Draga ere, Euskal Herritik eta euskal herriarentzat

  • Materia ez sortzen ez desagertzen ez den bezalaxe, draga ere, trabestismoa, ez da orain sortu Euskal Herrian; eta, jakina, ez da desagertuko. Transformatu egin da. Hortxe datza bere boterea, transformazio, transformismo gaitasunean. Eta azken hiruzpalau urteetan materia horrek bidegurutze berri batean kokatu du bere burua: RuPaul-engandik (AEBetako drag entzutetsua) edaten duen eta queerra den – edo ez–, eta euskaltzaletasunetik eta militantziatik, edota bazterretatik datorren belaunaldi berri bat heldu da oholtza gainera. Euskal hitzak pisua hartu du korronte berri horretan, aurretik ia inoiz ez bezalaxe, eta lehen aldiz daude orain Euskal Herrian euskaraz drag egiten duten taldeak. Eta talde berba ere ez da ausazkoa, drag klasikoari keinu eginez, baina gurean lehen aldiz, talde gisa funtzionatzen baitute. Horri gehitu oholtzaratzen duten aldarria ez dela glamourrarena, baizik eta auzo, herri eta landa eremuarena, herri eta gorputz zapalduena. Ardatz horiek aldarazi dute draga Euskal Herrian, bilakatu dute materia berri, eta ardaztu dute ez soilik korronte bat, baita identitate bat ere. Mugimendu berri horren lorratzen atzetik, bertako hiruzpalau talderen zenbait emanaldi jaso ditugu kameraz eta lumaz: Bilboko House of Basqueers, Iruñeko Maruxak eta Ipar Euskal Herriko Altxalili kabareta ditu protagonista fotoerreportajeak.

Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA

2026ko abuztuaren 5ean - 10:01
Azken eguneraketa: 2026-08-06 10:22
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Altxalili kabareteko kideen emanaldia, maiatzaren 16an, Erronkarin (Nafarroa) Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
House of Basqueerseko kide bat, maiatzaren 2an, Gasteizko gaztetxeko emanaldian Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
House of Basqueerseko kideak Errekaldeko euskal jaian, apirilaren 18an Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA

Kukutza III zenetik metro gutxira, autobidearen etengabeko burrundaren azpian egin dute Euskal Jaia Errekalden (Bilbo). Auzoko oholtza finkoan, House of Basqueers-ko hiru drag, euskaraz, bingoan. Euren parean, baserritarrez jantzitako auzokideak, Gipuzkoatik dantzara etorritako dantzariak eta hustu berri duten Puxka gaztetxeko asanbladako kideak. Harremanak erein dituzte Ertzaintzaren desalojora joan zirelako Errekaldeko dragak, trabestituta. “Kontuz”, esan zieten ertzainek; “Utzi nazazu eta eutsi iezadazu poltsa”, erantzun dragek. “Inoiz ikusi dudan irudirik politena”, dio Puxkako kide batek, irribarrea ahoan, bingoko kartoia eskuan. 

House of Basqueerseko kideak Errekaldeko euskal jaian, apirilaren 18an Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
House of Basqueerseko kideak Errekaldeko euskal jaian, apirilaren 18an Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
Maruxak taldeko kideak makillatzen, Zamudioko frontoian (Bizkaia), apirilaren 18an Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA

“Zuek txosnak zarete, ez zarete Beyoncé”, dio Maruxak drag taldeko soinu teknikariak, Oscarrek. Bistan da, Zamudioko (Bizkaia) gazte eguneko kontzerturako prestatzen ari baitira, herriko frontoian; gainera, txosnetan egiten ari diren birak eman die arrakasta, hori diote, herrira zabaltzeak. “Herriko draga” egiten dutela diote, hain zuzen ere, Bilboko House of Basque Queersekoek, “kosmopolitismo autogestionatua”. Alegia, “ogitartekoa hotza eta garagardoa beroa” hartzen duten talde horietakoak direla. Ez datoz glamourretik, ez datoz pasarelatik: auzotik, herritik datoz. Eta landagunetik ere bai, baserritik. “Guk aldarrikatzen duguna da denok garela baserritarrak”, diote Altxalili kabareteko kideek, Erronkariko (Nafarroa) saioa hasi aurretik.

 

House of Basqueerseko kideak beraien lokalean emanaldirako prestaketak egiten Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA

 

Maruxak taldeko kideak makillatzen, Zamudioko frontoian, apirilaren 18an Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
Andrigina draga House of Basqueerseko kideekin batera, Gasteizko gaztetxeko emanaldian, maiatzaren 2an Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
House of Basqueerseko kideak beraien lokalean emanaldirako prestaketak egiten Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
Altxaliliko kide bat Erronkariko maiatzaren 16ko emanaldirako prestatzen. Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
Yogurinha Borova, maiatzaren 2an, Gasteizko gaztetxeko emanaldian Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA

Erreportajeko talde guztiei galdetuta, denek diote izen bera: Yogurina Borova. Berau izan dute erreferente, urte luzez draga herri ikuspegitik eta euskaraz egin duen bakarra izan baita laudioarra (Araba). “Hemen dator zuen amatxu” esan du hark, Gasteizko gaztetxeko oholtzan, belaunaldi gazteei begira. Are gazteagoak dira Zamudioko frontoi kanpoan maruxei begira daudenak. Eskolako lan baterako beren makillajea oinarri izan duela dio mutil gazte batek, begiak dir-dirka .

Maruxak taldeko kideak beren jarraitzaileekin berbetan, Zamudioko frontoian (Bizkaia), apirilaren 18an Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA

Elkarrizketa guztietan atera da parte-hartzaileen identitatea, dragaren munduan oso murgilduta ez dagoenarentzat trabestiak gizon zis gay-ak baitira, performance hiper femeninoak egiten. Ez da horrela taldeon kasuan, gizon, emakume, ez-bitar, gay, lesbiana eta heterosexualez osatuta baitaude. Kide horiek behin muntatuta, jantzita, gainera, ez dira ohiko dragak. “Batzuk badira drag queen eta king, eta horientzat biziki inportantea da generoa performatzea; baina gehienok kreaturak gara, queerrak gara", dio Altxaliliko kide batek. Kreaturak, queerrak. Ez bata ez beste, ez tarte; besterik barik, beste zerbait oholtza gainean. “Hemen dagoen baten bat zisheteroa da, baina horrek ez dio kentzen queerretik, arauaren barruan ez dagoen pertsona bat baita”, diote House of Basqueerseko kideek. 

Altxalili kabareteko kideen emanaldia, maiatzaren 16an, Erronkarin Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
Altxalili kabareteko kideen emanaldia, maiatzaren 16an, Erronkarin Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA

Erronkarin hila dago jada erronkariera ama euskalkia zuen azken hiztuna, Fidela Bernat Arascues. Baina emakume haren ahotsak egin die ongi etorria Altxaliliren emanaldira gerturatutakoei, eta Alex Arzelus kabareteko kideak erantzun Fidelari, erronkariera fidelean, herriari eta euskarari keinu erraldoia eginda. Euskara ere baitira taldeok, “folklorikak”, Maruxak-eko kideek diotenez. Euskaratik eta euskaraz aritzen dira, Altxalili eta Maruxak euskara hutsean; eta House of Basque Queersekoek, tartean ez euskaldunak, begirune osoz prestatzen dute galetako gidoia, euskaraz hasi eta buka. 

Altxalili kabareteko kideen emanaldia, maiatzaren 16an, Erronkarin Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA
Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2026 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

LGTB mugimendua kanalean gehiago
2025eko ekainaren 18
Meloi saltzailea
Harro

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...