Izarrak ikusteko, mendien babesak eskainitako iluntasunean ezkutatzen diren sakonuneak omen dira egokiak, baina kasu horietan zeru zati bat besterik ez dugu eskuragarri izango. Izarrarteak eta konstelazio guztiak oso-osorik ikusi nahi baditugu, toki lauagoetara joan beharko dugu, Nafarroako hegoaldera, adibidez, Queiles bailarara. Ablitas (Nafarroa) gain batean eraiki zuten eta hiri handienen distiratik salbu dauden Erribera, Moncayo eta Bardea ezin hobeki ikusten dira bertatik, urruneraino, ortzimugaraino.
Herri gainean dagoen XII. mendeko nafar erreinuko gaztelu zaharraren dorre konikoak planetario baten antza dauka, eta egiaz begiratoki ona izan daiteke inguratzen gaituen kosmosaz jabetzeko. Azken urteetan, uda sasoian, Izarren gaua antolatzen dute bere oinetan: afari autogestionatua, zine-mutuaren proiekzioa musikaz lagunduta gaztelu barruan, eta nola ez, izarren behaketa.
Baina zerua garbiago ikusteko, mendi muinoaren beste aldean, Ablitasko estepen aldera eraikitako izarren begiratokia da egokiena. Nafarroako Erriberan halako begiratokiak jarri dituzte beste herri eta toki ugaritan ere: Arguedas, Azagra, Buñuel, Pulgerreko urmaela, Cabanillas, Cascante, Corella, Fontellas, Fitero, Fustiñana, Murchante, Ribaforada eta Tuteran. Starlight Parajeen lehen sarea osatzen dute guztien artean –toki horietan 20.000 neurketa egin dituzte eta derrigorrezko 21,0 mag/arcsec²-eko iluntasuna dutela bermatu, Erriberako turismo agentziak emandako datuen arabera–. Toki horietatik primeran ikusi(ko) den abuztuaren 12ko eguzki eklipseak astroturismoa bultzatu du.
Ablitasko begiratokira joateko paseo polit bat dago Erdi Aroko gaztelutik abiatzen dena, duela gutxi egokitua eta edozeinek egiteko modukoa, Montecillo deituriko parajean. Lasai etzateko egurrezko hamakak, Polaris edo Iparrizarra seinalatzen duen gezia eta urtaroaren arabera ikus daitezkeen konstelazioei buruzko informazioa aurki ditzakegu, besteak beste. Eta poltsikotik ARGIAk itzuli eta argitaraturiko ADI: Ipar hemisferioko konstelazioak fitxak ateraz gero... deluxe.
Udako gau oskarbietan agerian geratuko zaizkigu Zisnea konstelazioa, “Udako Hirukia” osatzen duten hiru izar distiratsuetako batek (Deneb) hegaztiaren isatsa ixten duela. Hor ditugu ere Pegasus, Andromeda, Kasiopea... Nazioarteko Astronomia Elkarteak 88 konstelaziotan dauka banatuta zerua gaur egun, hein handi batean Ptolomeoren Almagesto tratatuan oinarritua; baina gizakiaren imajinazioa Antzinaroko jakintsu klasikoetatik harago doa, zibilizazio zein herri askotan marraztu dute zerua euren moduan, planisferioen bidez. Euskaldunok nola irudikatu izan ote dugu ortzia gure buruen gainean?
Non: Ablitas (Nafarroa)
Ibilbidea: Gazteluko ibilbidea: zirkularra, egokitua, 2 kilometro.
Webguneak:
- Turismoriberanavarra.com
- Patrimonioablitas.com
- Astronavarra.org