Cîger Efrîn Rojavan jaio zen. Gazte zela PKKn edo Kurdistango Langileen Alderdian sartu eta mendietan bizi izan zen gerrillari. Beren lana kurduen kontzientzia piztea zen, eta okupazio indarrei militarki aurre egitea. Horren ondorioz, 30 urte eta 30 egun egin zituen espetxean. Gaur egun Qmishlin bizi da eta idazlea da. "Iraultzaren alde lanean jarraitzen dut, Abdullah Öçalanen ideiak bultzatzen, eskerrik asko hona etortzeagatik, egoera iraultzaile batean aurkitu gaituzue”, adierazi digu.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Afrin eskualdeko herri txiki batean jaio nintzen familia abertzale batean. Oso leku ederra da Afrin, paradisua lurrean, espero dut noizbait izanen duzula ikusteko aukera. Haurtzaroa kultura kurduan murgilduta pasa nuen, etxean hori jaso nuen, eta beraz, kurdueraz bizi zen haur elebakarra nintzen. Garai hartan ez zegoen ia ezer ere kurdueraz, ez telebistarik, ez irratirik, ez egunkaririk, eta gure aitonak esaten zigun arabieraz ikastea garrantzitsua zela. Geroago, 8 urterekin, Alepora joan nintzen ikastera, baina ostiralero nire herrira itzultzen nintzen.
Noiz hasi zinen kontzientzia politikoa hartzen?
6-7 urterekin, eskola hastean ulertu nuen kurdua nintzela, eta ez arabiarra, irakasleek hitz egitean ez nuelako tutik ere ulertzen. Ezin nuen esan behar nuena, pentsatzen nuena... eta beraz, eskolan konturatu nintzen ezberdinak garela. Etxera itzultzean gurasoei galdetzen hasi nintzen: “Nor gara? Nor naiz? Zergatik eskolan ez dute gure hizkuntzan hitz egiten?”. Hori Kurdistango parte guztietan gertatzen da, bai landagunean, baita hirietan ere. Familia abertzaleek eskola beranduago hasten dute, haurrak sufrikario horretatik ahalik eta beranduen pasatzeko. Afrinen hala zen nabarmen, Afrin uharte bat baita, herri arabiarrez eta Turkiako mugarekin inguratuak, baina ia populazio osoa kurdua da, %98 edo. Ez da Qamishlin [Rojavako kurduen hiriburu sinbolikoa] bezala, hemen nahasiago dago jendea. Azken urteetan, adibidez, arabiarren eta kurduen arteko ezkontzarik ez zen ia gertatzen. Gure kultura babesten dugu indartsu eta ez ditugu sustatzen arabiarrekin ezkontzak. Kobane eta beste zenbait lekutan ere hala izaten zen. Horregatik babestu du kultura hainbeste Afringo jendeak, eta horregatik inbaditu zuen Turkiak.
Noiz egin zenuen bat PKKrekin?
14-15 nintuela, 1987an. Nire anaia ordurako aldekoa zen. 1981-1982an zenbait kide etorri ziren gure etxera berarekin hitz egitera eta hor ezagutu nituen, nik 11 urte nituen orduan. Kurduak ginela eta abar kontatu ziguten. Bigarren Hezkuntzan nengoela, 1987an, 16 urterekin, dena arabieraz ikasten, noski, konturatu nintzen ez zigutela Kurdistango historiaz ia ezer irakasten. Nire aitak irakatsi zidan Kurdistango historia, iraganean izandako matxinadei buruz hitz egiten zigun etxean, eta hil zenean... eragin sakonekoa izaten zen kide horien bisita gure etxera. 16 urte nituela, beraz, PKKrekin bat egin nahi nuela esan nien, herri honen kultura defendatu nahi nuen. Gainera, urte hartan, Abdullah Öcalan ezagutu nuen. Asanblada batean izan zen eta markatu egin ninduen, beraz, hortik aurrera mugimenduaren parte konbentzitua izan nintzen.
Zer egiten zenuten militante gisa?
