Angelu itsua
Hasiera »

Zaintzen Euskal Sistema Publiko bat

2021-03-31  //  Ekonomia, Gizartea  //  Iruzkinik ez

(Argazkia: Idoia Telleria Maritxalar / Laia)

Askotan esan dugu: pandemia honek zaintza erdigunean jarri  eta egiatan gure bizitzentzat duen garrantzia azalerazi du. Baina aldi berean, honen beharra biderkatzeak ekarri du berriz ere eremu pribatu eta merkantilistatik bideratzea askotan zaintzaren zerbitzuak, gehienetan emakume migratu eta arrazializatuen bizkar, egoera oso prekarioan.

Zaintza zentzu osoan hartu behar da, alderdi fisikotik zein emozionaletik. BDS Koop-ek argitaratzen duen Laia aldizkarian –Bidasoaldeko gure ARGIA jendeak jaso du astekariarekin batera– Mikel Valerok idatzi du gai horren inguruan: “Tamaina batean edo bestean eta elkar-menpekoak garen heinean, denok eduki beharko genuke zaintza lanak egiteko ardura”, dio.

Baina ardura hori prekarizaturik eta lan-baldintza kaskarretan ari direnen gain uzten dugu gehienetan, ez soilik etxean, baita lantokietan eta eskoletan ere. Hor dira, adibidez, gurasook azpikontratatzen ditugun jangela zerbitzuak; langile begiraleek denbora asko daramate euren lan baldintzak duintzeko borrokan.

Elkarretaratzea Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolan (arg.: ‘Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza’)

BDS eraldaketa fabrikakoek garbi dute Zaintzen Euskal Sistema Publikoa sortu behar dela, “batetik zaintzarako eskubidea orokortuko duena, eta bestetik, zaintzaren sektorean diharduten langileen lan-baldintzak erregularizatu eta duinduko dituena”. Sistema publiko horrek hiru hanka lituzke, erakunde publikoek, komunitateak, eta zaintzaileen enpresa kooperatiboek oinarrituta.

Zaintzaren arloan urratsak ematen ari diren hainbat proiektu eta adibide dakartza Laia-k. Hain justu, horietako baten esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen Beterri Saretuz programaren baitan Astigarragan egindako saio batean: Maitelan kooperatibarena.

Proiektua aspaldikoa zen arren, 2020an eman diote forma, kooperatiba “integrala” izenpean: langileak (zaintzaileak), erabiltzaileak (zainduak) eta kolaboratzaileak (pertsona, eragile eta erakunde erantzuleak) hartzen ditu. Zaintzaren ardura kolektibizatzea da helburua eta 2021eko otsail amaieran aurkeztu dute ofizialki Hernanin.

Elisa Peredo Quiroz Maitelaneko langile-bazkidearen lekukotasuna jasotzeko aukera izan dugu. “Gure lanaren jabe izateko aukera bakarra hau zen”, azaldu du Beterri Saretuz-eko kideekin egindako elkarrizketa batean. “Proiektua sortu zen gure egoera prekarioa hobetzeko beharretik abiatuta. Hasieran ezkutuan aritzen ginen lanean, eta kontratu bat egiteko erregutu behar izaten genuen, baina denbora aurrera joan ahala berdin segitzen genuen, nahiz eta paperak eduki, prekarioan”.

Elisa Peredo Quiroz Maitelaneko kooperatibista, elkarrizketaren une batean (Irudia: Bira Produkzioak / Beterri Saretuz)

Etxeetan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetan gauza bera aurkitu dute: “Antolakuntza kaskarra da, askotan ez dizu denbora ematen etxe batetik bestera joateko, autobusa ez da iristen, estresa handia da. Gainera, ez dugu baliabiderik zaintzen dugun pertsona hori mugitzeko, gure gorputzak behartu eta lesionatzen ditugu. Baina inork ez daki hori”. Egoera hori hobetzeko sortu da Maitelan, “erabakitzeko eta antolatzeko gaitasuna izateko”.

