1969ko urtarrilaren 30ean,
The Beatles taldeak azken kontzertua eman zuen beren grabaketa-estudioaren teilatuan. Hiru urte zeramaten kontzerturik eman gabe, baina 1968an bi kanta promozionatzeko jendaurrean eginiko emanaldiak zuzenekoen harra berriro sartu zion Liverpoolgo laukoteari. Euren hurrengo diskoa zuzeneko emanaldi batean grabatzea erabaki zuten eta kamerekin prozesu guztia filmatu zuten.
Gauzak, ordea, ez ziren hasieran uste bezala atera, eta azkenean euren ekoizpen-talde eta kaletik pasatzen zen jendearen aurrean jo zuten, inolako iragarpenik egin gabe. Emanaldia Poliziak eten zuen, bizilagunen kexen ondorioz kontzertua emateko baimenaren eske bertaratuta.
Iturria:
Kenneth Womack, Long and Winding Roads. The evolving artistry of the Beatles (Boomsbury).