1979ko urriaren 26an milaka lagun elkartu ziren Bilbon Bizkaiko Justizia Auzitegiaren parean, Albiako lorategietan, Basauriko Hamaikak deituriko emakumeen eta abortu eskubidearen aldeko aurreikaririk gabeko mobilizazioan. Hau da gertatutakoaren historia bisuala.
1976ko urrian, duela 50 urte, Basaurin festak zirela, Polizia frankistak 11 emakumeren etxetara jo zuen. Haietako hamar eraman zituen atxilo, hamaikagarrenak ihes egin zuen, eta bikotekide zuen gizona atxilotu zuten haren partez. Haien delitua: abortatzea edo abortatzen laguntzea. Kalabozoan egunak igaro ondoren –batzuek hilabeteak egin zituzten espetxean– baldintzapean utzi zituzten aske, sei hilabeteko kartzela-zigorraren mehatxua bizkarrean zutela. Hiru urte geroago deitu zituzten auzitegira deklaratzera, 1979ko urriaren 26an.
Haietako baten kasua Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kide batzuen belarrietara iritsi zen eta berehala hasi ziren mugitzen, abortu eskubidea mugimendu feministaren eskari nagusienetako bat baitzen ordurako. Basauriko Hamaikak deitu zieten, tabu guztiak hautsi eta, abortua, kontu pribatua izatetik auzi publikoa zela aldarrikatzeko intentzio osoz jarritako izena.
Egun hartan milaka lagun elkartu ziren Bilbon Bizkaiko Justizia Auzitegiaren parean, Albiako lorategietan. Hau da gertatutakoaren historia bisuala.
Kanpaina erraldoia abiatu zuen mugimendu feministak Basauriko Hamaikentzat amnistia eskatzeko. Espainiako Estatuan 1.300 autoinkulpazio sinatu zituzten emakume ezagunek, eurek ere abortatu zutela esaten. Epaiketaren aurretik, protestak, mozioak eta itxialdiak egin ziren, Euskal Herri osoan ez ezik, baita Madril, Lisboa eta Parisen ere. "Gotzaiek erdituko balute, abortua lege izango zen" oihukatzen zuten, bi eskuekin hirukiaren sinboloa eginda edo ukabila altxata, argazkiek jasotzen duten moduan.
Epaitegian akusatuek ez zuten beraien izenak ezagutzerik nahi, eta urriaren 26ko saioa ateak itxita egin zen Bilbon. 19 eta 38 urte artekoak, Basauriko familia umiletako emakumeak ziren, eta askok haur gehiago zituzten euren kargu. Feminismoarentzat, emakumeek jasaten zituzten arazoen aurrean euskal jendarteak zuen hipokrisia erakusten zuen kasu hark.
Abokatuak epaitegira togak jantzita eta elkar helduta joan ziren, 25.000 sinadura eskura entregatzeko, baina guardia zibilek eta poliziek altoa eman zien (irudian). 1978ko Espainiako erreforma politikoak lege asko aldatu zituen arren, emakumeen eskubideek aitortu gabe jarraitzen zuten: "Ikuspuntu juridiko batetik, garai frankistan bezalaxe jarraitzen dugu", zioten legelari feministek (Despues de... dokumentala, 1980). Medikuek antisorgailuak ukatzen zituzten eta posible zuena atzerrira joaten zen abortatzera, Parisera edo Londresera, baina ekonomikoki zailtasunak zituzten emakumeek ezin zuten halakorik egin: klase-gatazka agerikoa zen.
Epilogoa badu erreportaje grafiko honek. 3.000 lagun elkartu ziren Bilbon protestan. Kanpoko zarataren eta fiskalari egindako presioaren ondorioz, entzunaldia bertan behera geratu zen, eta feminismoak "garaipentzat" eta abortuaren aldeko lehen itu nagusitzat hartu zuen. Baina 1981ean berriz saiatu ziren emakumeak epaitzen, eta berriz atzeratu zen. Azkenean,1982an ateak irekita egin zen epaiketa: borroka gogorrak absoluzioa ekarri zuen. Aitzitik, horren ostean emakumeek ez zuten gehiago hitz egin nahi izan. Zergatik? Basauriko Hamaikak ia ahanzturan geratu ziren, eta azken urteetan pixkanaka berriz haien memoria berreskuratutzeko ahaleginak egin dira. Basaurin, adibidez, plaka batek gogoratzen ditu.
Iturriak: