72 urterekin eman zuen salto handia zinemagintzara Elena Urizek (1944, Iruñea) eta 71 urterekin Itziar Aizpuruk (1939, Getaria). Hala ere, biek izan zuten aitzin gustu bat aurretik. Urizek 40 urterekin, Tasio pelikulan parte hartu zuelako “kasualitatez”, eta Aizpuruk, 60 urterekin, Goenkale-ko Doloresen gorputzetik. Ohikoa ez den urrats hori partekatzen dutelako juntatu ditugu bi aktoreak. Juntatu, kontu-kontari hasi daitezela. Euskal zinemagintzaren mundua txikia zelakoan, kazetariak ez zuen irudikatu elkar ezagutuko ez zutenik. Baina ez da trabagarria izan. Lehen segundutik arina eta bizia izan da hitzen jarioa. Bai, gustura egon gara Urizen baratzeko hurritzaren itzalpetan.
Galiziatik sartu berri zaitugu, Itziar.Itziar Aizpuru. Oporretan ez naiz egon, e!
Elena Uriz. Lanean egon zara?
I. Aizpuru. Bai, pelikula bat grabatzen. Galegoz.
E. Uriz. Galegoz?
I. Aizpuru. Bai, baina ni erdaraz, galego doinuarekin pixka bat. Hemendik joandako bat nintzen han.
Zeozer jakin daiteke filmaz?
I. Aizpuru. Titulua esango dizuet, titulua bakarrikan. Vidas perras.
Elena, zu garai hauetan bazabiltza zeozer grabatzen?
E. Uriz. Hasiko naiz.
Pixka bat gehiago jakin daiteke?
E. Uriz. Pelikula bat badaukat uztaila osorako. Nafarroako Erriberan egongo gara. Pelikulak izena du El deseo de Mamá. Ni naiz Mamá.
Elkarrizketa hastera doala, zehaztu dezagun ez zenutela pertsonalki elkar ezagutzen.
E. Uriz. Nik ezagutu nuen El guardián invisiblen. Esaten nuen "ai ze paper polita! Nik egingo nuke gustura!".
I. Aizpuru. La tía Engrasi! Bai, oso paper polita zen. Oso polita.
E. Uriz. Ze polita! Hor banuen paper txiki-txiki bat.
Antzekotasunak ikusten nituen zuek bien artean eta hori izan da juntatzeko arrazoi nagusia. Antzekotasun horien artean bata zen...
I. Aizpuru. Zaharrak garela. [Irria]
Hori ere! Baina batez ere biek duzuela zinemagintzara sartzeko urratsa nahiko berandu eman. Zu, Elena, irakasle izan zara, eta zu, Itziar, liburu denda batean aritu zara lanean. Jubilatu beharrean, erabaki zenuten zinemaren mundura salto egitea.
E. Uriz. Ez da erabakia izan, bizitzak ekarri zidan eta nik baietz esan nion. Irakasle nintzenean, duela 42 urte, parte hartu nuen izen handiko pelikula batean, Tasio. Baina momentu batekoa izan zen, kasualitatea, eta gero jarraitu nuen irakasle. Bizitza honetan gehien gustatu zaidana bada irakaskuntza; disfrutatu egin dut eta ez nuen batere pentsatzen ez zineman ez deusetan. Baina badaude karanbola batzuk eta karanbola batean bide bat irekitzen bazait, jarraitzen dut.
“Irati eta Gaua pelikuletan talde ederra ginen. Baina ez da beti horrela, beste pelikula batzuetan gilipollasak
ikusi ditut”
Elena Uriz
Nola ireki zitzaizun bide hori?
