1607ko ekainaren 24an,
Aurpegia estalitako hamabi zaldunek Donibane Lohizuneko herritarrak jipoitu zituzten. Erasoaren jatorrian Urruñako Urtubia jauntxoaren eta Donibane Lohitzuneko agintarien arteko liskarrak zeuden, portuaren eta Ziburuko zubiaren eskumenak tarteko.
Gatazkan zehar sorginkeria salaketak egin zizkioten elkarri eta, Urtubiaren presioen ondorioz, Henrike Nafarroako eta Frantziako erregeak Pierre De Lancre inkisidore kriminala bidali zuen Lapurdiko “sorginkeriak” ikertzera.
Horrela hasi zen Iparraldeko gizartea astinduko zuen sorgin ehiza. De Lancre euskaldunen ondorengoa zen, baina euskarari eta Euskal Herriari gorrotoa zien. Ehunka herritar atxilotu, Senpereko gazteluan torturatu eta 60 sutan erre zituen.
Euskal Herrian, dokumentatua dagoen inkisizioaren lehen exekuziotik (1329) azkenera (1610), 200 eta 323 pertsona artean hil zituzten, gehienak emakumeak, eta denak "legez".
Iturria:
José Dueso, La caza de brujas en Euskal Herria a través de sus principales procesos judiciales (Txertoa).