1996ko ekainaren 30ean,
Irungo Alardean emakumeek soldadu gisa hartu zuten parte lehen aldiz. Aurreko hilabeteetan, emakumeen parte-hartzea eztabaidatzeko prozesu bat zabaldu nahi izan zuten Bidasoaldeko Emakumeek, baina ez zitzaien inongo aukerarik eman, mespretxua eta irainak baino ez zituzten jaso bueltan, eta "ateratzen saiatzea beste alternatibarik ez ziguten utzi", Mertxe Tranche historialariak ARGIAn kontatu zuenez.
San Martzial egunean, 57 emakumek Urdanibia plazatik San Joan plazarainoko bide laburra egin zuten eta irainak eta biolentzia fisikoa jasan zuten ikusleengandik. Gatazkak bizirik dirau oraindik.