Transgenikoen lobbyak konfiantzazko gizona ezarri du Séraliniren lana argitaratu zuen aldizkarian
Iazko irailean, Gilles-Éric Séralinik zuzendutako ikertaldearen lan bat argitaratu zen Food and Chemical Toxicology aldizkarian. Gogoratuko zarete asko hitz egin zela gaiaz, ikerlanaren ondorioak ez ziren-eta nolanahikoak: Monsanto konpainiaren arto transgenikoz elikatutako arratoiek hilkortasun-tasa handia eta tumoreak garatzeko aukera asko zeuzkatela.
Espero zitekeenez, kontrako kanpaina izugarria izan zen. Askok Food and Chemical Toxicology-ra idatzi zuten, Séralinik zioena ezeztatzeko eskatuz; tartean, transgenikoen industriarekin eta haren aldeko lobbyarekin lotura zuten askok. Food and Chemical Toxycology-ren alde esan behar da ez zuela atzera egin; ontzat eman zuen Séraliniren lana. Baina azkenean etorri zaio hari ere ordaina. Aurtengo lehen hilabeetatik, kide berria du aldizkariaren batzorde editorialak: Richard Goodman, Nebraskako Unibertsitateko ikertzailea eta, ezetz asmatu zein enpresatako langilea 1997 eta 2004 bitartean. Bai, Monsantokoa.
Goodman genetikoki eraldatutako organismoen aldeko jarreragatik nabarmentzen dela esanda ez dugu inor biziro harritzeko asmorik. ILSI delakoarekin lotura estua du iparramerikar biologoak. ILSIk irabazi asmorik gabeko antolakundetzat aurkezten du bere burua; beren webgunean ikusiko duzunez, aitortzen duten lehen helburua osasun publikoa eta ongizatea zientziaren bitartez zabaltzea da. Nik baimena eskatuko dizuet beste helbururen bat ere badutela pentsatzeko, transgenikoen eta agrokimikoen multinazionalek sortutako erakundea dela kontuan hartuta.
Libra nadila inoren eskubideen zanpatzailea bihurtzeaz, edo, zehazkiago, Richard Goodmani Food and Chemical Toxicology-ko batzorde editorialean aritzekoa ukatzeaz, baina ez dezadan testu hau amaitu bi ohar eman gabe. Bata: Goodmanek batzorde horretan duen kargua, Bioteknologiarako Editorea, ez zen existitzen Goodmanek bereganatu aurretik. Bestea: Food and Chemical Toxicology-k badauka lehendik aditu bat elikagai transgenikoen segurtasunaren alorrean, Jose Domingo toxikologoa, gaiari buruz hainbat lan argitaratu eta genetikoki eraldatutako organismoen segurtasunaz zalantzak agertu izan dituena.
Transgenikoak ezbaian jartzen dituen hurrengo ikerlana non argitaratuko ez den badakigu.
(Gai honi buruzko artikulu mardula idatzi dute Claire Robinsonek eta Jonathan Lathamek Independent Science News webgunean. Hemen artikulu osoa, ingelesez).
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks