Hezkidetza, hezkuntza aldatzeko begirada hori

  • Nafarroako ikastetxeetan hezkidetza bermatzeko plana da Skolae, berdin bidean, maila guztietan “bazterkeriarik gabeko errealitatea” sustatu nahi duena: berdintasun ezarekiko ikuspegi kritikoa, hezkuntza afektibo-sexuala, autonomiaren lanketa, ahalduntzea, elkarbizitza...


2019ko abuztuaren 05an - 11:13

Nola jaiotzen dira txoriak?”, 4 urteko haurrez beteriko biodantza klasean airera bota du galdera irakasleak; “arrautzetatik!”, oihu egin dute ikasleek, aho batez. “Ongi da, beraz, jarri bikoteka eta bat arrautza izango da eta bestea, txoria”. Lurrean eseri dira, binaka, bizkarrezurra kiribilduta eta burua bularraldera eramanda ipini dira arrautza izatea egokitu zaien horiek; bitartean, txoriarena egiten dutenek babes postura osatu dute, besoekin bestea inguratuz. Pixkanaka, arrautza hautsi eta jaio berri den txoriarena egiten hasi dira eserita zeuden haurrak, besoak hegoak nola astinduz. Gorputz kontzientzia handitzeko, erlaxatzeko eta emozioak lantzeko biodantza egiten dute Berriozarko Mendialdea ikastetxean.

Egun berbera, ikastetxe berbera, baina beste gela bat, Haur Hezkuntzakoa hau ere. 5 urte dauzkate ikasleek. 14:40ak dira, gelara sartzeko unea, eta beraz, goizean eta jolas-orduaren ostean egin ohi duten errutinaren ordua da: sintoniaren ordua; bost minutu hartzen dituzte, erlaxatzeko. Musika lasaia entzuten dute estresa gainditzeko. Haur batzuk lasai-lasai daude, aulkian eserita, ukondoak mahaian, begiak itxita, arnasaldi patxadatsuan, bakarrik; hiruko taldetxo bat elkarri ilea orrazten ari da, eskuen laguntzaz, hitzik esan gabe; eta dozena erdi bat lurrean dago, kuxinen gainean eserita, trena osatuz, elkarri bizkarra ukituz, masajea emanez. Norberak hautatu du non egon nahi duen, nola lasaitu nahi duen eta norekin. Behin atsedena amaituta, bare-bare dago ikasgela, eta lanari ekin diote.

Ariketa horiek ez dira kasualitatea. Ikasleak berdintasunean hezi nahi dituzte Mendialdean, eta horren harira pentsatu dituzte dinamikak, “kultura berdinzalea” sortzeko Nafarroako Gobernuak iaz abiatutako Skolae, berdin bidean hezkidetza programan parte hartzen duen ehundik gora ikastetxeetako bat baita Berriozarkoa. Iaz plana martxan ipini zutenean, hamasei ikastetxe pilotuetako bat ere izan zen. Bigarren urtez ari da, beraz, genero, arraza, jatorri, identitate eta beste ezein arrazoirengatik sorturiko zapalkuntza eta bazterkeriari aurre egin nahi dion plana aplikatzen. “Modu transbertsalean egunerokoan lantzen ditugu gaiak, eta gero tutore bakoitzak saio batean propio lantzen ditu hezkidetza, hezkuntza emozionala, talde kohesiorako ariketak...”, azaldu du Ixiar Lujanbio ikastetxeko ikasketa buruak, pozik lortutako emaitzekin, “oso positiboa” baita zentroaren esperientzia. Eta bide beretik jo du eskolako zuzendari Marga Naranjok: “Bizikidetza arazoak prebenitzeko lana da hezkidetza lantzea. Hezkidetza aplikatuz, oso arazo gutxi izan ditugu”.

