Adurtza: adreiluzko itsasoa

Heraclio Fournierreko emakume kartagileak. Arabako Lurralde Artxiboa

2025eko abuztuaren 1ean - 07:04
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kostako zaizu Adurtza baino auzo zaharragorik aurkitzea Euskal Herrian: aurten 1.000 urte bete ditu, Donemiliagako Goldea dokumentuan ageri denez (ikusi Gakoak honetan Josu Narbartek idatzitako erreportajea horri buruz), eta merezi bezala ospatu dute bertan bizi direnek. Baina egiari zor, Adurtzaren bigarren bizitza 1950eko hamarkadan hasi zen, fabriken eta adreiluzko etxeen itzalean.

1) Fournierreko emakume kartagileak 

Erdi Aroan Adurzaha izenarekin herri gisa agertzen bazaigu ere, Adurtza laster geratu zen biztanle gabe, Gasteizko hiriaren eraginez. XX. mende erdialdean industriarako kokaleku bihurtu zen: San Cristobal hebilla fabrika, Esmaltaciones San Ignacio, BH, Iriondo... eta Naipes Heraclio Fournier. Azkeneko horrek 1948an auzoaren eremu handi bat hartu zuen eta lantegian emakume kartagileek paper garrantzitsua zuten. Aritza Saenz del Castillo historialariak ikertu duenez, 1970eko hamarkadan bertan aritzen ziren 1.000 langileetatik 700 emakumeak ziren. Urte horietan, jasaten zuten bereizkeria laboralagatik –soldata txikiagoa, ardura kargurik eza...– protestan hasi ziren eta hiriko mugimendu feministaren parte bihurtu ziren. Lantegia 1993an eraitsi zuten eta gaur egun auzoko kale luzeenak Fournierren izena darama.

2)  Eliza gorri bat

1961ean eraikitako San Ignazio parrokia gorria da. Adreilu gorrizkoa. Inguruko etxebizitza gehienak ere hala dira, baita garai hartan eraiki ziren langileentzako erresidentziak ere. Carlos Abaitua Gasteizko diozesiko gotzaina izan zen sustatzaile, adurtzarrek kontzientzia kolektiboa hartzeko lan eskerga egin zuena –horregatik poliziaren brigada politikosoziala-ren jomugan egon zen–. Adurtzan etxebizitzak egiteko “Mundo Mejor” kooperatiba sortu zuten, handik gertu Errekaleor egungo auzo askea eraiki zuen bera.

San Ignazio parrokia, adreilu gorri umilez egina. Arabako Foru Aldundia

3) Zentro soziala

Auzoan jarri ziren fabrikek euren langile guztiak eraman zituzten bizitegi berri edo kolonietara. Horrek berezi egiten du Adurtzaren soziologia, jadanik aurrez bazirelako klase izaeraren jabe. Asko Eibarkoak ziren eta BH eta Iriondo lantokietan aritzen ziren. 1960an zentro soziala fundatu zuten –beste auzoetan ez zegoen halakorik–, sareak ehuntzeko ezinbestekoa. Horrela, Adurtza, Gasteizko langile mugimenduaren lehen ernamuina bihurtu zen, 1976. urtean eztanda egin zuena.

Heraclio Fournier kalea 1985ean. Arabako Foru aldundia

4)  Ikastola publikoa 

Auzoaren hegoaldean dagoen Adurtza Ikastolak historia bizia du. Arabako Foru Aldundiak sortua, 1980ko hamarkadan gurasoek borroka egin zuten euren seme-alabek denek batera D ereduan ikas zezaten. Lau hamarkada geroago, Adurtza –eta Gasteiz– inoiz baino euskaldunagoa da. Orain, Adurtza eta San Inazio ikastetxe publikoak fusionatzeko asmoa dago, eta horren aurrean gurasoak elkarlanean ari dira segregaziorik gabeko ikastola publiko bakarra sortzeko auzoan.

5) Adurtza dantza taldea

Adurtza kalean, mural koloretsu batek gogoratzen du auzo aktibo batean gaudela: Adurtza dantza taldeak egin zuen iaz, bere 50. urteurrenaren kari. 1974an sortua, gaur egun ehun dantzarik baino gehiagok osatzen dute. Dantza taldea, ikastola, komertzioak, auzo elkartea, mendi kluba... denek ospatu dute aurten auzoaren milurtekoa, eta efemeridea baliatu dute auzoaren izaera komunitarioa azpimarratzeko. 

Adurtza dantza taldeak 50. urteurrenean egindako murala. Adurtza Dantza Taldea
Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Irakurri gehiago: Gakoak 2025 Komunikazioa ARGIA
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.