1992ko urtarrilaren 13an,
Japoniako Gobernuak barkamena eskatu zien emakume korearrei II. Mundu Gerran sexu-esklabo gisa erabili izanagatik. Auzia ikertzeko exijituz protestak indarra hartzen ari ziren Korean, eta barkamena baino bi egun lehenago ikerlari batek Japoniako Gobernuaren erantzukizunaren frogak aurkitu zituen Japoniako Gerra Ministerioaren artxiboan. Okupatutako lurraldeetan 50.000 eta 200.000 emakume asiar artean bahitu zituztela kalkulatzen da. Kontsolazio estazio deitzen zieten burdel militarretan, soldadu japoniarrek egunero bortxatzen zituzten. Emakume horietatik asko sexu transmisioko gaixotasunek jota hil ziren edo abandonatu egin zituzten, eta euren herrietara itzuli ahal izan zutenek estigma sozial izugarriari egin behar izan zioten aurre.

Barkamena eskatu arren, errebisionismo historikorako joera handia hedatu zen Japonian, eta gertaerak ukatu eta konpentsazio politika eskasak proposatu zituzten askok.
Iturria:
Pyong Gap Min, Korean “Comfort Women”. Military brothels, brutality, and the Redress Movement (Rutgers University Press).