Ipuina: ‘Hondartza’

Paula Estevez

2026ko abuztuaren 4an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

I
 

    Ume hura aurrez aurre begira zuela konturatu zenean pentsatu zuen lehenengo gauza izan zen gaixotasunen bat izango zuela. Handiegia zuen burua bere gorputzaren proportziorako, ilea rapatua eta urdin-urdinak begiak; nazien pelikuletan ikusi ohi zituen holokaustoko ume horietako bat zirudien.

    Horixe zen, beraz, falta zitzaiona: uda bete-betean egoera hartan egotea nahikoa ez eta orain aldameneko partzelatik bere erridikulutasuna gogoraraziko zion ume bat jasan beharra. Hotel batera joan zitekeen, umerik eta bereziki maskotarik onartzen ez dituzten horietako batera, eguna hondartzan pasatu (Ainararekin egingo zuen bezala), lasai egon gutxienez, eta ez zukeen askoz gehiago ere ordainduko gainera. Posturaz aldatu eta eskuineko oinaren gainean bermatua zuen izotz poltsa egokitu zuen. Ez: hirumilakoak egin behar zituen bat-batean, eskalada probatu eta arroilak jaitsi; dena oso estimulantea eta erronkaz betea, lagunek bera konbentzitze aldera behin eta berriz errepikatu zioten bezala. Eta asmoa, izatez, ez zen txarra; inork ezin zezakeen aurreikusi lehenengo txangoan Anayetetik jaisten orkatila bihurritzearena.

    Liburuan kontzentratzen saiatu zen, baina umea eskuarekin keinuka zeukala nabaritu zuen begiertzetik. Betaurrekoen gainetik itzuli zion begirada, eta keinu sotil bat egin zion bekainekin umeak bere burua agurtutzat emango zuelakoan, baina hark begiradari eusten zion.

    “Hola”.

    Liburua utzi eta arreta handiagoz begiratu zion. Irribarre inozotxo bat zuen aurpegian.

    “Apa”, erantzun zion. “Bakarrik zaude? Zeozer behar duzu?”.

    Ohi bezala, umeekin naturaltasunez hitz egiteko zailtasuna sentitzen hasi zen. Umea isilik gelditu zen, deserosotasuna igarri balio bezala.

    “Badakizu non dagoen hondartza?”.

    Jonek bekokia zimurtu eta umeak arazo kognitiboren bat eduki zezakeelako intuizioa berretsi zuen.
“Badakizu edo ez?”, insistitu zuen umeak. Zabal-zabal begiak, neutroa ahotsa, postura estatikoa.

    “Ze hondartza?”, galdetu zuen Jonek; zer egingo zuen bestela.

    “Baina zertan zabiltza? Ez dakizu lasai egoten jendea molestatu gabe?”, salbatu zuen ahotsak. Emakume gazte bat atera zen atzeko kapin-dendatik. Mendiko arropak jantzita zetorren, aurpegia eguzkitako kremaz zipriztinduta. “Zenbat aldiz errepikatu behar dizkizut gauzak?”, egin zion errieta neba behar zuenari, eta irribarre lotsatu bat eskaini zion Joni, umearen inpertientzien ondoriozko barkamen-eske moduko bat.

    “Lasai. Berdin du”, erantzun zuen Jonek, eta berak ere laster krema eman beharko zukeela pentsatu zuen. 11:00ak izango ziren laster. Eguzkiak gogor joko zuen gaur ere. Egun osoa zuen aurretik: egun oso bat bere buruaz gehiegi ez errukitzen saiatzeko.

 

Ilustrazioaren egilea: Paula Estevez

II

 

    Hobetotxo zuen orkatila, osorik apoia zezakeen lurrean eroso ibilitzeko gai izan ez arren. Lagunek egunak gozatzen jarraitzen zuten; zerua urdina zen berriro, eta familia oldeak ikusten zituen aurretik pasatzen igerilekurantz.

    “Heltzen denean peoia topera, bihurtzen da erregina”, azaldu zuen umeak, pieza trukaketa egin bitartean.

    “Ez zait joku hau gustatzen. Meritokrazia bultzatzen du”, erantzun zuen Jonek, kasik bere baitarako.