Nire lana nagusiki herriari gure historia irakastea zen, gure kulturaren ezaugarriak, kurduen nortasunaz hitz egitea. Gure eskolan, eskola arabiar horretan, ez nuen ezer jakin Kuba, Vietnam, Angola, Palestina eta abarretan gertatutakoei buruz. Ez genituen beren historiak ezagutzen. Asko irakurtzen hasi ginen. Material gehiena turkieraz zegoen, eta beraz, herriari transmititzeko itzulpen asko egiten genuen. Mundu osoko iraultzekin elikatu ginen, baina gero irakasgai horiek gurera egokitu behar genituen, gure egoerak ezaugarri propioak dituelako. Garrantzitsua da ongi ulertzea besteen iraultzak zein egoeratan gertatzen diren, baina hori Kurdistanen aplikatzeko gure oinarria da lau estatuk zatiturik gaudela. Yemen bi partetan zatituta zegoen 1990ko hamarkadan, Alemania ere bai, Euskal Herria... bi estatutan zatitutako herriak asko dira munduan; baina ez dago ia inor munduan gu bezala lau estatuk zatituta. Siriarrek diote arabiarrak direla, turkiarrek turkiarrak, irangoek farsiak... eta hasteko, herri gisa gure existentzia frogatu behar genuen Kurdistanen. Gizartea antolatzen genuen, bilerak egin, hezkuntza politikoa eman, gure aurkako zapalkuntzaren arrazoiez hitz egiten genuen, geure buruaren jabe zergatik izan behar dugun, zergatik inori itxaron gabe gu geu altxa behar ginen... Azken batean, nortasun kurdua elikatzen aritu ginen, historia eta politikaz jendea formatuz.
Mugimendua abiatu zuten kide horiek Iparraldetik [Turkiaren menpeko Kurdistandik] hasi ziren eta gizarteak ongi hartu zituen. Öcalanek jendearengan inpaktu handia izaten zuen eta bere indargunea jendea konbentzitzeko gaitasuna zen. Azpimarratzen zuen lehen aldia zela Kurdistanen bazela erakunde bat, ez guda egiteko, baizik eta herria egiteko. Dena den, esan behar da eragile piloak egiten ziotela eraso PKKri, baina guk ez genuen horrela erantzuten. “PKK turkiarren infiltraziorako erakunde bat da, ez dira herri kurduaren parte’’ eta gisakoak esaten zituzten kontrapropaganda moduan. Jatorri ugaritako jendea egon da hasieratik PKKn, kurduak, turkiarrak, arabiarrak, nazioarteko beste tokietakoak... Lehendik ere existitzen zen abertzaletasun kurdua, baina Öcalanek beste koordenada batzuetan kokatu zuen mugimendua. Berak, garai horretan esan zuen gu ez ginela ez ezkertiar ez eskuindarrak, gure bidea egiten ari ginela. Adibidez, 1987-1988an, Sobietar Batasunari kritika egin zion PKK-k eta iraultzaile, komunista eta sozialista guztiek lepora salto egin zioten Öcalani. Funtsean berak kritikatu zuen Sobietar Batasunak eta beste zenbait alderdi komunistak oso antolakuntza zentralistak zituztela.
Nola erantzun zuen herri kurduak PKKren sorreran?
Hasierako urteetan, Turkiako Estatuarekin kolaboratzen zuten tribu eta lurjabe handien aurka egiten hasi zen PKK, eta beraz, horiek ere hasi ziren gure aurka. Turkiarrak bezala ginela zioten, baina jende askorekin bilerak egin ziren eta PKK-k Öcalanen filosofian oinarritutako proposamena ondu zuen. Hizkeran ezberdintasun handiak izan arren –adibidez, Iparraldeko Kurdistanen turkierazko hitz asko esaten dituzte eta Rojavan, aldiz, hitz arabiar asko–, koadro politikoen jarrerak herritarren ateak irekitzen zituen eta jendeak PKK berehala onartu zuen. Argi dut Öcalanek PKK-ko militanteentzat ezarritako bizitza eredua zela erakunde gisa genuen indargunerik handiena. Askotan herri xumeak ez zituen ulertzen politikaren kontzeptu konplexuak, baina ikusten zuen nola bizi ginen, eredugarri jotzen zuten eta babesten zuen.
