Lau puntu kardinal, mila dir-dir zeruan

  • Gauaren iluntasunean izarrak ikusteko, urteko edozein sasoi da egokia, baina seguruenik udan egoten gara lasaien zerura begira, denbora astiroago igaro eta eguraldi ona etortzen denean. Euskal Herrian argi artifizialak sorturiko kutsadurak ez dizkigu aukera asko ematen, baina hala ere oraindik hamaika begiratoki daude astroen argiaz gozatzeko, batzuk horretarako prestatuak, beste batzuk naturalak. 

    Lau paraje proposatzen dizkizuegu jarraian, lau puntu kardinaletan kokatuak: Larra-Belagua ekialdean, Erribera hegoaldean, Izkiko Parke Naturala mendebaldean, eta Hendaiako Abadia gazteluaren inguru zoragarriak iparraldean. Denak balekoak –eta debaldekoak– galaxiak, konstelazioak eta, batek daki, akaso izar usoren bat atzemateko, arnasa lasai hartu eta haizeak hostoei ateratzen dien musika entzuten dugun bitartean. Segidan duzue lehenengo proposamena: Larra-Belagua, igogailu bat izarretara.

     

Esne Bidea Castildetierra Bardeako monumentu natural ezagunean. Starlight fundazioa

2026ko abuztuaren 14an - 08:00
Azken eguneraketa: 09:49
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ezinezkoa da zerutik gertuago egotea Euskal Herrian. Horregatik soilik, jada bada izarrak ikusteko –eta atzamarrekin ukitzeko– toki miresgarri bat Larra-Belagua. Gauden tokitik, Pirinioetako mendi maiteen itzalak ere antzematen dira ilunabarrak marrazten digun profilean: Txamantxoia edo Maze (1.941 m), Auñamendi (2.507 m), Hiru Erregeen Mahaia (2.421 m), Kartxela (1.982 m), Ezkaurre (2.047 m)... Belaguako Angel Oloron aterpetxea duela urte batzuk berritu eta ireki zuten berriz, eta gure txango gautarrerako abiapuntu ezin hobea izango da. 

Aterpetxera autoz iristeko, Izabatik (Nafarroa) aurrera egin behar da, Camille hartzak hain gogoko zuen Mazeko oihana aldamenean utzita. Lauzpabost bihurgune estu, nahi bada Juan Pito bentan parada egin, eta errepidea “igogailu” gisa erabilita iritsiko gara aparkalekura. Frontalekin egiteko, aterpetxe ondotik abiatzen den Zemetoko ibilbide zirkularra izan liteke egokia: laburra eta markatua (zuriz eta berdez), pinu beltzek eta pagoek zaindutako zelai karstikoetan barrena, Zemetoko begiratokiraino (1.357 m) eramango gaitu. Beste aukera bat eski nordikoko El Ferialeko estaziora igotzea da, eta animatzen denak, San Martingo harrian du azken solairua.

Belaguako Angel Oloron aterpetxean ikustaldi astronomikoak antolatu ohi dituzte maiz. Iruñeko Planetarioa

Hegoalderantz “zibilizazioaren” argi hori eta arreak ikusten diren arren, han behetik ahulegi iristen dira izarren erreinu honetara. Erronkaribarrek 2017an lortu zuen Starlight fundazioaren helmuga turistikoaren ziurtagiria –argi kutsadurarik gabeko zeruak izendatzen ditu mundu osoan barrena–, herri gutxi eta bilduak dituen eremua baita. Agian, LightPollutionMap.info webgunea ikusita hobeto ulertzen da esaten ari garena: Iruñea eta Paueko (Frantziako Estatua) gune urbanoetatik urrun, urdin sakon batek estaltzen ditu Nafarroako Pirinioak. Ziurtagiri hori emateko, gainera, fundazioak kontuan eduki du parajeotako ekosistemen aberastasuna.

Fitxa

Non: Izaba (Nafarroa)

Ibilbidea: Zemetoko ibilbidea: zirkularra, seinaleztatua,  4,2 kilometro.

Webguneak:

- Fundacionstarlight.org
- Pamplonetario.org/eu
- Refugiobelagua.es/eu

Kamerarekin abila denak Esne Bidea fotografiatu dezake hemendik, gu bizi garen galaxia. Urtero, otsailetik urrira, zentro galaktikoa zeruan ageriko zaigu ipar hemisferioko 42 latitudean –azarotik urtarrilera eguzkitik gertuegi dago–, eta uda partean nabarmenduko da hoberen Esne Bidearen “arku” osoa: 400 bilioi izarreko eta 14 mila milioi urteko komunitatea. Asko al da? Unibertsoaren izkina batean kokatua, txikienetakoa omen da.  

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2026 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Gakoak 2026 kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 13
Hiriko basabizitza
Urubien atzetik

2026ko abuztuaren 12
IRITZIA
Eklipsearen eklipsea

2026ko abuztuaren 11
IRITZIA
Udako malenkonia

2026ko abuztuaren 5
Editoriala
Orok egur

2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...