    “Ez dakit hori zer den. Baina peoia ja ezin da izan peoia, beste zerbait izan behar da”.

    “Eta ez badu nahi?”, zirikatu zuen Jonek.

    Umeak sorbaldak goratu zituen, ezin ulertuta.

    “Barkatu galdetzea, ume, baina non daude zure gurasoak?”.

    “Aita gauez etortzen da. Ni Luciarekin egoten naiz”.

    Jonek begirada altxa zuen tablerotik, baina gehiago ez galdetzea erabaki zuen.

    “Seguru ez zaizula inporta?”. Eguzkitako betaurreko handi batzuk jantzita egin zuen agerpena Luciak, kutsu mesfidati batekin ahotsean, baina aldi berean arindurik Jonek berari zegozkion zaintzaile lanak egingo zituelako. “Gaur eta bihar bakarrik. Ezin diet ezetz esan”, desenkusatu zen. “Edozer behar baduzu idatzi Instagrametik. Mila esker berriro, benetan”.

    “Lasai. Egia esan, ez daukat egiteko ezer”, erantzun zion Jonek, soil, eta esaldia bukatu orduko ikusi zuen urruntzen kanpingaren irteerarantz, presati.

    “Bueno, jokoarena alde batera utzita….”, saiatu zen Jon haria berrartzen. Bigarren eguna zen umea ikusten zuela, eta kondenatua zegoenez haur arraro harekin denbora pasatu behar izatera, berdinetik berdinera hitz egingo ziola erabaki zuen: klasekide bati, psikologoari edo tesiko tutoreari hitz egingo liokeen bezala.

    “Ba hori, bera ni baino bi pauso aurrerago zegoela. Nik ezin dut hipoteka baterako sarrera bat ere ordaindu oraindik”, dorrea erdigunera ekarri eta erregea babesgabe utzi zuen. “Zuk aita aurpegia ikusten didazu?”.

    Umeak sorbaldak goratu zituen: “Ikusten dizut pixka bat triste aurpegia”.

    “Ez nago triste. Nekatuta nago. Eta ideiak pixka bat ordenatu behar ditut. Besterik ez”, erantzun zion, eskuak buruaren atzera eramanda eta gorputza aulkian hondoratuz.

    “Nahi baduzu atera ahal zara nire arrebarekin”, esan zuen umeak, lehor. Alfila mugitu eta Jonen erregearen posizioa mehatxatu zuen. Jonek bekainak goratu zituen.

    “Eskertzen dizut eskaintza, baina gauzek ez dute horrela funtzionatzen”, erantzun zion, irribarre samurrez, aurreko partzelan palekin jolasten zebiltzan bi gazteri begira.

    Sargori egiten zuen, eta Jon biseraren azpitik begiratuz saiatzen zen umearen erreakzioei neurria hartzen: haren esaldi soilen pisuari, haren erreakzio kontenituei eta haren begirada sarkorrari.

    “Ez duzu denbora gehiegitxo pasatzen bakarrik zure adinerako?”, ekin zion Jonek ostera ere. “Ez daukazu lagunik, ala?”.

    Umeak sorbaldak goratuz erantzun zion berriro, eta begirada xake-taulatik aldendu gabe, alfilak babesturiko erregina berria taularen bukaerara eraman zuen.

    “Xake-mate. Galdu duzu”.

    Jonek taulari erreparatu zion, ardura handiegirik gabe. Aulkitik altxa eta zerbeza-lata bat atera zuen hozkailutik. Lainotzen ari zen eta ekaitzak zeuden iragarrita iluntzerako; erlojua begiratu eta kalkulatu zuen aurki itzuli beharko zutela lagunek. Zerbezari trago sakon bat eman eta zerura begira gelditu zen, mendi gailurrak estaltzen zituzten lainoek hartuko zuten norabidea irudikatu nahiko balu bezala.

    “Ez daukat lagun askorik”.

    Gorputza biratu eta umeari begiratu zion. Leku eta postura berean zegoen, esaldiaren osteko inolako gorputz adierazpenik gabe. Harengana hurbildu eta aulkian eseri zen berriro.

