1866ko urtarrilaren 9an,
Jose Maria Zubia Aita Mari hil zen Donostian, itsasoan erreskate lanetan ari zela. Zumaiarra sortzez, itsasontzi txiki baten jabea zen: hasieran, beladun ontziei portura sartzen laguntzen zien. Lan horretan, itsaso zakarretan ibiltzen ikasi zuen. Zumaiatik Donostiara joan zen bizitzera, eta traineru baten nagusi bihurtu zen: antxoak eta sardinak harrapatzen zituzten gehienbat.
Baporezko itsasontzia asmatu arren, arrantzaleek belazko edo arraunezko txalupak erabiltzen zituzten arrantzarako.
1861eko udan bere bizitza aldatuko zuen lehen erreskatea egin zuen: Donostian itsaso zakarraren ondorioz Urgulleko harkaitz artean harrapatuta geratu zen ontzi bat laguntzera irten zen bere ontzi txikian bederatzi pertsona hartuta. Hainbat pertsonari bizitza salbatu zieten.
Erreskate horren ondoren, ospe handia irabazi zuen hirian. Itsasoan hildako marinelen alargunei eta Aita Mariri omenaldia egin zieten Antzoki Zaharrean eta Itsas Benefizentziaren Gurutze Handia eman zioten.

Handik bost urtera, bisigutan ari ziren bi ontzi getariar urperatu ziren Kontxako badian eta erreskatera atera zen bere txalupa txikiarekin. Itsas kolpe baten ondorioz, ordea, itsasoan hil zen Aita Mari, erreskatatu nahi zituen 38 arrantzaleak bezala.
Donostiarrek bere omenezko bustoa kokatu zuten kaian. Hala dio plakan ageri den Antonio Arzaken bertsoak:
¡Mari!
Urikalduak salbatu nayaz eman zenduben biziya,
ta gaur daukazu, goitalchatuaz obiz itsaso aundiya:
¡Lo egin zazu baga zoñuaz.... o gizon maitagarriya!
onraturikan zure gloriyaz Donosti eta Kantauriya.
Gaur egun Mediterraneoan errefuxiatuen erreskate lanetan dabilen ontzi batek bere izena du.

Iturria:
Malen Aldalur, Mito bihurtu den arrantzalea (Irutxuloko Hitza, 2017ko abenduak 8).