Atez Atekoaren kontrako Bergarako 4.771 botoen irakurketa bat
[Pello Zubiria Kamino] Onena, hasieratik hastea. Hona gaur hedabideek Bergara Garbiak Atez Atekoaren kontra antolatutako galdeketaz eskaintzen dituen titularrak (berriak agertu ahala gehituko ditugunak):
Goiena: “4.843 boto jaso dituzte hondakinen bilketaren gaineko Bergarako galdeketan“, “Udal Gobernu taldearentzat ‘gaizki planteatutako galdeketa’ izan da“, “Bergara Zero Zabor: ‘Dozenaka arau hauste ikusi ditugu’”
Noticias de Gipuzkoa: “El 98% de los votantes en Bergara rechaza el sistema ‘puerta a puerta’“, “Las consultas de Igeldo y Bergara obtienen un gran respaldo popular”
Gara: “La consulta de Bergara Garbia logra escasa implicación y Zero Zabor la tilda de ‘pucherazo’”
Diario Vasco: “Rechazo rotundo al puerta a puerta en Bergara en la consulta popular“.
Galdeketak datu batzuk utzi ditu ezagutu direnak: boto kopuruak. Asko ala gutxi izan dira? Eman diren 4.843 botoek egiten dute zentsoaren %41,7. Parte hartzea ezin da kalitatez konparatu Igeldon egun berean izandako beste galdeketarekin (zentsuaren %72,1) eta ezta ere kantitatez Atez Atekoaren kontra Legazpin aurten bertan egin zenarekin (han zentsuaren erdiaren botoak bildu ziren). Asteburuan bildutako 4.843 botoetatik 4.771 izan omen dira 5. edukiontziaren aldekoak; 2012ko udaberrian 4.691 sinadura bildu zituen plataforma berak Atez Atekoaren kontra.
Horiek badira ezagutarazitako datuak, ezagutu gabeek ez dute garrantzia txikiagoa: benetako datuak zeintzuk dira? Ez dakigu horiez Juan Antonio Perez Dapena notarioak argibide gehiago emango duen. Itxura batera, galdeketaren kalitate onaren fede emateko kontratatu zuten. Asteburukoan pittin bat, erdizka ala osorik errepikatu ote da 2012ko udaberrian Bergara Garbiak aurkeztutako 4.691 sinaduren eskandaloa? Ezin da bestela deitu horien artean ez bat edo dozena eta erdi baizik eta 600 sinadura errepikaturik egotea (ikus “Polemika Bergaran Atez Atekoaren kontrako sinaduren bilketa dela eta“).
Bilduren kontrario itsua ez den edonork onartuko du Bergarako udal gobernuak arrazoi duela dioenean “gaizki planteatutako galdeketa” izan dela. Zerikusirik ez Igeldon egin dena bezalako batekin. Edozein gipuzkoarrek daki aspaldidanik Diario Vascok ardo bihurtu dezakeela errekako ura bera, baina herri galdeketen estandarra ez litzateke apaldu behar eskrupulorik gabeko komunikatzaile horizten babesak harrotuta. Ez du pozik ematen Interneten “Bergara Garbiaren fartsa” bezalako lekukotasun bat ikusteak: lotsarazi beharko gintuzke.
Ulergaitza baldin bada Joseba Egibarren GBBk ez eskua sartzea Bergarako batzokian sinadura bilketaren iruzurra jakindakoan, ulertezina izango bailitzateke Notarioen Elkarteak ametitzea bere bazkide bat Bergarakoa bezalako show batean parte hartzen.
Hala ere, politikari eta politikazaleak (ia denak) gehienetan epe laburreko emaitzek kezkatzen dituztenez, pentsatzekoa da bulegoetan asteburuko datuak alderatzen ariko direla 2011ko udal hauteskundeen emaitzekin, kalkulatu nahian nola leudekeen oraintxe botoak Bergaran 2015ko hauteskundeak bihar bertan egitekotan. Erraztu diezaiegun lana pittin bat:
– Bergarako botoak 2011ko udal hauteskundeetan: zentsua 11.673; botoak zentsuaren %72,8. Alderdika: EAJ 2.108; Bildu 3.608; PSE 627; PP 235; Aralar 748 (Bergaran gaur Bildu+Aralar daude agintean.