Baina horretarako bakarrik ez, baita euren zereginari balioa emateko ere. Lan ikusezina da etxeko zaintzaileena, fisiko hutsetik harago, arreta ematen dioten pertsona horren osasun emozionala ere zaindu behar dute: “Ez da nahikoa jaten ematea edo botikak ematea; behar dituzte beste gauza batzuk. Adibidez, ez gara jabetzen adineko batentzat zein garrantzitsua den ondo orrazturik egotea; ile-apaintzaile onak izaten ikasi behar dugu – dio Peredok–. Psikologikoki ere inteligenteak izan behar dugu: adinekoa bere gaitasunak galdu ahala asko zapuzten da, eta guk, gure hitz eta jarrerekin lagundu behar diegu, galera hori hobeto eraman dezaten”.

Urrats garrantzitsua da Maitelan egiten ari dena. Baina Beterri Saretuz-eko hitzartzeetan garbi geratu zen oraindik askoz gehiago egin behar dela zaintza duintzeko, balizko sistema publiko horrek beste bi hankak ere behar baititu: erakunde publikoen inplikazioa eta komunitate sareak aktibatzea. Hori egin ezean, jarraituko dugu egiturazkoa den beharrizan horri adabakiekin erantzuten, eta merkatuaren edo enpresetako kontziliazio borondatearen menpe egoten.

Ez da ondo aterako

2021-03-18  //  Ekonomia, Ingurumena  //  Iruzkinik ez

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua, Astigarraga eta Hernani arteko oinezko igarobidean (arg.: Irekia.eus)

Hernani eta Astigarraga artean, Okendotegi bidean, oinezkoek trenbidea gainetik gurutzatzeko eraiki duten aldamiozko igarobide erraldoia aukeratu du Iñaki Arriola EAEko Garraio sailburuak AHTren inguruko azken xehetasunak emateko. Ez dakit jakingo ote duen hortik metro gutxira Donostiako eraikin zibil zaharrenetakoa bota eta hainbat familia kale gorrian utzi dituztela duela apenas aste batzuk, trenbidearen trazatuan enbarazu egiten zutelako.

Obren eta kamioien burrunbak eten du behin baino gehiagotan sailburua –aldirietan prentsaurrekoak emateak hori dauka–, baina pixkanaka irakurri ahal izan du prestaturik zuen testua. “Gauzatzen ari garen azken zatietako bat da”, esan du.  Astigarraga eta Hernani arteko AHTren obrak 2012an hasi zituzten eta hainbat atzerapen eta arazo izan dituzte urte guztiotan –tartean baita lan-esplotazio salaketa larriak ere–. Baina badirudi udan aldamiozko behin behineko azpiegitura desmuntatu ahal izango dutela, “orain arte Okendotegiko bizilagunei pasatzen utzi diena”. Zenbat bizilagun geratzen da baina? Adifek euren etxeetatik kanporatu dituenak ez behintzat

Arriolak, bere hitzartzean, inplizituki azpimarratu nahi izan du dena ondo aterako dela, AHTren obrak martxa onean doazela eta aurki amaituko direla. Baina galderen txanda iritsi denean, aitortu du Espainiako Sustapen ministerioak 2027 urteko “ortzi-muga” duela buruan, ñabardura garrantzitsu batekin: Bilbo eta Gasteizko sarbideak ez dira ordurako prest egongo. Ez ote dute Europar Batasunak exijitzen duen 2030 urtearen muga gaindituko?

Sailburuak esan dezake nahi duena, baina datuak hor daude: Euskal Y proiektuaren inbertsioen %58 egiteke daude oraindik, Iñaki Petxarromanek Berria-n emandako datuen arabera –Nafarroan %92–. Horrela ikusita, ez dirudi trenbidea amaitzear denik… Gainera, lanek %40ko gain-kostua izan dute eta 6.000 milioi euro baino gehiago gastatuko dira. Hamabost urte dira Arabako Urbinan AHTren lanak hasi zituztela, eta obra faraonikoa amildegi beltz sakon bat bihurtu da jadanik. Ez, ez da ondo aterako, besoak astinduta ere.