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak 2017-2021 ikasturterako diseinaturiko egitasmoa da Skolae, lau ardatz jorratzen dituena: bat, berdintasun ezarekiko gaitasun kritikoa eta aldaketarekiko konpromisoa; bi, autonomia, independentzia pertsonala eta enpleguaren zentraltasuna; hiru, lidergoa, ahalduntzea eta partaidetza soziala; eta lau, sexualitatea, elkarbizitza eta indarkeria prebenitzea. 0 eta 20 urte arteko haur zein gazteei bideratuta dago eta adinaren arabera eduki ezberdinak lantzen ditu, lau ardatz horietan oinarrituta.

Sexualitatea. Horra hautsak harrotu dituen ardatza. Puntu hori baliatu dute eskuineko alderdiek zein talde ultrakatolikoek Skolaeren lanketaren kontra jotzeko. Nolanahi, Nafarroako Gobernuak egindako lana defendatu eta aurrera jarraitzeko asmoa azaldu du.

Planaren sortzaileetako bat da Miguel Ángel Arconada, irakaslea eta maskulinitate berrietan aditua eta, haren aburuz, programak  ziurtatzen du hezkuntza hezkidetzailea izango dela, orain artean ez bezala: “Programa integrala da, hezkidetza jorratzen duena ikasleek berdintasunean bizitzeko duten eskubidea bermatzeko. Ardatza hezkuntza komunitatean jartzen du, zeren eta bestela beti egongo da gaiarekiko interesa duen irakasleren bat edo batzuk, gaia lantzen dutenak... baina borondatearen menpe geratuko da. Hezkidetzari antolakuntzatik ematen dio planak erantzuna, zentroak publikoki esan behar du berdintasunarekiko konpromiso hori duela, esan eta egin”. Orain arteko dinamikak tokian tokikoak eta irregularrak izan direlakoan dago, Skolaek, baina, “hezkuntza sistema osoari” begiratzen dio. Sare publikoko ikastetxe guztietan txertatuko dute aurrerantzean, baita eskola kontzertatu gehienetan ere –eskola kontzertatu batzuek uko egin diote Skolae lantzeari eta berdintasunarekin loturiko plan propioak garatuko dituzte, beti ere Hezkuntza Sailaren onespena jaso ostean–.

 

 

 

Ikaskide bati gauza positiboak idazteko ariketa, norberaren eta ingurukoen zaintzan oinarrituta

 

 

 

Erantzunak eman beharrean, galderak sortu

Kritikotasuna lantzea. Hori da ezinbesteko elementua berdintasunean hezteko. Horrela uste du Arconadak. Izan ere, hori izan da Skolaeren metodologiaren zutabea, ikasleek beren buruari galderak egitea. “Geletara berdintasunaren inguruko zalantzak eraman ditugu, baina kritikoek esaten digute gure helburua doktrinatzea dela. Doktrinatzea! Sutu egiten naiz hori entzuten dudanean. Nola ote da posible hori esatea oinarrizko metodologia ikasleek beren buruari berdintasunaren inguruko galderak egitea denean? Ezinezkoa da amaierako emaitza erantzun bakarra eta erabatekoa izatea”.

Iaz, planaren ezarpena ez zen nolanahikoa izan, asko pentsatu zuten nola txertatu. Lehenik eta behin, egitasmoaren planteamendu teorikoa egin zuten; bigarrenik, proba pilotuak, hamasei ikastetxetan; hirugarrenik, eta ikastetxe horiek aholkatutako hobekuntzak jasota, “aberastu” egin dute; eta azkenik, zabaltzeko prozesuan daude orain. Tartean, ehunka irakasle eta adituren proposamenak txertatu dituzte. Gauzak horrela, edukia “oso-oso landuta” dagoela dio Arconadak: “Irakasleak dira gaia lantzen dutenak, ez kanpotik etorritako adituak, baizik eta hezitzaileak eurak; horretarako, formakuntza handia jaso dute, bai ikastaro presentzialak baita sare bidezkoak ere. Gero, ikasgelan, metodologia eta ariketak askotarikoak dira, eta guztietan mantentzen dena ikuspegi kritikoa da”.

