1926ko irailaren 15ean,
Lazkao Txiki jaio zen. Joxe Migel Iztueta Kortajarena izenez jaioa, bertsolari ezaguna izan zen. Gipuzkoako txapela jantzi zuen 1964an, eta Euskal Herriko txapeldunorde izan zen hurrengo urtean.
Lazkaomendiko Abaline baserrian jaioa, Joxe Migel Iztueta oso azkar hasi zen bertsotan garaiko bertsolari ezagunekin, Uztapide, Zepai edo Lasarte kasu. Gorpuzkera txikiak, ahots finak, umoreak eta samurtasunak markatu zuten bere kantaera, eta bat-bateko bertsolari peto-petoa zen.
Haren ateraldiek, dramatizazioak eta bere buruaz barre egiteko zuen joerak –mutilzahar baserritar eta pobrearen paperetik–, entzuleek txaloka, algaraz, baina baita maitakor hartzea ere ekartzen zuten. Hala ere, estereotipo horrekin "erreta" zegoela ere aitortu zuen behin baina gehiagotan: "Nahikoa da esatea barre egiten duenak negar ere egiten duela. Batek egiten dizkik biak", azaldu zien Juan Joxe Petrikorenari eta Jon Aranori, ARGIArekin 1988an egindako elkarrizketa batean.
Bestalde, Lazkao Txiki aforista bikaina zen, esaldi bakarrean eta oso modu sinplean belarri guztiek entzuteko moduko ideiak botatzeko kapaza zen: "Txikia bai, baina eskasa ez!", azpimarratu ohi zuen, ezagun denez. Berea da, halaber, beste esaldi hau: "Martxa honetan, aurki erdaraz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan".
– Zenbat senide zarete?
– Gu, zazpi.
– Eta bizi?
– Bizi, ni bakarrik.
– Eta besteak?
– Ez, haiek lana egiten dute.
Baina Lazkao Txikiren memoria herritarren barruan gorde bada, oso gertukoa zelako ere bada. Esaterako, maite zituen haurrak, eta Lazkaon gaur heldu diren asko oraindik oroitzen dira gerturatu eta txanpona nola oparitzen zien irribarretsu, bertsotan hasi aurretik edo ondoren.
1998an ETBk haren bizitzari buruzko marrazki bizidun telesaila estreinatu zuen. 1993ko apirilaren 3an hil zen, 66 urterekin.
Iturria:
Urko Apaolaza, Lazkao Txiki, ehun urte eta bizirik (ARGIA, 2026ko irailak 15)