E. Uriz. 60 urterekin hartu nuen errelebo kontratua deritzana, ikastolan segitzen nuen klaseak ematen, baina oso ordu guti egin behar nituen. Denbora libre asko baneukan eta Atarrabiako lagun batek eskatu zidan ea kantatzea gustuko nuen. Hortik abesbatza batean sartu nintzen eta hor bazegoen antzerkian ere bazebilen tipo bat. Behin erran zidan "Elena, antzeztuko dugu Bodas de sangre", eta hor sartu nintzen. Casting agentzia abiatu zuen tipo bat zegoen taldean eta abesbatzako eta antzerkiko guztiak bere datu basean sartu gintuen. Hola hasi nintzen. Bizitzara etorri zitzaidan.
Itziar, zuk, haatik, pixka bat gehiago probokatu zenuen. Telefonoa hartu eta ETBra deitu zenuen.
I. Aizpuru. Goenkale hasi zuten ETBn eta pentsatu nuen: "Goenkale... euskaraz... egingo nuke!". Telefonoa hartu eta deitu nien. Ez nekien zeinekin hitz egin behar nuen, eta esan nien: "Itziar Aizpuru naiz, 60 urte dauzkat eta nahiko nuke proba bat egin".
E. Uriz. Ai maja, ze ondo!
I. Aizpuru. "Momentuan ez dugu ezer, baina casting bat dagoenean deituko zaitugu" izan zen erantzuna. Deitu ninduten! Semeak esaten zidan "ama, 60 urterekin ez da castingik egiten" [irria]. Ez nekien non zegoen ETB, ez nekien non zegoen Miramon... Eman zidaten paper bat ikasteko, nire ustez oso ondo ikasi nuena, baina hasi eta gelditu nintzen en blanco, ez nintzen ezertaz akordatzen! "Beitu gidoia" esan zidaten, lasaitu nintzen, eta egin nuen castinga. Esan zidaten momentuan ez zutela nire adineko pertsonaiarikan eta zegoenean deituko nindutela. Handik astebetera-edo deitu zidaten probak egiteko. Horrela hasi nintzen Goenkalen. Andre gaizto-gaizto bat nintzen, Dolores. Hura bukatu zenean etorri zen Martin, zeharo alderantziz, komedia bat. Ederki pasa genuen. Hortik etorri ziren pelikulak, aurreneko film luzea izan zen 80 egunean. Oso polita, oso-oso polita. Mariasun Pagoagarekin oso ondo moldatu ginen eta oso ondo pasa genuen. Jolas bat bezala zen guretzat. Aurreneko pelikula izan zen, eta aurreneko aldiz ikusten nuela nire burua pantaila handian!
Txikitako Itziar eta Elena harrituko lirateke zuek hor pantaila handian ikustearekin?
I. Aizpuru. Gaztetan herriko antzerki talde batean hasi ginen. Dena guk egiten genuen, antzerkiak, makillatu... dena. Asko gustatzen zitzaidan hori egitea, baina ez nuen sekula pentsatuko pantaila handian egongo nintzenik.
E. Uriz. Anekdota bat. Nik Tasio egin nuen nire anaia batek lan egiten zuelako Montxo Armendárizen koinatu batekin. Tasioren amaren papera egiteko inor atzematen ez zuelakoan desesperatuta zegoen Montxo, eta nire anaiak etxera gonbidatu zuen, bertan nintzelako. Egunen batean ikastolatik iritsi eta hor zeuden Montxo Armendáriz eta Koldo Lasa. Pelikula bat egin nahi zutela kontatu zidaten eta begiratzen nindutela "da, da" [ematen du, ematen du] esaten zuten. Azaldu zidaten zertan zebiltzan. Nik erantzun nien: "Pelikula bat? Lanetik nator, hiru ume ditut eta etxean lan handirik egiten ez duen senar bat". Biharamunean berriro deitu ninduten eta nik ezetza. Berriro etorri zen, gidoia esku artean eta eskatu zidan, otoi irakurri gabe ez emateko ezetzik. Insistitu zuen. Orain ez luke insistitu beharko, baietz esango nioke lehen momentutik. Baina garai horretan hori nire mundutik erabat kanpo zen.