– Asteburu honetako botoen (zentsuaren %41,7) eta 2011ko botoen (%72,8) arteko tartea: %31,1 = 3.633 boto. Xuxen-xuxen Bilduk 2011an atereak!
– Dagoen polemikarekin eta Diario Vascoren kanpainarekin, gehi boto delegatu eta bestelako baldintza “eskuzabalekin”… esjerazioa ote da pentsatzea Atez Atekoaren kontrakoek abstentzioari arramaskatu ahal izan dizkiotela gutxienez Aralarrek 2011anl ortutako 748ak adina boto?
Bukatzeko, oroitarazi gauza bat dela hondakinen kudeaketaz herritarrak une batean eta handik denbora batera eduki ditzakeen pertzepzioak eta oso bestelakoa udal hauteskundeetan emandako edo eman gabeko botoa. Hernanin datu eta guzti demostratu zen “Legazpiko familien %27k Atez Atekoa hautatu du: gutxi ala asko dira?” sarreran kontatu bezala.
[18:30 Eguneraketa] Gipuzkoa Zero Zaborrek bere blogean Bergarako galdeketa eta emaitzak aztertu ditu: “Irregulartasunen frogak eta gardentasun falta Bergara (ez hain) garbiak antolatutako sasigaldeketan” Hona GZZk ematen duen informazio garrantzitsu bat hedabide gehienek oker eman dutena: “Sistema mixtoa da aurki abian jarriko dena, eta ez, Atez Atekoa, sistema eraginkorrena, Zero Zaborrekoek lehenesten duguna. Garbiakoek, ez-ikusiarena egin diote adostasunerako eta kontsentsurako ahalegin horri, eta bere galdeketatik kanpo utzi dute, jendeari, ahalegin hortaz irizten dionaz galdetu gabe”.
5 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Fartsa omen | munean - […] diot: aukera gutxi ematen dio kontra egon daitekeenari. Adibide bat:Larrun astekaria. Beste bat: Bergarako kontsulta. FARTSA Bergarakoa, bikaina Igeldokoa.…
- Bergarako galdeketa: erreakzio gehiago | Zero Zabor - […] antolatutako galdeketaren emaitzak eta lehenbiziko erreakzioak bildu ditu blog honek: “Atez Atekoaren kontrako Bergarako 4.771 botoen irakurketa bat“. Geroztik…
Notarioaren papera dago alde batetik, baina nik benetan ulertzen ez dudana da zein den Ertzainek galdeketa ez ofizial horretan jende bati han egoten ez uzteko arrazoia. Zer egiten zuten han ertzainek istilurik ez bazen egon? (nik ez dut irakurri inon istilurik egon zenik)
http://www.berria.info/albisteak/85656/banalisiab_arantxa_iraola_tenkatuegi_deserosoegi.htm
Kaixo,
Artikulu ederra egin duzuena, baina matiz txiki bat: bideo hau ez du Bergarako Zero Zabor tadeak zabaldu, herritar batzuen ekimen propioz egina izan da.
Mila esker eta ongi segi!
Ustezko irregulartasun horiek ekiditeko oso modu erraza dago. Udalak eta Diputazioak berak antolatu zezaketen galdeketa. Azken honek Igeldon egin badu, zergatik ez zabor bilketaren inguruan sekulako zalaparta dagoen herrietan? Gipuzkoan boterean dagoen koalizioa benetan herritarren parte hartzearen alde badago, partehartze hori aurrera eramateko bideak zabaldu beharko lituzke. Igeldon bai baina baita Bergara, Legazpi etabarretan.
Bai, eta leku guztietan eta herritarrek eskatzen duten gai ezberdinei buruz, horretarako babes nahikoa badute (hitzartutako sinadura legal kopuru zehatza, esaterako) eta arauak denok onartuta (nork izango duen botua emateko eskubidea, nola eman ahalko den botua, eta abar). Hori dena da falta izan dena komentatzen ari garen honetan, zoritxarrez.
Ta zein izan biharko litzake galderia??? inzineradoria bai ala ez??? ze usten det nik, 5.kontenedoran aldeko talde politikuek batez ere ez deuela oso ondo jokatu, gizurrak esaten atez atekuan kontra. Nik ere usten det igual gipuzkua mailan galdeketia ein biharko zala baina horixe, inzineradoria bai edo ez, ta baietzak ertetzen badeu…baiezkuak boto geixen dakan herrixan jarri…ia orduan zer pasauko zan!!!!