Izki Parke Naturalean, basoak eta nebulosak

Teleskopioa Behatokizkin, Korres herriko parketxean. Behatokizki

2026ko abuztuaren 4an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Arabako mendialdean, Euskal Herriko tokirik despopulatuenetakoan, Izkiko Parke Naturalak izarrak ikusteko aukera paregabea eskaintzen digu. Ez dago Gasteiztik oso urrun eta erraz iritsi gaitezke bertara, baina aldi berean, mendikateak egiten duen pantaila efektuak hirietako argi artifizialetik babesten gaitu, izan Gasteiz bera, edo Logroño edo Miranda de Ebro (Burgos). Toki pribilegiatua da: klima atlantiko eta mediterraneoaren artean, hodeirik gabeko gauak ohikoak dira kokapen horren ondorioz, eta baso naturalen artetik irteten diren begiratokiak baliatu ditzakegu zuhaitz adarren itzal ilunen gainetik orban zuriak ikusteko, norbaitek zeruan talko-hautsa bota izan balu bezala, nebulosak dira.

Maeztutik (Araba) irteten den A-4124 errepide bihurria hartuta Korres (Araba) herriraino iritsiko gara: Behatokizki izeneko urruneko behatoki astronomikoa aurkituko dugu. Parketxeko eraikinaren gainean paratutako bi kontainer zuritan sartuta, txikia izanagatik, gisa horretako bakarretakoa da Euskal Herrian, eta modulu bakoitzak izarrak kalitate handiz behatzeko aparatuak ditu: Iparrekoa zeregin zientifikorako, eta Hegokoa argazkitarako. Astronomiaren dibulgazioa egiten duen La Otra Mitad elkartearen proiektu batetik sortu zen behatokia 2017an, eta jarduera mordoa antolatzen dute bertan.

Fitxa

Non: Korres (Araba)

Ibilbidea: Haitzetako Andre Maria baseliza: joan etorrikoa, errepidea, kilometro bat.

Webguneak:

- Behatokizki.org
- Izkiparkea.eus
- Laotramitad.org

Hortik gertu, errepidean aurrera kilometro erdi bat eginda dagoen Haitzetako Andra Mariaren baseliza erromanikora ere joan gaitezke, oinez nahi bada. Izarrak beti ikusten dira ederrago inguruak eta ingurukoek laguntzen badute. Arabako Mendialdeko Kuadrillak badu bere mapa propioa eginda halako begiratokiekin: Iturrietako gaina, Santa Teodosiako ermita, Fresnedoko erreka-igerilekuak, eta gu gauden baseliza hau ere bai.

Pareko egurrezko eserlekuetan eroso jarri eta ea asmatzen dugun nebulosak antzematen. Errazena Oriongo nebulosa handiari erreparatzea izango da, begi bistaz ikusi baitaiteke, izen bereko konstelazioaren hegoaldean. Baina La Otra Mitad elkarteak esan bezala, “fauna kosmikoa” askoz anitzagoa da: badaude planetak, supernobak –leherketa jasan duten izarrak–, baita “ovniak eta espazio ontziak” ere (ez da broma). 

Espazio ontziak –identifikatuak zein identifikatu gabeak– izan daitezke sateliteak, nazioarteko geltokiak, espazioko txatarra edo zaborra... Gaur egun erraza dugu jakitea batzuk nondik pasako diren, nahikoa da Heavens-above.com atarira sartzea Starlink sateliteen norabidearen berri izateko. SpaceX konpainiak 10.000 satelitetik gora dauzka gure buruen gainean etengabe orbitatzen. Parke natural batean gaude, baina den-dena ez da naturala hemen ere, tamalez. 

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2026 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Gakoak 2026 kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 14
Izarrak ikusteko begiratokiak
Lau puntu kardinal, mila dir-dir zeruan

2026ko abuztuaren 13
Hiriko basabizitza
Urubien atzetik

2026ko abuztuaren 12
IRITZIA
Eklipsearen eklipsea

2026ko abuztuaren 11
IRITZIA
Udako malenkonia

2026ko abuztuaren 5
Editoriala
Orok egur

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...