I. Aizpuru. Nik ezetzik ez nion esango inoiz. Edozeri, beti baietz. Corto [film labur] bati ere, corto-ak egin ditut pila bat.
E. Uriz. Nik ere corto-ak egin ditut, eta gustura. Nire adineko lagunei esaten diet: "Zuk ez dakizu ze pribilegiatua sentitzen naizen inguruan dauden gazte horiek ezagutzen ditudalako!". Dena dela, zer egingo genuke zuk eta biok sofa batean?
I. Aizpuru. Nik telebista ikusi.
E. Uriz. Uf! Ez dut ikusten.
I. Aizpuru. Nik gordeak dauzkat telesailak. Uf, enganchada [harrapatuta]!
E. Uriz. On bat ezagutzen baduzu esaidazu, zeren telebista piztu eta lokartu egiten naiz. Atzo, begira ze tenperatura geneukan, balkoira atera eta irakurtzen egon nintzen hamabiak arte. Gustura!
I. Aizpuru. Ni ere askotan lokartu egiten naiz, baina telesailak gustura begiratzen ditut. Entretenitu egiten naute.
E. Uriz. Querer telesaila gustatu zitzaidan asko. Ze ona.
I. Aizpuru. Nik hor egiten dut amaren papera, gizonaren ama.
E. Uriz. Non?
I. Aizpuru. Querer-en. Zera txiki bat zen, bi edo hiru sekuentzia ziren.
E. Uriz. Me cago en Dios.
I. Aizpuru. Ba bai, hor nago.
E. Uriz. Berriro begiratuko dut.
Horrela zabiltzate beraz, lanean, erretiroan lasai-lasai egon beharrean.
E. Uriz. Kendu "lasai-lasai egon" hori eta jarri "lanean gustura egon".
I. Aizpuru. Horixe.
E. Uriz. Gustura bagaude zergatik aldatu?
I. Aizpuru. Ez da sakrifizio bat. Alderantziz.
E. Uriz. Hori da. Gozamena da.
I. Aizpuru. Orain deituko nindukete eta joango nintzateke. Pelikula baterako deitu ninduten eta lagun batek galdetu zidan zer moduz joan zen. Nik ondo, paper polita zela. "Zuretako paper guztiak dira politak , Itziar!" erantzun zidan. Baina hala da! Nik ez nioke esango ezetz inongo pertsonaiari. Denei aurkitzen diet zeozer gustukoa. Egin behar duzuna da pertsonaiaren barruan sartu segituan.
Eta nola egiten da hori?
I. Aizpuru. Hori oso zaila da esplikatzeko.
E. Uriz. Askotan esaten dut ez dudala meriturik, ez zaidalako kostatzen pertsonaian sartzea. Orain eman didate paper bat, amona batena. Komedia beltza da eta pertsonaia nahiko makarra da. Gidoia irakurtzerakoan makarra sentitzen naiz! [irria]
I. Aizpuru. Hala da. Ni ere segituan sartzen naiz pertsonaian. Ikasteko erraztasunak ere asko egiten du.
E. Uriz. Nik ez dut memoria ona eta lantzen dut pila bat. Grabatzen dut dena, eta igual albondigak egiterakoan, kaskoekin entzuten egongo naiz.
I. Aizpuru. Kaskoekin egon nintzen Galizian, bai, azentua hartzeko pixka bat. Baina bestela ez. Alderantziz, niri esan zuen izenak zein diren eta ez naiz akordatuko. Hori gauza!
E. Uriz. Nik azentuak hartzen ditut azkar. Lagun batekin egin genuen bidaia bat Islandiara. Uf, gozada bat! Bi kanariar eta sei galiziar ginen, eta itzultzerakoan ahizpak esaten zuen zazpi galiziar eta bi kanariar ginela! Beraien azentua hartuta neukan.
Zein da abentura horretan gehien gustatzen zaizuena?
E. Uriz. Teknikari horri begira nabil, soinuarekin dabilen horri, eta argiarekin dagoen beste hari. Ni banago erdian, aho zabalik begira. Ez dago aspertzerik. Eta emaitza ondo ateratzen bada, oso ondo.
I. Aizpuru. Ikusten dituzu hainbeste jende! Pantailaren atzean ekipoa ikaragarria da.
E. Uriz. Gainera guztientzako zara amona! [Irria] Primeran tratatzen gaituzte!
I. Aizpuru. La reina madre.
E. Uriz. Klaro!
I. Aizpuru. Edonora joan eta beti atzetik sillarekin... Laga hori hor bakean, joango naizela! [irria]. Ez, ez, primeran tratatzen gaituzte.
E. Uriz. Baina pelikula batetik bestera ere alde handia dago. Nik beti kontatzen dut Paul Urkijok Irati eta Gaua pelikulekin lortu duten ekipoa badela ekipo sendoa. Ekipoa, esan nahi dut aktoreak, kamerarekin doana errailean eta ez dakit zein gehiago. Elkarlan bat sortzen du eta denak gara hein berean. Filmaketa eguna bukatu ondoren denak joaten ginen elkarrekin afaltzera. Talde ederra ginen. Baina ez da beti horrela eta beste pelikula batzuetan gilipollasak [astakirtenak] ere ikusi ditut.
I. Aizpuru. Bai, e? Nik suertea eduki dut, beti juntatu naiz oso ekipo onarekin. Jende jatorra, jende ona. Oso ondo zainduta sentitu naiz. Klaro, pentsatuko dute "amona zahar hau erorita ze egingo dugu!" [irria].
E. Uriz. Pelikula batean egon nintzen zortzi egun hemen, Pirinio aldean, eta beste hainbeste Madrilen. Hor zegoen aktore batek oraindik ez dit esan "kaixo". Gilipollas, e!
I. Aizpuru. Bai. Azken honetan bazegoen bat famosoa. Bueno famosoa, baina gu baino gehiago ez, e! [irria]. Lanean ari ginen elkarrekin, baina behin ere ez dugu hitz egin eta azken egunean, despeditzerakoan, ez nuen ikusi. Zergatik? Hori da ulertzen ez dudana. Inor ez da inor baino gehiago eta inor ez da inor baino gutxiago.
E. Uriz. Hala da. Nik esperientzia itsusi bat ukan nuen, Wes Andersonen pelikula batean. Parte txiki-txiki bat izan nuen. Mundu amerikanoa da hori, eta hor zeuden artista super famatuak... Scarlett Johansson, Tom Hanks... Sekuentzia bukatzen zenean tipo bat agertzen zitzaidan esateko "Elena, hemendik pasa, ez begira eta ez hitz egin Tomi".
I. Aizpuru. Eta hori?
E. Uriz. Kategoriak! Pixa egitera joan behar genuen leku desberdin batera, bazkaltzera ere. Hori da mundu amerikanoa.
Zinemagintzara sartu aitzin, zinemak bazuen lekua zuen bizitzan?
I. Aizpuru. Ez zuen lekurik. Gaztetan bai, zinemara joaten ginen, baina gero ez.
E. Uriz. Ez. Garai horietan ze gogor lan egin dugun emakumeok! Etxetik eta etxetik kanpo! Ikastola, lana, hiru seme eta etxeko martxa ere nik eraman behar izan nuen. Zinemara joateko denborarik ez nuen. Orain bai.
I. Aizpuru. Nik orain ere ez. Pereza ematen dit etxetik irtetzeak, denak pereza ematen dit.
“Nik ez nioke esango ezetz inongo pertsonaiari. Denei aurkitzen diet zeozer gustukoa. Egin behar dena da segituan pertsonaiaren barruan sartu”
Itziar Aizpuru
E. Uriz. Nik gozatzen dut pantaila handia.
Hainbeste lan eta gero, emaitza deskubritzeko unea heltzen denean, nola sentitzen zarete?