Ondarea bizitzeko

2021-02-04  //  Gizartea, Historia, Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Aste honetan utzi beharko dute euren betiko bizileku izan dena Donostiako Martutene auzoan dagoen Erbetegi etxeko auzotarrek. Eraikina husteko agindu diete, derrigorrezko desjabetze azkarraren prozedura bidez, AHT egiteko botako baitute. Trenbidea ez da gainetik pasako, baina badirudi obren dardarizoek kaltetuko duten beldur direla, eta errazago zaie eraistea hura babestea baino.

Bizilagunen urtetako borrokaren berri eman dugu ARGIAn, eta eraikinak duen balio historikoa ere azaleratu genuen: balizko arkeologia gune izendatuta zegoela eta horrek azterketa arkeologikoa eskatzen zuela. Hala, Adif obraren sustatzailearentzat egindako “azterketak” onartzen duen arren eraikina XVI. mendekoa dela, baita ere dio Bigarren Karlistaldian erre eta barruko egurrezko egitura eta espazioak berritu zituztela.

Baina zer geratu zen zutik Donostian XIX. mende odoltsuan? Akaso badago munduan eraikinik denboraren orraziak apaindu ez duenik? Askotan, denborak berak bihurtzen du ondareago iraganeko hori. Niri behintzat, deigarriagoa egiten zait jakitea Urumea bazterreko dorretxe horrek, duela ia bost mendeko planoen oin bera edukitzeaz gain, gerren atzaparkada ere jasan zuela, eta hala ere gaurdaino iritsi zaigula bizidunentzako erabilgarri. (gehiago…)

Mendigatxaren ‘uskarazko’ gutunak berrargitaratu eta Bidankozeko herritarrei bidali dizkiete

2021-01-08  //  Euskara, Historia  //  Iruzkinik ez

Lehen aldiz liburu batean jasota eta publiko zabalari zuzenduta argitaratu dituzte Mendigatxaren gutunak. Bidankozeko herritarrek etxean jaso dute altxor baliotsua (arg.: Bidankozarte)

Neguarekin batera, Bidankozeko herritarrek opari bitxi bat jaso dute postontzian. Mariano Mendigatxak eta Resurrección María de Azkuek XX. mende hasieran trukatu zuten korrespondentziarekin osaturiko liburua. Mendigatxak (Bidankoze, 1832-1918) Erronkariko euskararen galera bere haragitan bizi izan zuen, eta garaiko hizkuntzalariekin lan egin zuen bailarako ahozko ondarea jasotzeko. Azkueri bidalitako gutunei esker dakizkigu, hein handi batean, uskarazko esapide eta hitzak, baina horrez gain, egun nafar Pirinioetan galzorian den bizimodu bati buruzko informazio baliotsua ere ematen dute. (gehiago…)

Aniceto Agirrebeitia milizianoaren azken orduak

2020-12-24  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Euskal Prospekzio Taldeak Bizkargin aurkituriko plaka honi esker lortu dute hildako gudaria identifikatzea (arg.: Mauro Saravia)

Abenduaren 20an lurpetik atera zituzten Aniceto Agirrebeitia berriztar milizianoaren hezurrak Zornotzako Bizkargi mendian. 1937an borrokaldi batean hila, ahanztura ofizialak irentsita egon da orain arte, Aranzadiko teknikariek berreskuratu eta erakundeen aitortza jaso duen arte.

 

Albistea azkar zabaldu da egunkari eta telebista nagusietan: 1936ko Gerrako gudari baten hezurrak aurkitu dituzte Bizkargin, batailoi komunista batekoak antza. Ez da lehen aldia halako aurkikuntza bat egiten dutena, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, 2003tik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gerran hildako 108 lagunen gorpuzkinak berreskuratu dituzte 51 hobitan. Baina, hala ere, oraindik halako zirrara bat sortzen zaio bati gorputzean, 83 urte igaro badira ere, oso gertukoa den zerbait balitz bezala, arrastaka gugana iritsi den min baten antzera.

