
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Itzulpena: Edurne Lazkano Ibarbia
Erein eta Igela, 2023
324 orrialde
Fatima neskatoa familiaren haremean bizi da, Fezen (Maroko), 1940-50 artean. Irakurleak haren begietatik ezagutuko du harema eta egunerokoan han gertatzen dena. Patriarkatuaren arau zorrotzek agintzen dute eta bertako emakumeen bizitzak erabat kamustuta daude. Haremari kartzela deitzen dio liburuaren egileak. Fatima txikiak emakumeen aurkako zapalkuntza bizi eta sentituko du. Era berean, askatasun egarri diren ama, izeba eta lehengusu borrokalarien ondoan arnasberritzea bilatuko du. Islamiar literatura feministaren adibidetzat hartua da liburu zoragarri hau.
Onintza Irureta Azkune
*****

Garondoan
Gorka Bereziartua
Alberdania, 2026
314 orrialde
Ez da 2000ko hamarkadan gazte euskaldun zirenen erretratu bat, baina bada isla oso espezifiko eta ukigarri bat, baita hura bizi izan ez genuenontzat ere. Gaurko egunetik, oroitzapenetatik dago kontatuta istorioa. “Horixe kontatuko nion”. Edo beharbada ez; memoria ere aldatu egiten baita. Irakurgai bizia ondu du Gorka Bereziartuak bere estreinako eleberrian, aise landua duen ahots propioarekin, eta ohi duen gisan, erreferentziekin ondo josita.
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
*****
Martxoak 3. Greba, sarraskia, memoria
Jon Martínez Larrea
Txalaparta, 2026
174 orrialde
Aurten 50 urte bete dira 1976ko Gasteizko greba mugimendutik. Batzuek borroka haren memoria mugatu nahi dute Polizia frankistak Martxoak 3an buruturiko sarraskira; ez da liburu honen kasua. Martínez Larrea historialariak Gasteizko greben ikuspegi osatua ematen du: hastapenak, antolaketa eredua eta kontzientziazio prozesua, emakumeen bultzada, boterearen estrategiak, sarraskia eta sarraski ostea, lorpenak eta galerak... Hori dena formatu labur eta irakurterrazean.
Zigor Olabarria Oleaga
*****

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Elkar, 2025
James Bonden pelikula bat ikusten ariko bagina bezala irakurtzeko liburua da, baina diferentzia batekin: protagonistak eta kontatzen direnak egiazkoak dira. 1937an, gerrako presoei lagundu eta Eusko Jaurlaritzari informazioa pasatzeko sarea sortu zuten Emakume Abertzale Batzan zebiltzan hainbat emakumek. Agirrek eszena batetik bestera garamatza, narrazioari thriller baten tentsioa emateko. Badakigu Alava sarea deiturikoaren amaiera zein izan zen, ederki dokumentatu da egilea, baina den-dena ez dakigu, eta horrekin ere jolastu du intrigazko nobela honetan.
Urko Apaolaza Avila
*****

Bihotzean napalma
Pol Guasch
Itzulpena: Ibai Sarasua
Txalaparta, 2026
248 orrialde
Etorkizun distopiko batean, katastrofe osteko mundu bat ageri da Pol Guaschen lehen nobelan; mundu bat zeinetan biziraupena bihurtu den bizitza, militarren boten soinupean. Hizkuntzak, nazioak eta klaseak gurutzatzen duten munduan, bi gizonezkoren arteko maitasun istorioa ere ageriko da, korrontearen aurka borrokan.
Maria Ortega Zubiate
*****

Odol guztiak burdin gustua du
Gregorio Muro (gidoia) eta Carlos Varela (marrazkiak)
Harriet, 2026
112 orrialde
Zuri-beltzean
1898. Gallartako meatze herritik hurbil, neskato baten gorpua
agertu da ikatz-zaku baten barruan… Fikziozko istorio poliziakoa, benetako iragan historiko eta geografikoan
kokatua. Gallarta, Portugalete, Barakaldo, Bilbo, San Mames, Arriaga, meategiak, labe garaiak, sua, ikatza, beltza. “Gizajo hauek lan bila etorri dira honaino, bizi ahal izateko! Ez datoz bertan hiltzera!”. Harrapatu gaitu gidoiak, eta harrapatu –nola, gainera– ñabarduraz josiriko Varelaren marrazki zoragarriek.
Jon Torner Zabala
*****

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Txalaparta, 2025
269 orrialde
Geroa irudikatzeko gaitasunak orainaldian zer nolako eragina du? Frackingaren ondorioz uharte bilakatutako Euskal Herria, euskaldun elebakartasuna aldarrikatzen duen korrontearen arrakasta, euskal filologoen hilketa misteriotsuak, literaturaren eta feminismoaren bidez askatutako herria, euskaldunen aurka eskuin muturreko gaztelarrek eginiko genozidioa, klima larrialdiak tropikalizatutako herria, Elkanoren gutun anti-inperialista sekretua... Irudimena tonaka, etorkizunean kokatutako hamar ipuinek osatzen duten koktel honetan.
Lander Arbelaitz Mitxelena