I. Aizpuru. Ni egoten naiz "hau gaizki egin dut" eta "hura gaizki egin dut", "hura hala egin banu" eta "hori hola egin banu". Nire burua pantaila handian ikustea ez zait batere gustatzen, gaizki pasatzen dut.
E. Uriz. Ni hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka, El guardián invisible izan zen hitz egiten nuen lehenengo pelikula. Batzuekin sentitu naiz besteekin baino hobeto. Adibidez, Akelarre egin nuenean oso gustura sentitu nintzen, eta horretan jada pixka bat gehiago hitz egiten nuen. Mundu hori hor ezagutu nuen, famatuak egin diren gazteak hor ziren, Jone Lastiur, Yune Nogueiras, Garazi Urkola... Topaketa hori polita izan zen. Gozatu dut asko Irati pelikulako paperarekin ere, Luxa. Izan zen niretzat caramelico [goxokitxoa]. Bai, gustura joaten naiz nire burua ikustera.
I. Aizpuru. Bai, e? Ni ez. Gainera oso kritikoa naiz.
E. Uriz. Perfekzionista?
I. Aizpuru. Bai, igual gehiegi. Anekdota txiki bat, sekuentzia oso gogor batekin. Ez nintzenez gustura gelditu, filmaketa gelditu nuen, "gelditu, gelditu!". "Ondo atera da" esaten zidaten eta nik "ez, ez da ondo atera, nik ez dudalako ondo sentitu". Norberak ikusten du noiz doan ondo eta noiz ez. Barkamena eskatu nien, gero.
Edozein pertsonaia edota emozio egin dezakezue?
E. Uriz. Uste dut edozein egin dezakedala.
I. Aizpuru. Nik ere bai. Gidoi bat hartu eta segituan sartzen naiz pertsonaian. Irakurtzen ari naizela, ia banaiz pertsonaia.
Zuen filmografiari dagokionez, zein duzue zuen pertsonaia kuttuna?
I. Aizpuru. Nik 80 egunean-ekoa, aurrenekoa delako agian? Baina hain da pertsonaia polita! Bestela ere, oso gustura egin nuen la tía Engrasi, El guardián invisiblen. Baina bakarra aukeratzekotan 80 egunean-eko Axun.
E. Uriz. Nik Tasioren ama. Hori izan zen beste mundu batera sartzearena. Tasio pelikula gustatzen zait izugarri. Luxa Iratin, hori ere bada ene kuttuna.
Adinean gora zareten bi emakume aktibo zarete. Nolakoa ikusten duzue jendarteak pertsona zaharrei bideratu begirada?
I. Aizpuru. Gure lanean pertsonaiak dira, ez da nor zaharrago edo nor gazteago. Ez da 80 urteko pertsonaia, ez, pertsonaia amona da edo ama edo beste zeozer. Nik dudan sentsazioa da ondo hartzen nautela, kariñoarekin.
