1890ko abenduaren 15ean,
Tatanka Iyotake Zezen Eseri hil zuten AEBetan, dakota herriaren buruzagia. Goizaldeko ordu txikietan ohetik arrastaka aterata, polizia indiarrak tiro egin zion buruan bere etxearen kanpoaldean. Jarraian, Zezen Eseriren kideak hurbildu eta tiroketa bat izan zen Poliziarekin. Zazpi jarraitzaile eta sei polizia indiar hil ziren. Urte haietan Mamu Dantza mugimendu erlijiosoa zabaldu zen jatorrizko herrien artean, profezia batean oinarrituta: kolonoak lurretik desagertu eta bakea nagusituko zela. Mugimendu hark herri ugari ideia antikolonialen inguruan batzea lortu zuen, eta hori mehatxutzat hartu zuten AEBetako agintariek. Zezen Eseri izan zen gobernuaren biktimetako bat, inoiz itunik sinatu ez zuen Hunkapapa herriaren buruzagi boteretsua.
Iturria:
Nick Estes, Gure historia da etorkizuna. Standing Rock vs Dakota Access oliobidea, eta indigenen erresistentziaren tradizio luzea (Katakrak).