    “Ba eduki beharko zenituzke”.

    Isilik gelditu ziren, eta Jon umearen begi urdinen pisuari eusten saiatu zen. Orduantxe sentitu zuen besoan lehen tanta.

    “Euria”, esan zuen besoa alde batera luzatu eta eskua irekita. “Datorren udan hondartzara joango naiz zure arrebarekin, ume. Zu ere etorri ahal zara nahi baduzu”.

    “Hondartzara?”, goratu zuen ahotsa umeak. Eta haren begi urdinetan distira iragankor bat antzeman zuen Jonek, tximistaren argitasun moduko bat, euri tantak besoan multiplikatzen sentitu zituen momentuan.

Ilustrazioaren egilea: Paula Estevez

 

III
 

    Hiru ordu geroago, tximistak eta euri jasa bortitza jadanik igarota, lagunak kanpinera iritsi ziren. Mela-mela eginda baina pozik zeuden, eta euforikoki eta xehetasun osoz kontatu zizkioten Joni jaitsieraren gorabeherak: lehenengo tximistekin pasaturiko beldurra, zenbat aldiz irristatu ziren, behelainoa sartu zenean eduki zituzten zailtasunak itzulerako bidea ongi jarraitzeko... Jonek arretaz eta miresmen zintzoz entzuten zituen azalpenok bi furgoneten artean atonduriko aterpean; zortedun eta eskerturik sentitu zen halako egoera deseroso batetik libratu izanagatik, baina aldi berean ez zuen lortzen lagunen lasaituarekin, haien euforiarekin eta haien poz konpartituarekin konektatzea. Arraro sentitzen zen, arindurik baina aldi berean berekoi: gainontzekoek bizitakoa beretzat nahi ez bazuen ere, berak bizi ez izanak sentsibilitate kolektibo batetik kanpo uzten zuelako, eta ez zelako kapaza horren aurrean bere lagunengatik pozteko era zintzoki eskuzabal eta altruista batean; bera ia literalki etxetik atera, babesa eskaini, animoa altxatu eta mundua tarteka esker txarrekoa eta injustua izanagatik ederra ere izan zitekeela sinetsarazi zion jende ia bakarra zuen aurrean, eta ez zuen lortzen halere bularraldean hutsune pisutsu bat sentitzea besterik.

    Gau hartan ohi baino gehiago kostatu zitzaion loak hartzea. Udazkenean pentsatu zuen, tesia entregatzeko zuen epean eta Ainararik gabeko lehen irailean. Komunera altxatzen zen jendearen pausoak entzun zituen, eta ondoko partzelatik iristen ziren eztabaida ozen batzuk, Luciaren oihuak iruditu zitzaizkionak tartean, eta umea irudikatu zuen lo zakuan gorderik: entzule, hotz, mutu. Gero euria egin zuen berriz, eta atertu zuenean isiltasuna nagusitu zen. Orduantxe bildu zuen loak: ezereza nagusitu eta nekeak lekua irabazi zionean barne zaratari.

Ilustrazioaren egilea: Paula Estevez

 

IV

 

    Zeruak oskarbi eta eguzki erraldoi batekin agurtu zuen biharamunean. Belarrak heze jarraitzen zuen oraindik, baina sargoria erabat desagertua zen udaren aldaera atseginago bati leku egiteko. 17:ooak aldera iritsiko ziren lagunak, azken orduan planak aldatu eta erabaki ostean barbakoa bat egingo zutela iluntzean asteburuari bukaera emateko. Arindurik sentitu zen, babestuta; ez hain isolaturik. Denda ordenatu, berandu ez zebilela ziurtatu eta gosaria prestatzen hasi zen. Hiru egunen ostean, minik sentitu gabe apoia zezakeen orkatila lurrean lehen aldiz.

    “18:00ak aldera itzuliko naiz. Eskerrik asko, benetan”, esan zuen Luciak, larri, begi-zulo sakonen azpitik. Jonek, ohi bezala, irribarre konplize bat eskaini zion, ohi bezala kanpin-denda eta bungalow artean presaz urruntzen ikusi aurretik.

    Umeak betiko aurpegieraz itxaroten zion bitartean. Akaso ez hain espresiorik gabe, pentsatu zuen Jonek: akaso bizitasun printza batekin bere keinukera soilaren ertzen batean. Izan zitekeen, edo izan zitekeen beharbada Jonek bere aldarte ozpinduaren malgutze posiblea bera proiektatu nahi izana hirugarren pertsona batean, agian horrela sinesgarriago, errealago, bereago bihur zitekeelakoan.

    “Zeri begira zaude, ume?”, zuzendu zitzaion, jostari. Bisera, bi aulki tolesgarri eta motxila bat zeramatzan gainean. “Begira ze eguraldi dagoen. Hartu bainujantzia, gaur txangoa tokatzen zaigu”.

    Umeak ulertu gabe begiratzen zion, Jonen aldaera berri batekin topo egitearekin harrituta.

“Benga, ume! Ez dugu egun osoa! Hartu bainujantzi bat, beste dena nik eramango dut”. Umeari ez zitzaion geratu jaramon egitea besterik. Kanpin-dendara joan eta handi samar gelditzen zitzaion bainujantzi berde batekin itzuli zen minutu pare baten buruan.

    “Badakizu nora goazen, ezta?”.

    Umeak sorbaldak erorita begiratzen zion. Janari apurrez zikinduriko kamiseta urdin bat zeraman, eta belkrodun sandalia zahar batzuk.

    “Hondartzara”, esan zuen Jonek, burua alxatu eta eskuarekin kanpinaren irteerarantz seinalatuta. Umearen begi jadanik handiak, une hartan, are handiago bihurtu ziren, are deigarriago eta moduren batean, lehen aldiz, adierazkorrago: bizirik zeuden eta eguzkiaren distiraren eroale ziruditen bat-batean.

    Azkar batean zeharkatu zuten herria, ikusmirara etengabe azaltzen ziren mendi-dendei eta eguneko menua iragartzen zuten jatetxeei apenas erreparatuta; isilik umea, abesti baten doinua ahopean Jon, kidetasun estrainio baten epelean. Harrizko zubi bat igaro eta saihesbide aldapatsu batetik tentuz jaitsita, ibaiertzera iritsi ziren, atzetik zuhaitzez babesturiko eta oinarrian harriz osatutako eremu pribatu antzeko batera. Jonek harri handi batean utzi zuen erortzen motxila pisutsua; besoak gerrira eraman eta umeari begiratu zion.

    “Ez dago gaizki, ezta?”.

    Umeak begirasun bitxi bat itzuli zion, lotsaturik balego bezala: “Polita da”.

    “Ederra da, ume. Begira ibaiari, begira nola barreiatzen duen bizitza. Begira nola berotzen duen eguzkiak eta nola babesten gaituzten zuhaitzek. Nola ez da ba izango ederra”.

    Umeak martziano bati, irakasle bati, klasekide baten guraso bati edo polizia bati begiratuko liokeen bezala begiratzen zion.

    “Zertan jolastu nahi duzu?”, galdetu zuen Jonek.

    “Ez zait jolastea gustatzen”, erantzun zion umeak, lehor. “Nik nire buruan jolasten dut”.

    Jonek ezetz egiten zuen buruarekin: “Ume bat zara: korrika egin behar duzu, salto, erori”, azaldu zion, kutsu ia pediatrikoz, eta bi pala eta pilota arrosa bat atera zituen motxilatik.

    “Heldu gogor honi. Eta nik pilota botatzen dizudanean, itzuli egin behar didazu, ados? Erraz-erraza da”.

    Lehenengo saiakera bat egin zuten, baina Jonek pilota jaurti zionean umea ez zen gai izan palarekin kolpea koordinatzeko.

    “Lasai. Normala da. Benga, saiatu berriz”.

    Bigarren saiakeran palaren ertzarekin eman zion pilotari, hirugarrenean labur gelditu zen, eta laugarrenean zuhaitzetara bidali zuen pilota neurrigabeko danbateko bat eman ostean. Baina berriz ekin zioten, eta seigarren, zazpigarren, zortzigarrenean, umea pilotak gero eta trebeago itzultzen hasi zen, gero eta zehatzago eta errazago aldiro. Bost minuturen buruan lehen peloteo bat egitea lortu zuten.