E. Uriz. Zu pertsonalki bai, eta ni ere kariñoarekin hartzen naute. Baina, oro har, zaharrok nola hartuak gara? Behin El baile de los años sorkuntzan parte hartu nuen. Jeniala izan zen eta asko ikasi nuen. Donostiako talde bat zen, eta bazeuden 20 urte baino gutiagoko hiru pertsona, 40 urte inguruko lau pertsona profesional dantzan eta bederatzi aitona-amona, horien artean ni neu. Dantza librea edo koregrafiatua egin genuen, Aretha Franklindik Mozartera. Behin entseguan geundela, arte eszenikoa ikasten zebiltzan batzuk etorri ziren ikustera eta beraien oharrek ireki zizkidaten begiak. Kontatu ziguten gutan ikusten zutela beraien aitona-amonetan ikusten ez zutena. Beraien galdera zen: nola liteke zuen adinarekin hemen egotea dantzan? Beraientzat bicho raro batzuk ginen. Zaharra naiz, eta gainera niri gustatzen zait zaharra naizela esatea, baina proiektuak ditudan bitartean eta estimulatuta nagoen bitartean bizirik naiz. Gazteek ez dute pentsatu behar urte batzuk ditugulako gure bizitza beteta dugula. Ez, nirea ez dago beteta. Hori praktikara ere eramaten dut. Hiru seme ditut, bilobak ere baditut eta igual batek deitzen nau zeozer eskatzeko. Baina ni Arantxarekin geratua banaiz kafea hartzeko, Arantxarekin geratuko naiz kafea hartzen. Nire bizitza da. Jende gazteak ikusten gaituenean esango du "olé tus cojones" ["aupa zure arrautzak"] eta hori bizirik gaudelako eta ilusioa dugulako. Eta pelikulak badatoz, que vengan! que vengan [datozela, datozela]! [irria]
I. Aizpuru. Hemen gaudela! [irria].
E. Uriz. Eskertuta nago ere osasuna dudalako, eta zuk ere osasuna duzulako. Mentala eta fisikoa badugu.
E Uriz. Fisikoa, zuk ni baino gehiago. [irria]
"Orain makilarekin ibiltzen naiz, baina joan banaiteke, joango naiz; makila niri laguntzeko dago. Hori eduki edo ez, berdin-berdin joango naiz". Hori zuk errandakoa da, Itziar.
E. Uriz. Klaro, klaro.
I. Aizpuru. Niretzako ez da trabagarri makilarekin ibiltzea. Gainera makilak ematen dizu halako gauza bat...
E. Uriz. Laguntza. Laguna da.
I. Aizpuru. Nik beharrezkoa dut.
Itziar, 80 egunean aipatu duzu hastapenean.
I. Aizpuru. Oso garrantzitsua izan da niretzat. Esan bezala, oso-oso ondo pasa genuen, oso oroitzapen ona daukat. Eta Jon [Garaño] eta Jose Marirekin [Goenaga] ere oso ondo. Horiek gure mutilak ziren, gure semeak [irriak].
2010ekoa da. Iruditegi hegemonikoan ere eragin zuen pelikulak.
I. Aizpuru. Nahiko ausartak izan ziren istorio hori ateratzeko. Gainera bi nobatekin [hasiberriekin]! Istorioan, bata baserrian bizi zen, eta bestea Parisen-eta ibilitakoa zen eta hura zen lesbiana. Ni baserrian bizi nintzen, nire senarrarentzako bazkariak egiten nituen eta astean behin herrira jaisten ginen. Oso bizitza desberdina egiten genuen, baina berari esker, nire burua pixka bat...
E. Uriz. Aurkitu zenuen bisexuala zinela.
I. Aizpuru. Bai. Gauza asko normalak ziren niretzako, baina besteak beste era batera egiten zituen. Ona zen! Emakumezkoen interpretazio onenaren saria eman ziguten eta beste sari batzuk ere badauzkagu.
E. Uriz. Ze ongi.
I. Aizpuru. Han dauzkat etxean.
E. Uriz. Ze poza, ez?
I. Aizpuru. Bai, bai.
Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas ikusita duzue?
I. Aizpuru. Oraindik ez. Gauza txiki bat badaukat pelikula horretan.
E. Uriz. Nik bi aldiz.
I. Aizpuru. Eta?
E. Uriz. Asko gustatu zitzaidan.
“Nire adineko lagunei esaten diet: ‘Zuk ez dakizu ze pribilegiatua sentitzen naizen inguruan dauden gazte horiek ezagutzen ditudalako’”
Elena Uriz
Honetan ere adineko pertsona bat da protagonista. Zinemagintzan zaharrek duten lekuaz zer diozue? Zaharraren zer nolako iruditegi bideratzen du zinemagintzak?