(gehiago…)

Errautsak

2020-10-30  //  Gizartea, Historia  //  Iruzkinik ez

Neurri zorrotzak jarri dituzte hilerrietara sartzeko aurten, baita Hernanikoan ere (arg: Urko Apaolaza / ARGIA)

1936ko urriaren 30ean Hernaniko alkate frankista Julian Madinak bando harrigarria publikatu zuen: “Jakinarazten dut, aurten debekatuta dagoela hilerrira joatea Santu Guztien eta Arimen egunean”. Toki hura Gipuzkoako fusilatze gune nagusi bilakatu zen, eta hainbestekoa zen odol festa –200 lagun inguru hil zituzten aste gutxiren buruan–, ezen nahiago izan zutela ateak ixtea, euren krimenak agerian gera ez zitezen. Geroztik, urte hura kenduta, beti egon izan da zabalik kanposantua azaroaren 1ean. Aurten ere hala izango da, baina osasun larrialdiaren ondorioz baldintza oso zorrotzak ezarri dituzte, eta askok ezinezko izango du bere hildakoak bisitatzeko hitzorduan egotea. (gehiago…)

Enpresetan parte-hartzea sustatu eta lurraldearekin inplikatzeko gida sortu dute

2020-10-14  //  Ekonomia, Gizartea  //  Iruzkinik ez

Hernaniko Biteri Kultur Etxean eskualdeko eragile eta enpresetako ordezkari ugari bildu zen (arg.: ARGIA)

Parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema bat sortzeko Beterri Saretuz programak lan-tresna bat sortu du, lantokietan, erakundeetan eta hezkuntza zentroetan baliagarri suerta litekeena. Joan den ostegunean aurkeztu zuten gida Hernanin.

 

Beterri Buruntza eskualdeko hainbat enpresa eta eragile elkartu ziren urriaren 8an Hernaniko Biteri Kultur Etxean, Beterri Saretuz programaren hirugarren jardunaldian. Aurretik lan zailena egina zegoen, beste jardunaldietan hainbat esperientzia ezagutu eta parte-hartzea sustatzeko gakoak identifikatu baitituzte. Hala, hirugarren saioan parte-hartzeari buruzko lan-tresna gisa balioko duen gida aurkeztu zuten.

Beterri Saretuz programak Beterri eskualdeko enpresa eta eragileen artean ekosistema aitzindari bat sortu nahi du parte-hartzea oinarri duena. 2019an eman zituzten lehen pausoak eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Beterri Buruntza Udalen laguntza ere badu. (gehiago…)

150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta… ihes egin zuela

2020-10-06  //  Historia  //  Iruzkinik ez

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.

Mende eta erdi igaro da guardia zibilak Hernialden Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi atxilotzen saiatu zirela. Elduainen jaioa 1842an, Hernialdeko erretore zen apaiz ezaguna 1866az geroztik, eta 1870eko urriaren 6an joan ziren bere bila karlismoaren aldeko sermoiak eman eta propaganda egiteagatik. Baina atxiloturik eraman aurretik Urrutikoetxea baserrian hamaiketakoa egiteko aukera eman zioten: sotana kendu eta kale arropa jantzita ihes egin zuen arto sail baten babesean. (gehiago…)

Ez erlaxatu laneko atsedenaldietan?

2020-09-23  //  Ekonomia, Gizartea, Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Covid-19aren bigarren olatua “egonkortu” egin dela adierazi du Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak aste honen hasieran. EAEko koronabirusaren kutsatze datuen bilakaerarekin “oso pozik” agertu da, baina hala ere zuhurtasuna eskatu du, aldaketa baten aurrean gauden jakiteko asteak beharko baitira.

Foku garrantzitsurik ez dute identifikatuta, baina behin uda garaia amaituta, lanean “kontu handiarekin” ibili behar garela dio, “erlaxatzeko” arrisku handiagoa izan baitaitekeelako.

