
Gordin, huts
Mikosis
Autoekoizpena, 2024
17 minutu
Hiru gazte gernikarrek osatzen dute Mikosis. Gitarra riffak, baxu indartsua, bateria jostaria. Eta petxutik sartzen den ahotsa ere bai. Lehen EP fisikoa kaleratu dute, eta lau kantu nahikoa izan dituzte hazten ari den talde honen izaera erakusteko. Alternatibotik eta post-punketik edaten duen rocka egiten dutela esan izan dute; ukitu propioa ere sumatzen zaie. Gaztetxez gaztetxe eroso dabiltza, oholtzako hirukotearen energia publikoari transmititzen, gorputzak dantzarazten, ilunak bezain gustagarriak diren doinuekin.
Leire Artola Arin
*****

Ketura Operazioa
Mateo Zikuta & El Garto
Lege Martziala, 2026
36 minutu
Hau da ketura, posizio bat gudan / Hau da ketura, hamar bala zerura. Gasteizko raperoak, lagunok. Aura dute euskarazko rapean Odei Barrosok eta Juantxo Arakamak, eta iruditzen zait Mateo Zikutarena beste rollo batean doala, beste ekarpen bat dela ingurugiro zinez interesgarri honetan. Arestiko estrofa horrekin aurkeztu du diskoa. Gerra iruditegia da nagusi diskoan, guda txikiago edo handiagoetan bizi garelako. Gari El Garto-ren musikarako abilezia sekulakoa da, hainbat proiektutan aritzen da izenordain horrez aparte; hemen, sampleekin eta baseekin egin duen lana benetan entzutekoa da. Disko osoaren bideoklip-bilduma ere, ikustekoa.
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
*****

Ziklikoa
Maskak
Ático Stereo, 2025
36 minutu
Ziklikoa. Horrela du izena Itsasuko eta Bidarraiko musikariek sortutako azkeneko lanak. Ziklikoak dira Ez naizena kantuko melodiak, buruan sartu eta ahaztu ezin direnak. Ziklikoak 24/7 kantuko hitzak: Lanean dirua bildu, egun eta gau. Bizitza ez dut bizi, bizitzak hiltzen nau. Ziklikoak gitarra, bateria eta sintetizadoreekin sortutako estrofa indartsu eta amaiezinak. Bizitzarentzat dituzte hitzak, gure egunerokotasuna deskribatzeko, pentsamendu deserosoak azaleratzeko, jabetzeko eta erreparatzeko, nahiz begiratu nahi ez. Bizitzari omenaldia da Ziklikoa.
Manex Moreno Uharte