I. Aizpuru. Ez dakit esaten, zeren denetarik dago. Begira 80 egunean, adinekoa naiz, baina ez naiz amona baten paperean. Paper batzuk izan daitezke etxeko amonarena, baina etxeko gorabehera denak berak eramaten dituen amonarena. La jefa edo etxeko nagusia izan daiteke, baina izan daiteke ere alzheimerrarekin galduta dagoena. Beste batzuetan amona izan beharrean ahizpa edo izeko izango da, hau da, amona eta zaharra izango dena, baina, amonarena ez den beste paper bat izango duena.
E. Uriz. Esango nuke zaharrok dugun lekua gehienetan bigarren planoan geratzen dela, protagonismoa gazteen eskuetan baitago. Hala ere, azken aldietan pelikula askotan agureak agertzen dira protagonista moduan, alzheimerra izateagatik adibidez. Haiek edota haien zaintzaileak ageri dira. Gizartea zahartzen ari da eta horrek dakar gisa horretako gaixotasunak eta horiek dakarten zaintza lehen planora pasatzen direla askotan. Eta normala denez, hori pelikuletan islatzen da. Baina horrez gain, esango nuke orain arte geneukan amonaren figura ohikoak bere zentzua galdu duela. Etxe honetan bizi ginen aitona, amona, aita, ama eta umeak. Baina, gaur egun zenbat etxetan bizi da amona besteekin batera? Gaur egun, ez da horrela. Batzuetan elkartzen gara, igual astero. Atzo bertan hartu genuen aperitiboa eguerdian. Baina hori ez da elkarrekin bizitzea.
I. Aizpuru. Gehienak daude baserritan, baina kale-etxeetan ez. Oso haur guti bizi da beraien aitona-amonarekin. Aitona-amonek umeak zaintzen dituzte, baina horiek hazten direnean, orduan, erresidentziara. Hala da.
Nolakoa ikusten duzue gaur egungo euskal zinemagintza?
I. Aizpuru. Lan asko ari da egiten.
E. Uriz. Iaz izandako pelikulak! Ea nork pentsatu behar zuen ospe handiko bost pelikula izango genituela! Oso ongi doa euskal zinemagintza.
I. Aizpuru. Ikusita guk zer-nolako ibilbidea daukagun! Euskaraz, gazteleraz... [irria]
E.Uriz. Galegoz! [irria]. Nik katalanez bukatuko dut. Izango da erdaraz egingo dudan lehenengo pelikula. Jodidos [izorratuak]! Beti hikaz eta bizkaieraz, bestela! [irria]
I. Aizpuru. Nik orain proiektu bat badaukat bizkaitarrez. Hor ibiltzen naiz euskararekin... nirea etxekoa delako, kalekoa. Orduan ez zegoen ikastolarik.
E. Uriz. Suertea! Ene ama hizkuntza castellano puro [gaztelera garbia]. Ni hasi nintzen 34 urterekin euskara ikasten, semeak ikastolatik etortzen zirenean laguntza pixka bat emateko: "Zer egin duzue?", "etorri eta garbitu eskuak"... Zuk, ordea, jaiotzetik duzu.
I. Aizpuru. Baina eskolan, denak erdaraz.
Eta emakumeen lekua euskal zinemagintzan nolakoa ikusten duzue?
E. Uriz. Ez dakit esaten.
I. Aizpuru. Nik ez dut uste hor badagoenik emakumeen eta giza semeen artean aldea. Ez zait iduritzen. Baina nik ere ez dakit esaten.
Bukatzeko, baduzue jokatu gabeko pertsonaia bat gustura egingo zenuketena?
E. Uriz. La tía Engrasi!
I. Aizpuru. Dena egiten duen pertsonaia bat nahi dut nik: negar, barre, gaiztoa dena! Horiek dira onak: barrutikan irten behar duten pertsonaia zail horiek. Pertsonaia zoroenak egingo nituzke!
E. Uriz. Nik makarrak!
I. Aizpuru. Baita ere.