Eta nola erantzun zuen Turkiako Estatuak?
Turkiako Estatuak indar guztiz egin zuen gure aurka. 1977ko maiatzaren 18an Haki Karer erail zuten, turkiarra eta PKKren bueltako lehen taldeko kidea. Beren burua talde ezkertiar kurdu moduan saldu baina estaturekin batera kontragerrilla moduan lan egiten zuen talde bateko militante batek hil zuen, Gaziantepen. Hortaz, gure lehen martiri ofiziala turkiarra da, Itsaso Beltzekoa, eta Öcalanen lagunik onena. Öcalanek geroago esan izan duen bezala, Karerren heriotza PKKren programa politikoa egituratzeko eta borroka armatuan hasteko pizgarri nagusietakoa izan zen. 1978ko azaroan 27an sortu zen formalki gure alderdia eta horri erantzunez, gure aurkako sarraski ugari egin zituzten. Bazen Bucak izeneko tribu kurdu bat, gure aurka antolatu zena, eta Kurdistanen aurretik zeuden antolakundeak prestatu egin ziren guri hirietan sartzen ez uzteko. PKK-ko koadroak ezagunak ziren “Kurdistango iraultzaileak” gisa, eta gutako asko hil zituen tribu horrek, besteren artean, Cuma Tak erail zuten beste sei lagunekin batera, uzta jaso eta txikitzeko erabiltzen diren makinekin. Estatuarekin konexioak zituzten, jakina. Baziren turkiar nazionalisten beste talde batzuk ere, Stêrka Sor (Izar Gorria) adibidez, eta beraiek gure beste lagun bat erail zuten. Horrez gain, arazoak izan genituen [Iraken menpeko] Hego Kurdistanen boterean dagoen KDP alderdi kurduarekin ere –Masoud Barzanik zuzentzen zuena–, 1985az geroztik gure aurkako kanpaina militarrak abiatu zituenean.
Zenbat urtez izan zinen PKKko militante atxilotu aurretik?
1987an egin nuen bat, eta 1992an atxilotu ninduten.
Eta nola oroitzen dituzu klandestinitateko urte horiek?
Nire bizitzako urterik politenak izan ziren. Garai hartan mugimenduaren prentsa banatzen nuen. Edozer zela ere mugimenduaren izenean banatu behar nuena, lehenik eta behin, eseri eta goitik behera irakurtzen nuen, bestela nola azaldu gero jendeari zer zioen? Laos, Angola eta abarretan zer gertatzen zen jasotzen zen aldizkari horietan... kideoi formazio handia eskatzen zigun horrelako gauzak idazteak. Batzuetan, egunean 12 ordu pasatzen genituen geure buruak formatzen, eta ikasten genuena jendeari transmititzera joaten ginen. Batzuetan hainbat egun pasa behar genituen ezkutuan, inork ezin zuelako jakin non geunden, eta egun horiek osorik pasatzen genituen irakurtzen. Horrez gain, iraultzaileak borroka egin behar du, edozein baldintzatan. Elurra edo baldintza txarrak baziren ere. PKKko militantziako urteez oso oroitzapen onak ditut, bizitza esanahiz betea da, espetxean ere bai, leku guztietan antolakuntza bera baita. Antolakundea utzi zutenek ez dute bizitza hori bizi. Askatasunaren alde borrokatzen duzunean, lehen pausoa, zure bizitzan askatasun hori aplikatzea da. Ez du zerikusirik estatuarekin edo gudarekin. Bizitzarekin baizik.