Ez da bakarrik norbanakoen kontua, gainera: Skolaeren garapena jarraitzeko, batzordeak sortu dituzte ikusguneetan eta, beraz, horiek dira nola ote doan aztertzeaz gain, praktikotasunean egiturazko beste zenbait arlori so egiten diotenak, jolastokiaren egituraketari edota zentroaren materialei, kasurako. “Zentroaren hezkidetza beharrekin zerrenda egin eta bide-orri bat garatu behar dute, izan daiteke jolastokiaren berrantolaketa, edo liburutegia berritzea genero aldetik parekidea izan dadin, edo arduren banaketaren inguruko azterketa... Guztira hamahiru lan lerro ezarri dizkiogu eta tokian tokian erabakiko dute zer den haientzat lehentasunezkoa”, dio Arconadak.

Gainontzekoan, ikastetxeak berak erabakitzen du nola landu edukia gelan; Lehen Hezkuntzan, tutoretza klaseak erabiltzen dituzte batez ere, gainontzeko ikasgaitan txertatzearekin batera. Dena dela, ez dago eskema itxirik. “Irakasle batzuek, ematen duten ikasgaiaren arabera, esaten ziguten: ‘Baina nik nola landuko dut berdintasuna fisika edo kimika ematen badut?’. Bada, programa honen bitartez ideiak lantzen dira zehar lerro gisa berdintasunarekiko kontzientzia izateko”.

Marga Naranjo: “Kontra daudenen jarrera arriskutsua iruditzen zait, mugak jartzen ari baitira, eta esaten ari baitira zein den familiarik egokiena”

Teoria, eskola eginda

Berriozarren malgutasun horren adibide bizia dira: ariketa batzuk Skolae programatik bertatik hartzen dituzte; besteak sortu egiten dituzte. Makina bat ekintza praktiko dituzte: maleta hezitzailea, berdintasunarekin loturiko liburuz beteriko maletatxoa; irakasleentzako eskuliburua, talde kohesioa eta emozio hezkuntza lantzeaz gainera, Skolaek egindako fitxak dauzkan liburu mardula; patio-laguna ekimena, zaintzaren inguruan egituratua, jolastokian inor bakarrik gera ez dadin; jolastokiko liburutegi ibiltaria, irakurketa ere jolas bihurtzeko; agenda feminista, hainbat emakumeren biografiak biltzen dituena eta haur guztiei ematen dietena ikasturte hasieran; “Emakumeak izendatu” dinamika, paretan hainbat emakume ezagunen izenen eta bizitzen berri emateko...

“Begirada da aldatu zaiguna, orain dena egiten dugu genero ikuspegiarekin”. Naranjo zuzendariaren irudikoz, jarduteko formak beste molde bat hartu du, eta Lujanbiok berriz, hezitzaileen ardura aipatu du: “Lehenbiziko aldaketa da irakasleok beste jarrera batekin ari garela lanean, eta hori transmititzen dugu”.

Irakasleak nola, ikasleak hala. Jarrera aldaketa da sumatu dutena, Naranjok dioenez: “Ikasleak gero eta kritikoagoak dira desorekaren aurrean, gelan esaten dute, ez dute onartzen, adibidez, ikusten badute dena genero maskulinoarekin idatzita gaztelaniazko klasean, zaintzaren lanarekiko sentsibilizatuago daude, lan banaketa dagoela kontziente dira...”.

Eta kontzientzia hori lortzeko, ez dira gutxi egin dituzten ariketak: norbere etxean etxeko lanak egin eta argazkiak ateratzea, jolastokiaren azterketa egitea taldean, propaganda katalogoak hartzea eta genero ikuspegiz begiratzea, kantak aztertzea, beren gorputzaren mugak zeintzuk diren jakitea... “Besteak beste, ikasi dute zaintza oso inportantea dela, batez ere mutilek; neskei hori beti transmititu izan zaie, baina orain mutilek ere kontzientzia hori hartu dute”, Naranjoren hitzetan.