    “Begira, ume! Djokovicen seme galdua dirudizu!”, egin zuen algara Jonek. Ezkerrera bota zion pilota, baina umea ez zen errebesez erantzuteko gauza izan. Pilota lurretik jasotzen ikusi zuen: azeleratua zuen arnasketa, bizkortua gorputz adierazpena; pozik zirudien.

    Ordu erdiz iraun zuten jolasean, eta eguzkiak gehiegi berotu zituenean ibaiertzera hurbildu ziren. Pixkanaka baina osorik sartu zen uretara Jon, eta oihuka eta hotzaren hotzez dardarka atera zen segundo gutxiren buruan; umeak oinak sar zitzan ere lortu zuen, eta osorik barnera zedin konbentzitzeari gehiegitxo iritzita, ur zipriztin batzuk jaurtitzearekin konformatu zen, nahikoak izan zirenak haurraren oihu lotsati batzuk askatzeko.

    Jonek prestaturiko bi sandwich jan, itzaletan atseden hartu, umeak eskatuta beste pala-partida labur bat jokatu eta bigarren bainu bat hartu zuten. Umeak gerriraino sartu zuen gorputza; intziri akutu bat atera zitzaion eta bi segundotan irten zen.

    Toallak zabaldu zituzten eguzkitan etzateko, eta Jonek, umearen azal zurbila ikusita, 50+ krema atera eta gorputz osotik sakabana zezan agindu zion, berak bizkarrean ematen zion bitartean. Arraroa iruditu zitzaion: ez zeukan anaia-arreba edo lehengusu txikirik, eta bere lagun gehienak ez bezala ez zen inoiz izan udalekuetako monitore; literalki ume baten azala ukitzen zuen lehen aldia zela pentsatu zuen. Leuna eta hauskorra iruditu zitzaion. Atsegina zen, satisfaktorioa une hartan azaltzen jakingo ez zukeen modu lausoren batean.

    “Ondo pasatzen ari zara, ume?”, galdetu zion Jonek, toallan etzanda.

    “Bai”, erantzun zion. Isilik gelditu zen une batez, eta segundo biren buruan osatu zuen bere hizketa: “Non bukatzen du ur horrek guztiak?”.

    Leunki altxatu zuen burua Jonek; umeak ur-jauzi txiki batean zuen iltzatua begirada.

    “Ba ez dakit”, erantzun zion. “Itsasoan, edo lakuren batean beharbada. Baina beste zerbaitekin batzen da, momentu honetan dena izateari uzten dio, eta zerbait handiago bihurtzen da. Ez dakit nola azaldu”.

    “Uste dut ulertzen dudala”, esan zuen umeak. Eta hitzon arrastoari segika zebilela sentitu zuen Jonek bibrazioa poltsikoan: ordu erdi barru iritsiko ziren lagunak kanpinera.

    “Lagunak egin beharko zenituzke”, esan zuen Jonek, palak motxilan gorde bitartean.

    Umeak burua biratu zuen aldameneko aulkitik. Ibaiaren emari hipnotikoari begiratu zion gero, eta jarraian Joni ostera ere.

    “Ahal gara gelditu bost minutu gehiago?”, esan zuen.

     Jon aldameneko aulkira hurbildu eta umearen postura berean eseri zen, sakon arnasa hartu eta betazalak eskaini zizkion aurrez aurre zuen eguzkiari.

    “Bost minutu, ados?”.

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2026 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Irakurri gehiago: Gakoak 2026 Komunikazioa ARGIA
Gakoak 2026 kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 5
Editoriala
Orok egur

2026ko abuztuaren 4
IRITZIA
Eklipsearen eklipsea

2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

2026ko abuztuaren 4
Izarrak ikusteko begiratokiak
Lau puntu kardinal, mila dir-dir zeruan

2026ko abuztuaren 4
Izarrak ikusteko begiratokiak (II)
Erriberan eta Bardean, ortzimuga infinitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...