PKKren ekarpenik handiena emakumeen askapenarekin lotuta etorri zen eta Öcalanen insistentziagatik izan zen. Askok zioten, “emakumeak ezin dira gurekin gerrillan egon, ezin dute borroka egin” eta Öcalanek ez balu borrokatu emakumeek beren espazioa izateko gurean, zail izango zuketen. Berak argi zuen emakumeak parte izan behar zirela eta zenbat balio zuten frogatzen utzi behar zitzaiela. Gaur egun, ez dago zalantzarik. Askok frogatu zuten egin dezaketela nahi duten hori: borroka egin, politikan murgildu... eta gerrillan emakumeek paper oso garrantzitsua jokatu dute mendietan. Aurkako egoera izugarrietan izugarrizko ausardia eta borrokan jarraitzeko gaitasuna erakutsi dute. Öcalanez gain, PKK emakumeei zor zaie.
PKKn egin zenuen lana jendea Kurdistango historian eta abertzaletasunean formatzera mugatzen zen ala gerrillari bezala ere ibili zinen? PKK jada borroka armatuan murgilduta zegoen, zein izaten ziren helburu militarrak?
Nik gizartean lan egin nuen, baina gerrillari ere izan nintzen. Bi alditan zauritua izan nintzen, horietako batean oso larri. Behin tirokatu egin gintuzten, eta tiroak nituen buruan, urdailean, hanketan... ez neukan zauritu gabeko gorputzeko atalik. Jendeak ez zuen uste bizirik aterako nintzenik ere, baina egin nuen. Gure helburuak militarrak, poliziak, espioiak eta estatuaren kontragerrillarako miliziak ziren.
Nolakoa izan zen atxilotu zintuzten eguna?
Egun beldurgarria izan zen, infernuzkoa. Herritar batek traizionatu egin gintuen. 1992ko maiatzaren 6a zen, bizitza berri baten lehen eguna. Aurretik PKKko iraultzaileak, borrokarako prestatzean, bere burua edozertarako prestatzen ikasten du. Traizioa leporatzen digute [Turkiako Estatuari traizioa], baina guk ez dugu inoiz inor traizionatzen. Ordurarte iskin egin izan nion atxiloketari, ez nien utzi ni harrapatzen. Baina, tira, azkenean, 1992ko egun beltz hartan atxilotu ninduten. Ez dut oroitu nahi, baina aldi berean, ezin dut ahaztu. Öcalanengandik ikasi genuen guztia etorri zitzaidan burura une haietan, kidetasunaz ulertzen duguna...
Turkiako komisaldegietan militante kurduen aurka eginiko torturak ezagunak dira. Konta dezakezu zuri zer egin zizuten?
“Hamasei egunez torturatu ninduten eta bereziki oroitzen dut besoak zabalduta gurutze batean zintzilikatu nindutela”
Hamasei egunez torturatu ninduten. Bereziki oroitzen dut besoak zabaldu eta gurutze batean zintzilikatu nindutela, hankak zabalduta konortea galdu arte kolpatzen nindutela. Oin azpietan denetik egin zidaten, baita elektrokutatu ere. Korronte elektrikoa jartzen zidaten sentiberatasun berezia duten gorputzeko leku guztietan. Biluzik nengoen, eta leku horietan, horrez gain, presio oso altuko ur txorrotada fin batekin izugarrizko mina egiten zidaten. Oso mingarria zen. Gau eta egun torturatu ninduten. Janaria, noski, ez zen existitzen, eta batzuetan ura ematen zidaten, edo ogi gogorren bat bereziki leher eginda nengoenean. Hori jan, pittin bat indartu eta berriro ere torturatzen hasten ziren etengabe esanez informazio okerra ematen ari nintzela. Gainera, ni ez naiz Turkiako Estatuan jaioa, Rojavan baizik, eta hori bereziki iraingarria zitzaien. “Zertara etorri zara hona?!” eta abar oihuka izan nituen denbora guztian. Ez genuen abokaturik, noski, eta ez hitz egiteko eskubidea leku horietan ez da existitzen. Egun horietan, besteren artean, bi hanka hautsi zizkidaten.
Eta ondoren?
Epaitegira baino lehen ospitalera eraman ninduten eta han izugarrizko ukendu piloa jarri zidaten nire zauriak eta ubelduak ahalik eta gehien ezkutatzeko. Ospitalean idatzi zuten ez zela inolako torturarik izan, itxura ona nuela. Medikuen txostenak aldez aurretik egoten ziren idatziak.
Zenbat urteko espetxe zigorra jarri zizuten?
Epaiak aldez aurretik erabakiak daude. “30 urte” nahiko modu automatikoan esaten dute epaileek. Beren legeen arabera, Turkian jaiotakoen nortasuna frogatu arte ezin dute inor epaitu. Baina ni Rojavakoa naizenez [Siriako Estatukoa], lege hori saltatu zuten eta ez zuten jakin beharrik ere nor nintzen, espetxeratzeko. Ni epaitu ninduen epailea militar turkiar batekin ezkondua zegoen. Formaltasun bat bailitzan, epaitegitik pasa eta espetxera bidali ninduten, eta ni bezala, milaka pertsona.
Zer aurkitu zenuen espetxean?
Lehenik Malatyako espetxean egon nintzen. Banekien espetxe hartan gure kideak zeudela, baina 30-40 pertsona zeuden ziega batean sartu ninduten, eta pentsatu nuen: “Uf... leku hau ez zait gustatuko”. Behin barruan, beste presoak galderak egiten hasi zitzaizkidan, nor nintzen eta abar, baina ni erabat konbentzituta nengoen estatuaren agenteak zirela eta itxura egiten nuen ez nekiela kurdueraz, soilik arabieraz nekiela esaten nuen etengabe. Arabieraz zekien pertsona bat ere bazegoen eta hari ere gezurra esaten nion, nire militante identitatea ezkutatzen nion. Eta zenbait egunetara beste bat espetxeratu zuten, nire kidea, eta berak esan zidan: “Aizu! Zer ari zara? Denei esana nien hona ekarriko zintuztela eta harrera goxoa egiteko, denek badakite kurdueraz badakizula eta zer ari zara denei esaten ez dakizula? Denak zure zain zeuden!”. Kar kar.
Nolakoa zen zuen arteko kidetasuna?
Malatyan urtebete egin ondoren Bartinera eraman ninduten, han bederatzi urte eta erdi eman nituen, eta ondoren F Tipoko espetxe batera. Han azken 20 urteak eman nituen. 1930. hamarkadan sortu zituzten modu horretako espetxeak AEBetan. Aurretik saguekin esperimentuak egin zituzten eta espetxeak eraiki zituzten, guda psikologikoan oinarrituta, presoek elkar hil zezaten. Espetxean kideon artean konfiantza zegoen eta barre asko ere egiten genuen, baina aldi berean, egoera gogorra zen, horrelako leku batean ez baduzu zeure buruan sinesten ez duzu konfiantzarik ematen, eta espetxeetan deskonfiantzazko harremanak dira nagusi: “Zergatik ari zara berarekin hitz egiten eta ez nirekin”, eta abar. Zutik mantentzen gintuzten kideen arteko kidetasunak eta Öcalanen filosofiak; horiek gabe, ez ginen deus ere. Eta hala, espetxe horietan 30 urtez biziraun nuen, 2022ra arte.
1994ra arte, espetxetara egunkariak sartzen ziren eta horren bidez kanpoan zer gertatzen ari zen jakin genezakeen. Baina pixkanaka debekatzen joan ziren 2016an guztiz debekatu zuten arte, kanpoan saldutako ezer ezin zen sartu. Gauzak ezkutuan sartzen genituen, hala ere, informazioak, Öcalanen mezuak eta abar... horrela genekien zer gertatzen zen kanpoan.
Zer borroka egiten zenituzten?
Gure aurkako guda betean zegoen espetxe sistema eta presook bi aukera genituen: borroka eginez ohoreari eutsi ala geure buruari traizioa egin. Adibidez, gose grebak egiten genituen, hasieran motzak, hiru egun, hamar egun; 2012an 68 eguneko bat ere egin genuen eta 2019an 182 egun luzatu zen beste bat. Gure arteko kidetasuna eta kanpotik jasotzen genuen elkartasuna oso indartsuak ziren. Gose grebak abiatzen genituenean janaririk bikainenak prestatzen zituzten, sekula egiten ez zutena, haragia, gazta, usain sarkorrekoak, eta ziega barruan uzten zituzten platerak gure borondatea hautsi asmoz. Gure kidetasuna pitzatzen saiatzen ziren batzuei esanez beste batzuek gose greba utzi zutela.
1999an gauzak aldatu ziren. Öcalan atxilotu zuten, geure buruak babestu behar genituela aldarrikatu zuen eta hainbeste gose greba egiteari utzi genion, indartsu mantendu eta formazioan buru-belarri sartzeko. Nik neuk 30 liburu idatzi nituen espetxean, eta horietako batzuk, inprimatzera iritsi ziren. Minez oroitzen dut, adibidez, lau urtez ikerketa egin eta eskuz 1.000 orri idatzi nituela Erresuma Batuko politikari buruz, baina idazten ari nintzen liburua espetxezainek kendu eta betirako desagerrarazi zutela. Hori bereziki izan zen gogorra eta hilabetez egon nintzen jan gabe, ezin nuelako.
Zu espetxean sartu aurretik ere, preso politiko kurduak izugarrizko borrokak eginak ziren. Euskal Herrian ez da ezaguna. Aipa zenitzake mugimenduan garrantzi handia izan duten ekintza batzuk?
PKKren historian izugarrizko borrokak burutu dira. Lehenik eta behin Ali Ürek aipatuko dut, gose grebarekin espetxean martirizatu zen. Gero Mazlum Dogan aipatu nahi dut. Amedeko espetxean tortura sistematikoa zen, eta beren politika zen presoei transmititzea hori amaitu egingo zela publikoki kurduen kausari uko egiten bazioten eta Turkiako banderari zin egiten bazioten, nolabait publikoki adierazteko amore ematen zutela. Milaka kide zeuden barruan sufrikario horretan bizitzen, beren kausari traizioa egin edo ez egin planteatzean. Hawar izeneko kartzelako aldizkariko kazetari eta PKKren sortzaileetakoa zen Mazlum Dogan, 1982ko Newroz egunez [martxoak 21], ospakizun eguna kurduontzat, bere buruari su eman zion traizioari ezetz esan behar zitzaiola argi uzteko. Ekintza horrekin espetxean giroa guztiz aldarazi zuen eta berea da asko erabiltzen dugun leloa: “Bizitza erresistentzia da”. Bere sua gaur arte bizirik mantendu da, zalantzarik gabe.
Gainera, Doganek bere buruari su eman ziola zabaldu eta bi hilabetera, maiatzaren 8an, lau preso politiko kurduk gauza bera egin eta martiri bilakatu ziren. Belauniko eta elkarri eskutik eutsita su eman zieten beren buruei, Amedeko espetxean. Ziegako paretak garbitzeko produktu bat eskatu zieten espetxezainei aurretik, esanez [Kemal] Atatürken irudi bat egingo zutela paretan [Turkiako Errepublikako lehen presidentea]. Haki Kareren hilketaren urturrenean, “Traizioa geratu behar da, zabaldu sua”, zioten erretzen ziren bitartean. Ekintza horiek eragin izugarria izan zuten mugimenduan eta gizartean, garai hartan PKK ez baitzen erakunde handia. Eta gainera, handik hilabete gutxira, Irlanda Iparraldeko iraultzaileak eredu hartuta, Uztailaren 14ko erresistentzia izenez ezagutzen den gose greba kolektiboa hasi zuten zenbait preso politikok. Epaiketan iragarri zuten gose greba mugagabea. Eta hala, gose greban hil ziren Kemal Pir irailaren 7an, M. Hayri Durmuş 12an, Akif Yılmaz 15ean eta Ali Çiçek 17an. “Nire bizitza laburra izango da, baina ohorezkoa behintzat”, esan zuen azken honek.
Hori guztia 1982an...
