1661eko urriaren 13an,
Matalaz atxilotu zuten tropa frantsesek. Bezperan Sohütan borrokaldia galdu ostean, Urdiñarbeko Gentein etxean gotortu zen Bernard Goienetxe izena zuen apaiza, zenbait laborarik lagunduta. Defentsarako prestatu zuten etxea, baina tropek inguratuta, sarraskia saihesteko errenditu egin zen. Heriotzara zigortua, azaroaren 8an lepoa moztu zioten Lextarreko plazan, eta biharamunean bere burua Mauleko sarreran paratu zuten frantziarrek. Abenduaren 31 gauean, herritarrek burua berreskuratu eta lurperatu egin zuten. Matalazek 7.000 matxinatu inguru gidatu zituen ekainean nobleziaren aurka abiatutako herri matxinadan.
Iturria:
Iturria: Martin Ugalde, Historia de Euskadi II. Desde 1515 hasta 1839 (Planeta).