Lan hori guztia ez da soilik eskolan egin, Berriozarren kasuan udalak ere berdintasunaren aldeko kanpaina garatu du eta familien partaidetzak ere izan du mamia. Naranjoren arabera, oso ongi hartu dute familiek ekimena eta hori giltzarria izan da. “Sarri familiek parte hartu behar dute eskolako lanetan, adibidez, etxerako lanak egin eta gurasoek argazkiak atera behar dituztenean. Oso garrantzitsua da hori. Programak ongi funtzionatu dezan ez da bakarrik eskolan gelditu behar, familiek ere jorratu behar dute, eta inportantea da herri mailan zaintzea, nola ez; hemen udala oso inplikatuta dago. Izan ere, lana alferrik da gero eskolaz kanpoko jardueretara bazoaz eta hor ez badute ikuspegi horrekin lan egiten”, azpimarratu du Lujanbiok.

Azpiegiturari dagokionez, jolastokia berrantolatzen ari dira, “eskaintzak berak transformatzen baitu non dauden neskak eta mutilak; haurrak non dauden eta zer egiten duten zehazten dute jolasek”, zuzendariaren aburuz. “Lehen, mutilak erdian batuta zeuden, baina zenbat eta gehiago zabaldu eskaintza, orduan eta errazago difuminatzen da genero bereizketa, eta arazoak ere askoz gutxiago dira”. Oraindik ere futbol zelai handia dute patio erdian, baina helburua da zelaia bazter batean jartzea eta erdigunea bestelako jolasetarako uztea. Mendixka batzuk daude, haurrak gainera igotzeko, baita berdegune bat ere. Eta txikien gunean aldaketak egin dituzte jada: bertako egurrarekin egindako bankuak dauzkate, erretxina kutsakorrik gabeak, etxola bat, zubi bat, koloretako gurpilez eta egurrez egindako azpiegitura bat, enbor bat lurrean zeharka jarrita, gainean igotzeko, eta espazio huts zabala, umeak euren kasa aritzeko. 

Aldaketak aldaketa, prozesua erraza izan da Mendialdean, “inongo erresistentziarik” ez dute aurkitu eta bai ikasleek, bai gurasoek, baita irakasleek ere besoak zabalik hartu dute programa. “Gurasoek bikain hartu dute, hasiera-hasieratik azaldu zitzaien eta”, zehaztu du Lujanbiok, eta ikasleekin antzera pasa da: “Mutilek ez dute ikusten pribilegioak dituztenik, ez dute ikusten galtzen ariko balira bezala. Gauza normal bat bezala hartzen dute, denek irabazten dutela ikusten dute”. Horregatik, ia ulergaitza zaie Skolaeren kontura batzuek hauspotutako sua.

M. A. Arconada: "Sutu egiten naiz doktrinatu nahi dugula entzuten dudanean. Nola ote da posible hori esatea oinarrizko metodologia denean ikasleek beren buruari berdintasunaren inguruko galderak egitea?"

Polemika iturri

Inposizioa. Genero ideologia. Umeen doktrinamendua. Horiek dira eskuinak eta talde ultrakatolikoek erabilitako gaitzespenetako batzuk. Ez da makala izan genero berdintasunean eta sexualitatean sakontzen duen planak jasotako kritika: UPN, PP, Ciudadanos eta Vox kontra azaldu dira eta Guraso eta Familiaburuen Espainiako Konfederazio Katolikokoak auzitegietara jo du, “genero ideologia” zabaltzen duen “inposizioa” delakoan. Plana idatzi zuten bost pertsonak eta beste bost tutorek deklaratu egin behar izan dute Nafarroako Auzitegi Nagusian, M18 elkarteak, Concapak eta guraso talde batek aurkezturiko demandei erantzunez.

UPNko buru Javier Esparzaren aburuz, “generoa eta sexualitatea ulertzeko era bakarra” du xede programak. Bide beretik jo du Nafarroako parlamentuan bi ordezkari baino ez dituen alderdi popularrak: “Haurren buruan genero ideologia txertatzeko baliatu nahi duten zentzugabekeria da, eskandalua”, esan du Ana Beltrán PPko bozeramaileak.