Beste urteetan ere borroka handiak eraman genituen, baina horiek nabarmendu ditut, espetxean giroa zein zen irudika dezazun. Amedeko espetxean presoen aurkako basakeria izugarriak egin zituzten, baina Vietnam eta Saigoneko batailetan bezala, zenbat eta gehiegikeria handiagoak pairatu, gure erresistentzia handiagoa zen. Bazen Turkiako Ejerzitoko ofizial bat, Esat Oktay izenekoa, Amedeko espetxera bideratu zutena jendearen morala apurtzera eta traizioak eragiten saiatzera. PKK-k esan zion, “edonora joaten zarela, mendekatuko ditugu gure lagunak”, eta autobus batean zihoala hil zuten, Kemal Pirren partetik goraintziak eman ondoren.
PKKren bigarren kongresurako, Libanon, 1982an, jende asko zegoen batua erakundera. Öcalanek Kurdistanera itzuliko zela erabaki zuen, eta esan zuen espetxeko Uztailaren 14ko erresistentziaren arima PKK-ren borrokaren arima bilakatuko zela. Espetxetako borroka hura gertatu izan ez balitz, agian PKK ez zen izango egungoa. Borroka hark zilegitasun handia eman zion mugimenduari gizartearen aurrean ere, ikusi baitzuen mugimenduak ez zuela amore emango.
Öcalan atxilotu zutenekoa ere izugarria izan zen.
“Erabaki genuenean helburua ez zela estatu kurdua lortzea izango, haurrak bezala geratu ginen, oso ongi jakin gabe zer esan. Geure burua formatzen jarraitzea egokitu zitzaigun”
Fase hori benetan gogorra izan zen. 1998an Öcalanen aurkako nazioarteko konspirazioa hasi eta azkenean Kenyan atxilotzea lortu zutenean, protesta moduan eta nazioartean alarma jotzeko, ehundik gora pertsonak eman zioten su beren buruari. Gehienak kurduak ziren, baina baziren baita Turkiako ezkertiarrak, internazionalistak edo arabiarrak ere. Asko hil egin ziren. Gure espetxean, atxiloketaren berria iritsi zenean, preso politikook erabaki genuen protesta egingo genuela, baina ez halako ekintzarik. Baina hala eta guztiz ere, hiru kidek beren buruari su eman zioten. Sua oroitzen dut leku guztietan, “Biji serok Apo!” (Gora Öcalan buruzagia), “traizioei ez” eta “Gora PKK!” oihuka hil ziren. Norbaitek zure aurrean bere buruari su ematen badio, esloganak botaz hiltzen bada, momentu horretan usaintzen ari zarenean giza haragi erre usaina... esplikaezina da. Alderdia saiatu zen hori geldiarazten, baina haiek ere ezin zuten lortu militanteek halako sakrifizio ekintzak egiteari uztea, eta azkenik, Öcalanek gerarazi zuen. Argi utzi zuen ez zuela begi onez ikusten hori egitea, bere hitzetan ez zen zuzena geure buruak hala zauritzea, gurea bizitzaren aldeko filosofia delako. “Borroka egin behar dugu, gizartea aldatu eta geure buruak hiltzen baditugu espetxean, ez dugu lortzen. Espetxean dugun arma nagusia gure determinazioa da, gogoa”. Benetan garai gogorra izan zen.
Nola bizi izan dituzue bake prozesuak espetxean?
Öcalani jarraitzen diogu, hasieratik gaur arte, eta eman dugun urrats bakoitza bere insistentziaren ondorioa da. 1992an, lehen aldiz su-etena iragarri zenean, ez genuen gehiegi sinesten, batez ere estatuaren asmo onean. Gizartearekin bakea bai, baina estatuarekin ez genuen ikusten. 1993 ostean, gatazkarekin jarraitu genuen espetxean, 2001 arte. Espetxean konferentzia bat antolatu genuen, mugimendu iraultzaileen historian lehen aldiz espetxean alderdi baten konferentzia egin zen. Ordutik urtero egiten zen konferentzia espetxe bizitzaz, gatazka politikoaz, gure bizitza komunalaz... bertan hezkuntza komunala garatu genuen, hau da, espetxeetarako hezkuntza sistema, edo 68 egunez luzatu zen gose greba egin genuen bake prozesuaren alde. Gure borroka beti izan da soluzioaren alde.
Eta nola hartu zenuten Öcalanek proposatutako paradigma aldaketa, hau da, jada ez zinetela alderdi independentista bat izango, baizik eta herri boterea eraikitzea izango zela helburua?
Urteak Estatu Kurdua aldarrikatzen pasa ostean, erabaki genuenean helburua ez zela estatu bat izango, haurrak bezala geratu ginen, zer esan oso ongi jakin gabe. Geure burua formatzen jarraitzea egokitu zitzaigun eta aritu ginen Katalunian, Euskal Herrian, Brasilen, mundu osoan, kooperatibismoa eta antolakuntza ereduak aztertzen. Asko ikertu ostean ulertu genuen Öcalanen proposamena: estatua ez da soluzioa, estatua beti da arazoa, zurea bada ere bai. Kontua da, dogmatikoa bazara eta ideiak oso dogmatikoki barneratuta badituzu, eta egun batetik bestera aldatzen badira, arazo bati aurre egin behar diozula. Baina ondorioztatu dugu Öcalanek dioena zuzena dela. Paradigma aldatzea proposatu zuenean, desinformazio kanpaina indartsua egon zen esanez Öcalan jada ez zela alderdikoa eta abar, desprestigiatzeko eta gu zatitzen saiatzeko. Gogoan dut orduan, 2000ko urteberrian, nire ama lehen aldiz etorri zela espetxera bisitan, eta aurpegiratu zigun ea zergatik ari ginen horrelako gauzak zabaltzen. Gauzak argitu zizkigun eta borrokarako grina eman zigun. Nire ama bizpahiru aldiz egon zen Öcalanekin, Rojavan egon zen denbora batez eta jende asko egon zen berarekin, eta benetan konektatuta zeuden berarekin.
Zer aurkitu zenuen espetxetik ateratzean?
Aldaketa handia ikusi nuen. Telefono mugikorrena, nabarmenena. Inoiz telebistan ikusiak nituen, baina inoiz ez fisikoki. 2022an ateratzean, gainera, siriarra naizenez paperetan, hasiera batean milizia jihadisten esku utzi ninduten, eta esaten ziguten ez zegoela iraultzarik Rojavan. Kontua da, ederra izan zela ikustea emakumeek beren armada handia eraikia zutela Kurdistanen, zeinean kurduak, arabiarrak eta internazionalistak zeuden. Horrek asko inpaktatu ninduen.
Zenbat preso politiko kurdu daude egun?
4.000 eta 5.000 artean. Asko 30 urteko zigorrak betetzen ari dira, hori da estatuak baimentzen duen maximoa, baina gero aitzakiak bilatzen dituzte, jendea 33, 34... urtez ere edukitzeko.
Gaur egun Qmishlin bizi zara, Rojavan. Nola ikusten duzu hemengo egoera?
Mugimendu kurduak egiten duen irakurketa da Hirugarren Mundu Gerra hasia dela, neurri handi batean Israel babesteko egina. Bigarren Mundu Gerraren ostean eraiki zuten estatu hori, eta orain beren interesak babestu nahi dituzte, funtsean Erresuma Batuarenak eta AEBenak direnak. Plan horren aurka dago gizartea hemen, noski, eta aurre egiten dio, baina estatu horiek ez dute onartzen jendea antolatzea. Beraz, horixe egin behar dugu: jendea antolatu batean eta bestean, emakumeak, gizonak, gazteak, ekologiaren arloan, internazionalismoan, gure hizkuntzaren alde... paradigmak zabaltzen jarrai dezan. Abian dugun Rojavako Iraultza babestu behar dugu. Öcalanek bidali zigun azken mezuan zioen komunak antolatu behar ditugula leku guztietan, erabakigune horizontalak, jendearen parte-hartzea sustatzeko. Autodefentsa eta lanean jarraitzea dira, beraz, gure bideak.