen digute, uda honetako beroaldiarekin gertatu moduan: “Kantauri 25,2 gradutan, inoiz baino epelago!”, “Gaueko tenperatura ez da 30 gradutik jaitsi Zarautzen, sinestezina!”. Beroaldia klima aldaketaren errua dela esango digute, baina azaldu gabe klima zergatik ari den aldatzen, aitortu gabe gutxi batzuk aberastu eta gehienak pobrezian itotzen dituen sistemak nahita sortutako egiturazko biolentzia ere badela.
Kontsumo azkarreko eta testuingururik gabeko datu olde horren aurrean, ARGIAn, arazoen erroetara jo eta kazetaritza independentearen bidez, saiatzen gara munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari denaz informatzen. Palestinarren kontrako genozidioak hor jarraitzen duelako, egunkarien portadetatik aspaldi ezkutatu zuten arren. Euskararen aurkako oldarraldiaren atzean zeintzuk dauden eta zer dagoen jakin nahi dugulako, fokua zabalduta. Edo, asko errepidean ibiliko garen asteotan, turistifikazioaren ajeak ezagutu behar ditugulako, Turismoa. Desazkundera bidaia liburuan Asier Basurtok azpimarratu duen bezala, lurralde- eta bizitza-ereduari buruzko eztabaida politikoa baita hau.
“Informatzea kosta egiten da”, esan ohi du Le Monde Diplomatique egunkari ezkertiarrak; buruari eragin behar zaio, esfortzu bat eskatzen du irakurlearen eta kazetariaren partetik. Segidako orrialdeak dituzu eginahal horren erakusgarri. Badira hamar urte Aktualitatearen Gakoak aldizkari berezia kaleratzen hasi ginela urtean behin, interneteko egunerokoaren subordinaziotik pixka bat aldendu eta, erreportaje, elkarrizketa eta kronika sakonen bidez arnas luzeko hausnarketa eragiteko, baita udako erritmo aldaketa aprobetxatuta, kultur gomendioak zein eduki bereziak eskaintzeko ere, lizarren gerizpean edo pagoen abaroan irakurtzeko modukoak.
Gakoak 2026 honetan aukera izango duzu Euskal Herritik zein Kurdistandik datozen sortzaile eta militanteen ahotsak entzuteko; iraganeko borroka ekologista eta sozialetatik ikasteko; gaur egungo ekonomia sozialeko kontsumo proiektu interesgarriak ezagutzeko; gure artean zabaltzen ari diren gorroto diskurtsoak auzitan jartzeko; argazkien bidez euskal drag mugimendu berriarekin harritzeko; urubiaren atzetik edo izarrak ikusteko begiratokietan abentura gautarrak bizitzeko; edo besterik gabe, udako ipuin eder bat leitzen literaturaren plazeraz gozatzeko.
Esku artean duzun argitalpena ARGIAko milaka harpidedunengandik jasotzen dugun babesari esker landu dugu, eta paperezko orrialdeez egina dagoen arren, ideiak eta pentsamendua ongarritzeko orok erabil dezakeen basoko egur gozoa da. Mila esker, beraz!