“Belaunaldien arteko harremanak modu horizontalean bizitzeak onurak baino ez dakartza”

  • Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) bertsolari eta idazleari elkarrizketa bat egiteko proposamena egin zidaten, eta, abiapuntu ofiziala bere azken poema liburua izanik ere –Zerua hemen (Susa, 2026)–, ez zuten kulturako elkarrizketa arrunt bat nahi, edo ez hori bakarrik. Eskatu zidaten, hortik harago, bi lagunen arteko hartu-emana –bi idazleren artekoa– isla nezala orobat. Eskerrak, bestela lanak izango baikenituzkeen elkar ondo ezagutzen dugula disimulatzeko.


2026ko abuztuaren 12an - 08:00
Azken eguneraketa: 09:26
Dani Blanco/ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Maiatzaren 19a da, asteartea, eta topoan joan naiz Intxaurrondotik (Donostia) Usurbilera (Gipuzkoa). Oihanak berak jaso nau geltokian, eta Txokoaldera iritsi garenean bizi-bizi zegoen etxe ingurua. Z. ortuan lanean, C. musika jotzen goiko gelan, I. arropak eskegitzen pasilloan. Kanpoan eseri gara, eguzkitan: jendea hara-hona; Dani kamerarekin prest. Oihanak aspalditik ezagutzen du nire betaurreko modernoen eta alkandora arkitektonikoen azpian ezkutatzen den kaosa, eta lotsarik gabe eskatu diot grabagailua,
ze normalian mobilakin grabatzen det baina gaur ezin izan ditxut galderak inprimitu eta mobila galderak beitzeko biot.

Piztu dut gailua, jarri dut bion arteko mahai baxuan. Zaldi-apatxak, klarinete-notak.

Txokoalden gaude, iazko udaz geroztik bizi zara hemen. Gaur Berria-n argitaratu duzun zutabean zenioen gero eta arrotzagoa zaizula hiria, "fikziozkoa ia", eta bertako erritmoa "inguruan gertatzen denari adi egon ez gaitezen saiatzen" dela.

Hirira joaten naizen aldiro halako arroztasun sentsazio bat izaten dut, hemen gertatzen ez zaidana. Gaur goizean zure bila tren geltokira joan naizenean, auzotik joan naiz, landareei eta animaliei goizeko bisita egiteko; eguraldi eder honekin, gainera. Uste dut horixe dela hemen bizitzeak ematen didana: gauzetan arreta jartzeko aukera. Hirian bizi nintzenean beste gauza batzuetan jartzen nuen arreta, baina alde egin eta gero, berriz itzultzean ez naiz kapaz bertan poesiarik topatzeko. Hemen, berriz, denbora guztian agertzen da.

Argitaratu zenetik atzo berrirakurri nuen lehen aldiz Zerua hemen, ohean etzanda. Ze sendoa, ze osoa. Ze dibertigarria tarteka. Nola ikusten duzu zuk orain?

Edizio prozesutik hona dezente aldatu da nire gorputzaldia. Liburuari begira erronka batzuk jarri nizkion nire buruari –bidaia bat planteatu gura nuen; ez zedila liburu triste bat izan, eta aurreko liburuaren estiloari euts ziezaiola hein batean–, eta horiek ez lortzearen beldurra eduki dut prozesuan. Baina liburua gutxi gorabehera eginda zegoenean, halako lasaitasun bat sentitu nuen, egin nahi nuenetik oso gertu zegoelako, eta horrek eragin du plaza publikora trankil agertzea. Ez harrokeriatik, baizik eta bueno, hau zen
benetan gura nuena.

Dani Blanco/ARGIA CC BY-SA

Zer fase izan ditu idazteko prozesuak?

Liburua hasi zen nire aurreko liburua, Lazunak azkazaletan (Susa, 2021), amaitu zen momentuan. Argitalpen prozesua potentea izan zen, eta ostean denboraldi nahiko luze batean ez nuen poesia asko irakurri, ezta idatzi ere. Handik urtebetera-edo poemak idazten hasi nintzen pixkanaka, zuk Hitzen Uberan-erako eskatutako testuak adibidez. Eta estiloa hor hasi zitzaidan markatzen: hasi nintzen paisaiaren xehetasunei begiratzen, gauza txikiagoei, landareei; fintzen joan zitzaidan begirada. Hor kokatzen dut liburuaren hasiera, edo behintzat gorputzaldi aldaketa bat, argitalpenaren momentu gogor horretatik distantzia hartu eta berrekin nionekoa. Garai hartan poeta pila bat deskubritu nituen, eta bilatzen segitzeko gogoa piztu zitzaidan. Eta gero gure aita hil zen. Eta gure aita hil zenean, berriz ahaztu zitzaizkidan niri literatura, eta poemak, eta dena.

Orduan, nire kasuan emozionalitatea oso albo batera gelditu zen eta oso praktiko jarri nintzen: gauzak egin behar ziren. Gerora oso ariketa polita izan da min hori bizi ahal izatea distantziatik eta poesiaren bitartez. Idatzi ditudan poema triste gehienak, doluei lotutako tristurekin harremana daukatenak, a posteriori idatzi ditut. Aldiz, argitsuagoak direnak, edo eszena konkretu bat kontatzen dutenak, egunean bertan bulkada sentituta idatzi ditut.

Liburuan hiru motako poemak daude: hasierako fasekoak, nire barneko poesia berria aurkitu nuenekoak; tristurei buruzkoak, a posteriori idatziak; eta bulkadatik idatzitako poemak. Nire erronka izan zen horiekin osotasun bat sortzea. Poemak multzokatu eta Leireri [Lopez, Susako editorea], bidali nizkionean, esan zidan ikusten zuela zeozer egiteko modua, eta berarentzat poema horiek zirela Oihana Aranaren heriotzari eta maitasunari buruzko liburua.

[Barreak].

Eta ni egin nintzen apurtxo bat pikatu.

[Barreak].

Ez dut ukatuko pikatu egin nintzela. Orduan bueltatu nintzen etxera, oraindik Donostian bizi nintzen, eta esan nion nire buruari: ez da hau, ez duzu nahi hau izatea. Buelta asko eman nizkion egiturari. Hiru poema mota horiek edukita, saiatu nintzen nire bizimoduaren kronika bat izan zitekeen istorio bat sortzen. Nik gura nuen denboraren joanaren sentsazioa eman zezala liburuak. Iñigo Astizen galdera egoki batzuek lagundu zidaten testuaren hezurdura pentsatzen. Gero hona etorri nintzen bizitzera, eta etxeko salako pareta inbaditu nuen: poema denak itsatsi nituen bertan, eta egunero lekuz aldatzen ibiltzen nintzen. Oso fase diferenteak eduki ditu prozesuak, baina poemen ordena ikusi genuenetik oso arin joan zen dena.

"Hiritik alde egin eta gero, berriz itzultzean ez naiz kapaz bertan poesiarik topatzeko"

Orduan, Lazunak azkazaletan-en argitalpena gogorra izan zen? Ez ginen lagunak garai hartan, eta gerora ere ez dizut inoiz galdetu. Harrigarria iruditzen zait galdetu ez izana.

Bai, egia da. Nik, aurretik, Portuak (Gaumin, 2020) eleberria argitaratu nuen, eta hor ez nuen sentitu ezer handirik. Argitaratu zen, irakurri zuten, baina beste prozesu bat izan zen: pandemia hasi zen, dimentsio txikiagoan bizi nituen gauzak, ez nion hainbesteko garrantzirik eman. Gero, Lazunak azkazaletan argitaratu zenean, nik ez nuen poesiarik irakurtzen apenas, ez nuen poesiarik idatzi kasik inoiz, baina ausartu nintzen hori egitera; eta Aner Peritzek derrigortu ninduen Susara bidaltzera, ea. Bat-batean baietz esan ziguten, ez genuen sinesten. Guretzako kasik broma bat zen, eta gero atera zenean, baten batek idatzi zuen Interneten ni XXI. mendeko lehenengo idazlea nintzela, eta ni beldurtu egin nintzen. Sentitu nintzen iruzurti baten moduan, aitortza bat jasotzen nire
iritziz ez zegokidana. Gero, ikusten dut gaur egundik liburua, eta pentsatzen dut: Oihana liburu ona egin zenuen.

Oso ona.

Ez naiz damu liburu horretaz, ez naiz lotsa. Harro nago, baina ondorenak fuerte jo ninduen.

Ezustekoa izan zen?

Nik ez nekien zer zen liburu bat argitaratzea. Ez nekien zer zen euskal literatura. Ez zintuztedan ezagutzen apenas. Orduan izan zen sustoa, eta sustoarekin, nik egin nuena izan zen ezkutatu. 19 urte neuzkan. Niretzako ere bada esanguratsua. Ez nuen gura idazlea izan ja, gura nuen gauzak probatzea eta gauzak egitea. Eta ni bertsolaria nintzen. Ez dakit sustotik edo beldurretik edo zer, baina idazteari utzi nion oso modu… Egunero idaztetik ezer ez idaztera pasatu nintzen.

Ez nekien.

Bai. Liburuaren ostean idatzi nituen lehen poemak izan ziren zuk Uberan-erako enkargatutakoak. Eta gero Irakuirle taldetik antolatu zenutenean errezital bat, hor irakurri nituen lehen aldiz Lazunak azkazaletan-en osteko poemak. Nire ibilbideko bi mugarri horietan zu zaude eta ez zenekien.

Ez nekien! [Irribarrea sumatzen zait ahotsean]. Orain galdetu nahi dizut nolatan onartu zenuen Uberan-erako testu batzuk idazteko egin nizun proposamena.

Hor nahasten dira gauza batzuk. Nik neuzkan beldurrak, baina horrekin gurutzatzen da bat-batean miresten duzun jendeak proposatzen dizkizula gauzak. Niretzako 2021-22an Danele Sarriugarteren email bat jasotzea potentea zen. Gaur egun jada ez… Bueno, gaur egun zure email bat jasoko banu larrituko nintzateke.

Bai, ez da gure komunikazio-kanal nagusia.

Egia esanda, ez dakit oso ondo zergatik esan nizun baietz, agian eduki nuelako ideia, esan nizun: lorategitxoa egingo dot, landareei buruzko poemak. Igual behar nuen norbaitek eskatzea zerbait. Ordura arte esaten zidaten egin duzuna oso ondo dago. Baina gonbidapen bat egiten dizutenean zeozer idazteko, errazagoa da zu hastea baino.

“Bertsolaritzak eta transfeminismoak eduki duten gurutzebide eder horren parte izateak eta hortik ulertzeak mantendu nau bertan azken zortzi urteetan”

Lazunak azkazaletan-etik Zerua hemen-enera, zer aldatu da zure idazle-posizioan?

Garai hartan nahiko bakarrik sentitzen nintzen, eta gaur egun belaunaldi baten parte sentitzen naiz; edo korronte baten parte, hobeto esanda. Beste idazle batzuek nik literatura ulertzeko daukadan moduaren oso antzekoa daukate, eta orduan akonpainatuta
sentitzen naiz. Eta horrek beste leku batean kokatzen nau erabat. Nik baldin badakit edozer egiten dudala ere, zuri gustatu edo ez gustatu, interesantea irudituko zaizula nik hautu horiek hartzea edo bide hori egin nahi izatea –nahiz eta gero kaka bat iruditu, edo
alderantziz–, beste lasaitasun batekin iristen naiz lekuetara. Liburu honetan askoz modu kontzienteagoan egin dut lan, eta halaxe egiten dut gaur egun ere egunerokotasunean, bai zutabegintzan bai idazketarekin lotutako bestelako jardunetan; askoz gehiago
eta askoz kontzienteago irakurri dudalako, eta, beraz, askoz argiago daukadalako zer gura dudan egin eta zer ez dudan egin gura.

Bertsolaria ere bazara, idazle publikoa izan baino lehen. Hamabost urte pasatu dira oholtza gainean lehen aldiz kantatu zenuenetik.

Oso fuertea da. Batez ere kontuan hartuta orain dela hamabost urte 9 urte nituela.

Urte gehiago daramatzazu kantatzen…

… kantatu gabe baino. Oso potentea da. 9 urterekin ez daukazu hainbesteko kontzientziarik, baina bertsotan modu kontzientean egiten hasi nintzenetik, lehenengo eskolartekoetatik-eta, hamar urte pasatuko ziren. Egia da, hala ere, bertsolaritzan ibilbidea markatuagoa dagoela: existitzen dira bertso eskolak, bertso udalekuak, gero eskolartekoan kantatzen duzu zure adinkideekin. Bideak berak eroaten zaitu jendea edukitzera inguruan; gero lagunak izango diren edo ez zeuk erabakiko duzu.

Donostiara bizitzera etorri nintzenean ere horrek eroan ninduen bertso eskola bat sortzera eta niretzako miresgarria zen jendearekin saretzera. Asko miresten nituen Maider Arregi, Eli Pagola… niretzat ziren gauza bat tremendoa, eta gaur egun bertso eskolako kantukide arruntak dira, lagunak. Bertsolaritzan bidea askoz errazagoa izan da zentzu horretan. Dena den, orain dela hamabost urte pentsatzen genuena, egiten genuena, edo bertsolaritzaz uste genuena eta gaur egun bertsolaritzak gure bizitzan duen tokia oso
diferentea da. Bertsolaritzak eta transfeminismoak eduki duten gurutzebide eder horren parte izatea eta hortik ulertzea gure praktika, gure kolektiboa; horixe izan da ziur aski azkeneko zortzi urtetan bertsolaritzan mantendu nauena.

Baina bai, hamabost urte, oso heavy. Erraiak (Elkar, 2014; Danele Sarriugarteren lehen nobela) baino lehen, pentsa.

Dani Blanco/ARGIA CC BY-SA

Erraiak baino lehen! [barreak]. Tira, Maider Arregi eta Eli Pagolaren laguna ez ezik, nire laguna ere bazara gaur egun.

Zorionez.

Gure harreman indibidualaren zertzeladek ez dute berebiziko garrantzirik testuinguru honetan, baina gure belaunaldien arteko harremanaz hitz egiteko aprobetxatu genezake.

Belaunaldiartekotasuna gauza oso inportante bat iruditzen zait, batez ere familiatik kanpokoa. Familien barruan oso hierarkizatuta eta oso modu bertikalean ulertzen ditugu harremanak, eta transmisioa ere oso modu bertikalean gertatzen da, nahiz eta salbuespenak izan, eta abar. Ez bakarrik alor materialetan edo alor sinbolikoetan; zaintzaren arloan, adibidez, zu zainduko zaitu zure amak eta gero zuk zainduko duzu zure ama, eta badago elkarrekikotasun bat.

Baina zuk erabakitzen baduzu formatu horretako familia bat ez sortzea eta ez edukitzea bikotekide bat, ez edukitzea umeak eta ez proiektatzea zure umeak zainduko dituztela zure gurasoek, eta bakarrik harremantzen baldin bazara zure belaunaldiko jendearekin, 20 urterekin ondo, 30 urterekin ere bai, baina gero, zure bizitzak ez du funtzionatzen. Orduan, nahiz eta ez dudan hortik egiten, iruditzen zait modu estrategiko batean ere belaunaldi arteko harremanak sortzeak munduko zentzu guztia daukala, jakintzen transferentziak egiteko eta beste gauza askotarako.

Nire lagun asko, gaur egun, ni baino dezente zaharragoak dira; adinkideak ere bai, eta gazteagoak ere bai. Hain begirada diferenteak eta hain kokaleku diferenteak inguruan edukitzeak pilo bat laguntzen du gauzei buruz pentsatzen. Nik, zure laguna ez banintz, ziur aski gauza askotaz ez nuke pentsatu izango. Edo bertso eskolan ez banu jendea orain dela hogei urte plazan ibilitakoa eta plazan egurra jasotakoa, bertsolaritza beste leku batetik ulertuko nuke; edo ez banu harremanik gaur egun 16 urte dauzkan eta beste kezka batzuetan murgilduta dabilen pertsona batekin, galdu egingo nituzke gai horiek. Belaunaldiartekotasuna modu horizontal batean bizitzeak onurak baino ez dakartza, eta ez bakarrik arlo afektiboetan. Eguneroko bizitzaren arloan ere, gure bizilagunekin eduki ahal ditugun harremanak, gure auzokideek eman ahal diguten informazioa… Belaunaldiartekotasuna familiatik ateratzea eta harremanetan zentral bihurtzea oso-oso estrategikoa da.

Dani Blanco/ARGIA CC BY-SA

[Zurrumurrua zena burrunba betea da orain: eguraldi ona tarteko, inguruko belar guztiak mozten dabil horretarako egoki jantzitako tipo bat. Barrura sartu gara].