Osakidetzako arduradunak jakinarazi duenez, Arabako enpresa batean baheketa egiten ari dira positibo kasu batzuk egon direlako: “Lantokiek badute nolabaiteko arriskua, batez ere momentu ‘hiletan’, atsedenaldian, kafearen garaian, eta hori gremio guztietan ikusi da”.

Ez da mezu hutsala. Honen arabera, lanorduetan, ordenagailu edo makinaren aurrean neurriak errespetatzen dira –toki formal eta ordenatu hori–, eta aldiz, atsedenaldian desmadratzen da asuntoa, langilea enpresaren ikuskaritza eta kontrolpetik kanpo dagoen une bakan horietan –prekarioan ari diren askok hori zer den ere ez dakiten arren–. Beraz, “ez erlaxatu laneko atsedenaldietan”, esan digute belarri atzetik euskal irrati-telebista publikoan.

Baina pandemia hasi zenetik sei hilabete igarota, koronabirusaren transmisio eta jokabideaz gehiago dakigu, eta norberaren ardura indibidualetik harago, enpresari ere badagokio atseden orduetan langileen segurtasunerako neurriak hartzea: eremu egokiak prestatzea; atsedenerako denbora tarte nahikoa izatea inor arriskuan ez jartzeko, presaka ibili beharrean; langileen arteko harreman seguruak bermatzeko antolaketa ahalbidetzea…

Buru argiren bati okurrituko zaio, laneko atsedenaldiak omen badira arazo, horiek murriztea izan daitekeela hoberena. Ezta hurrik eman ere. Alderantzizkoa behar luke irtenbideak: baldintza seguru eta humanoagoak izatea, lanean zein atsedenaldian.

Koronabirusaren arrasto koloniala

2020-09-18  //  Gizartea, Historia  //  Iruzkinik ez

Fenomeno pandemiko bihurtu zaigun koronabirusaren gaitzak ez ditu pertsona eta herrialde guztiak berdin jotzen. Hasiera batean, agian inork pentsa izan zezakeen igualitarista zela, denei eragiten ziela berdin. Baina orain badakigu birusak badakiela diskriminatzen norberaren poltsikoaren, posizio sozialaren edo bizi den herrialdearen arabera. Hegoamerikako egoera ikusi besterik ez dago, eta zehazki Perun bizitzen ari direna, munduan heriotza-tasa handiena duen herrialdea bilakatu baita. (gehiago…)

1 / 331234102030Hurrengoa»

Urko Apaolaza Avila

Hernani, 1979. Historialaria eta Argian kazetari. Askotan, ispiluak islatzen ez duena ikusteko, zuzenean atzera begiratu behar duzu (gure Ford Fiesta zaharrari retro-bisorea hautsi zioten).

@urkoapaolaza Twitterren

Jarraitu @urkoapaolaza

@urkoapaolaza(r)en Txioak

Azken bidalketak

  • Zaintzen Euskal Sistema Publiko bat
  • Ez da ondo aterako
  • Ondarea bizitzeko
  • Mendigatxaren ‘uskarazko’ gutunak berrargitaratu eta Bidankozeko herritarrei bidali dizkiete
  • Aniceto Agirrebeitia milizianoaren azken orduak

Iruzkin berriak

  • Nagore(e)k Engainatu gaituzte bidalketan
  • Alberto(e)k Engainatu gaituzte bidalketan
  • Josetxo(e)k Engainatu gaituzte bidalketan
  • Jotake(e)k Engainatu gaituzte bidalketan
  • Pablo(e)k Engainatu gaituzte bidalketan

Artxiboak

  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko martxoa

Kategoriak

  • Antzerkia
  • Artea
  • Azpiegiturak
  • Ekonomia
  • Energia
  • Euskara
  • Gizartea
  • Hedabideak
  • Historia
  • Hizkuntzak
  • Ingurumena
  • Kirola
  • Kulturgintza
  • Musika
  • Natura
  • Nazioartea
  • Osasuna
  • Politika
  • Uncategorized
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren RSSa
  • Iruzkinen RSSa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA