Gazako iparraldeko Beit Lahiya hiria setioan dago eta Israelen etengabeko erasoaldiek gutxienez 120 palestinar hil dituzte azken aldi honetan. Astebete baino gutxiagoan, urriaren 24tik 29ra bitartean, NBEk “biktima masiboak” izan dituzten zazpi eraso erregistratu ditu. Zonaldean laguntza humanitarioa sartzea ekiditen ari da Israelgo armada.
Israelek asteak daramatza Gazako Iparraldea etengabe bonbardatzen zonaldea setiaturik duen bitartean, Al-Jazeerak jaso duenez. Asteazken goizean Beit Lahiyak – Gazako iparraldeko udalerri batek– hiria “zonalde katastrofiko” izendatu du. “Beit Lahiya hondamendi eremu gisa deklaratzen dugu, Israelgo sarraski gerraren eta setioaren ondorioz. Ez du elikagairik, urik, ospitalerik, medikurik, zerbitzurik ezta komunikaziorik ere”, adierazi du.
Etxebizitza blokeen aurkako lau eraso egin ditu Israelek
Aurreko ostiralean Israelek Beit Lahiyako iparraldean etxe bi bonbardatu eta 25 pertsona hil ditu. Hurrengo egunean, larunbatean, etxebizitza bloke bat suntsitu eta 30 zibil hil eta hamarnaka desagerrarazi zituen. Asteartean aireko erasoaldia egin du Israelek, beste behin, etxebizitza-bloke baten aurka. Bertan lekualdatutako familiak bizi ziren eta 93 hildako, horien artean 25 haur, eragin ditu. Tor Wennesland, Ekialde Ertainean Nazio Batuen Erakundeko mandataria, "atsekabetuta" agertu da astearteko erasoagatik. “Gazako zibilen sarraskia, eraso orokortuak, eta Gazako herritarren joan-etorri amaigabea gaitzesten ditut zalantzarik gabe”, erran du. Egun bereko ilunabarrean gutxienez beste 19 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek, berriro ere etxebizitza-bloke batzuen aurka eginez. Hamarnaka pertsona daude hondakinen azpian harrapatuta, erreskate taldeak bizirik atera diren pertsonak bilatzen ari diren bitartean. Orotara, Israelgo indarrek 120 palestinar hil dituzte gutxienez Beit Lahiyan. AEBek ere “izugarritzat” jo dute azken asteetako erasoaldia.
Israelek ez ditu osasun-zerbitzuak sartzen uzten
Raed al Nemsek, Palestinako Ilargi Gorriko bozemaileak, Gaza iparraldeko egoera “katastrofikoa” dela berretsi du, anbulantziek ezin baitute zaurituengana heldu. Israelgo armada 25 egunez jarraian laguntza iristea eragozten ari da, eta militarrak nahita ari dira su ematen errefuxiatuen aterpeei. “Lehentasuna Gaza iparraldean erasoa gelditzea eta anbulantziak sartzen uztea da”, azaldu du Nemsek, eta zaurituak sorosteko zailtasuna dela eta hildako kopuruak gora egiten duela gehitu du.
Sam Rosek, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslarientzako Nazio Batuen Herri Lan eta Sorospen Erakundeko zuzendariordeak, adierazi du Israelek ukatu egin duela Gazako iparraldera hornigaiak eramateko baimena, setio militarra jasan duten iparraldeko ospitale bi izan ezik. Normalean arrazoiak eman ohi dituztela azaldu du, eta oraingoan auzi operatiboak direla eta ezinezkoa dela esan diete. Laguntza misio gehienak soilik Gazako hirian sartu dira, baina ez operazio militar gogorra izaten ari den setio-zonaldean. Rosek berretsi duenez, Gazako palestinarrek hilabeteak daramatzate “gosetearen eta elikadura ziurgabetasun katastrofikoaren ertzean”. Egoera horretan gertatzen ari dena ziurtasunez jakitea “oso zaila dela” jakinarazi du, erasoaldien intentsitateak eta sartzeko aukera faltak eragozten dutelako
Gosea arma gisa
Oxfam konfederazioak ere salatu du ezin direla Gazako iparraldera heldu bonbardaketa kanpainagatik, eta Israelgo armadari egotzi dio gosea “palestinarren aurkako ofentsiban arma bezala erabiltzea”. Hani Mahmoudek, Al-Jazeerako erreportari batek, salatu du “oinarrizko hornigaien faltak eta etengabeko erasoek Gazako iparraldeko palestinarren existentzia sustengatzen duten baliabide guztiak suntsitzen ari dela Israel”. “Hormigoizko eskeletoak bihurtu dira hiriak, hilerri desolatuak dira, Gazako iparraldean bizitza bermatuko duen ezer ez dago”, gehitu du.
Jabaliaren, Beit Hanoonen eta Beit Lahiyanen aurkako erasoek 800 lagun hil dituzte setioa hasi zenetik, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]
La UPV/EHU Palestina va néixer amb l'objectiu de trencar amb totes les empreses i institucions israelianes que estan duent a terme un genocidi en Palestina i treballen amb ella. La impunitat d'Israel prové de les seves relacions polítiques, militars, econòmiques, científiques... [+]
L'ofensiva imperialista israeliana ha entrat en una nova fase: bombardejos a Iemen, Líban i Síria; atacs contra l'Iran; intent d'invasió de Líban… Els sionistes han aconseguit un vell objectiu: Anar més enllà de Palestina i convertir l'atac en una guerra regional.
L'augment... [+]