Eta gure harremanari dagokionez, kontuan hartzen baldin badugu 15 urteko Oihanarentzat Danele Sarriugarte zela zerbait ia jainkotiarra, gero bizitzak ematen du buelta, eta esaten duzu: Oihana, tonta zara, ze pertsona hau da zu moduko pringada edo zu moduko maitagarria edo zu moduko jainkotiarra. Euskal literaturak eta euskal panoramak oro har ematen duten gauzetako bat hori da: gertutasuna. Distantziak askoz txikiagoak dira alor guztietan, eta elkarrizketa askoz zintzoagoak dakartza horrek, edo nik behintzat horrela bizi dut. Nik ahal dizut galdetu: maitia, zelan esango zenuke hau euskaraz? Edo ahal dizut galdetu: zer uste
duzu kazetari honi buruz?
Gauza praktikoak ere bai, mundillo-ari buruzkoak. Belaunaldiarteko transmisiorik gabe arriskutsua litzateke. Zu bizi baldin bazara zure belaunaldikoekin bakarrik, denok uste baldin badugu bakarrik gaudela honetan eta denok ostia igualak jasoko baditugu… Gure eguneroko harremanetan genealogia horren gaineko kontzientzia gorpuztua edukitzea kristoren oparia da.

Elkarrizketaren hasieran Donostiatik Txokoalderako aldaketa aipatu dugu. Dena den, gauza bat ez da aldatu: jendearekin bizi zinen han, eta jendearekin hemen. Maitale ohiek zein garaikideek besteko garrantzia dute liburuan pisukideek.

Jendea harritu egiten da gauza horiei buruz idazten dugulako, baina nire bizitza hau da. Ni domeka batean triste banago, pisukideek zaintzen naute, eta orduan hori jartzen dut nire zutabeetan, baita nire liburuan ere. Zutabeetan eta poemetan nik ez dut esplikatuko zer pentsatzen dudan gaiei buruz; ez naiz sartuko argumentuak ematen ez dakit zeren alde, edo ez dakit zeren kontra; ez naiz eroso sentitzen plano diskurtsibo-politiko horretan, nahiz eta badauzkadan nire ideiak. Baina hori egiteko modu oso on bat da, niri oso
erraza eta ederra egiten zaidana, eguneroko bizitza kontatzea. Zure eguneroko bizitza bat baldin badator zuk espero eta nahi duzun horrekin, hor esplikatzen duzu zer uste duzun gai askoren inguruan. Lagunen eta pisukideen presentzia oso inportantea iruditzen zait, inportantea iruditzen zaidan moduan lasai egotea eta leihotik begiratzea, eta horregatik idazten dut bai bataz bai besteaz.

'Zerua hemen'-en bidaia bat planteatu guranuen; ez zedila liburu triste bat izan, eta aurreko liburuaren estiloari euts ziezaiola hein batean”

Aurreko batean bion lagun batek esan zidan idazle bezala hazten ikusten zaituela egunero Berria-ko zutabeetan. Irailaz geroztik ari zara lan horretan.

Grazia handia egin zidan komentario horrek. Baina esaten duzu: noski. Nik lehen ez nuen egunero idazten eta orain bai. Eta egunero idazteak dakar egunero pentsatzea idazketari buruz eta egunero jartzea erronkak zure buruari eta egunero sakontzea kezketan. Gainera, ez da egunero idazten dudala soilik: egunero idazten dut publikatzeko.

Nik ere nabaritu dut nire burua aldatzen zutabeei esker. Ezagutu dut neure burua idazle moduan. Zuk idazten baduzu poema bat astean behin, eta pozik bazaude horrekin, eta gero liburu bat ateratzen baduzu, zure idazletza momentua ez da jarraia, zure eguneroko zua-ren geruza bat da, noizbehinkakoa; arroz esnea egiten duzun moduan ez dakit zenbatean behin goxoa, poema bat irteten zaizu ez dakit zenbatean behin ona. Egunero idazteko praktikak eman dit kontzientzia hartze hori: egin dezakezu hau, eta
jendeari gustatzen zaio
. Beste batzuei, seguruenik, horrorosoa irudituko zaie. Seguru nago egongo dela Euskal Herriko jende parte handi bat pentsatzen duena ez dudala iritzia idazten, eta errespetagarria iruditzen zait eta ados egongo nintzateke beste garai batean, baina bizitzako une honetan egiten ari naizen gauza guztiak, bai literaturaren arloan, bai antropologiaren arloan, bai zutabegintzan, bai laneko beste esparru batzuetan, unibertso berean gertatzen dira, eta unibertso hori markatzen du Zerua hemen liburuak.

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2026 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Euskal literatura kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Mirande

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...