Change.org webgunean, Nafarroako Gobernuak egitasmoa bertan behera utz dezan sinadura bilketak daude martxan eta horietako batek 28.000 sinaduratik gora bildu ditu. Txanponak badu beste aldea ere sarean: hezkidetza programa Espainiako Estatura zabaldu dadin eskatzen duena. Gatazkaren tamainaren lekuko izan da Nafarroako Parlamentua: hainbat parlamentari Skolaeren aldeko kamisetak jantzita joan dira. Horixe da gatazkaren pisua. Ziklo politikoaren zurrunbiloaren erdian egon da. Eta titular mordoa sortu dituzte haren kontura.

Urak mugituta badaude ere, polemikaren benetako neurria zein den zehaztu beharko litzatekeelakoan dago Arconada: “Formazioa egiten ari zen %5ak baino ez du utzi. Oso kopuru txikia da”. Kanpotik, kritika zenbait; barnetik, harrera ona. Gisa horretakoa izan da errealitatea, dioenez. “Irakasleen balorazioa oso positiboa da, anitza izan da edukia, online formakuntza eta praktikak. Formakuntza jasotzen duten irakasleek ez dakite polemika nondik datorren ere, esaten dute: ‘Nola esan dezakete hori, lantzen ari garen material honi buruz?’. Ulergaitza da”.

Testuinguru horretan, ezinbesteko galdera: nola liteke hezkidetza programa batek halako eztabaida sortzea? “Ez dagoelako gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruko kontsentsu sozialik. Beraz, proiektu batek esplizituki landu nahi duenean gai guztiak jorratuz, sumindura pizten da”. Argi du Arconadak. “Hezkidetzatik zalantzan jartzen denean gizonok matxista izaten jarraitzen dugula, gauza batzuei uko egin beharko geniekeela... pertsona batzuek ezbaian ikusten dute beren identitatea; egun, ez da onartzen maskulinitatearekiko eta horrek dakartzan pribilegioekiko jarrera kritikorik izatea. Erresistentziak daude”. Ustezko gizarte itun batzuk daudela dio, “genero biolentziaren kontra mundu guztia dago” adibidez, baina iritzia ez da horren argia berdintasun gaiekin.

Harridura. Horixe da bai Lujanbiok bai Naranjok polemika klasifikatzeko erabilitako adjektiboa. Zuzendariak egin du hausnarra: “Hemen ez dugu inor behartzen identitate konkretu bat izatera edo familia konkretu bat izatera. Kontrakoa, berdin tratatzen ditugu familia guztiak: bi ama, bi aita, bakarra... Inoiz ez dugu deus kolokan jarriko familiaren arabera. Eta mutilak eta neskak izango dira beraiek sentitzen duten hori, eta guk onartuko ditugu. Kontra daudenen jarrera arriskutsua iruditzen zait, mugak jartzen ari baitira, eta esaten ari baitira zein den familiarik egokiena, eta bakoitzak izan behar duela identitate bat jaiotzeko sexuaren araberakoa, hori bai dela mugatzea”. Erabiliaren erabiliaz higatutako “inposizioa” terminoa “berdintasunean ez heztea” litzatekeela uste du, halaber. “Kontra dauden ikastetxe horietan familia tradizionaletik at dagoen eredu edo pertsonaren bat egonez gero, nola sentituko da?”. Galdera luzatu die Naranjok Skolaeren kontra mintzatzen direnei.

 

 

 

 Maleta hezitzailea, genero ikuspegia duten liburuz eta komikiz beteta, ikasleek nahi dutenean irakur ditzaten.

 

 

 

DATUTAN:

106

2018-19 ikasturtean Skolae eman duten ikastetxeak:

9 ikastetxe 0-3 adinekoak

94 ikastetxe publiko

6 ikastetxe itunpeko

17.467

Programa jasotzen duten ikasleak:

Ikasle guztien %15,13

Kontuan hartuta bai 0-3 adina, bai derrigorrezko hezkuntza osoa, bai Lanbide Heziketa.

1.253

Skolaen parte hartzen ari diren irakasleak


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
“Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da”

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude