Lehertuko den hurrengo burbuila frackinga ote da?
Joan den astean AEBetan argitara eman diren txosten biren arabera, frackingaren zabalkundeak burbuila bat –eta haren eztanda– eragin dezake datozen urteetan. Frackingaz hitz egitean hedabideen arreta, batez ere, teknika horrek sortzen dituen kutsadura arazoei zuzendu zaie, baina “badago are mehatxu larriagoa”, dio Steve Horn kazetariak www.policyimic.com webgunean: “Frackingaren industriak pikutara bidal lezake munduko ekonomia”. Zerikusirik ez hainbatek iragartzen duten burujabetza energetikoaren ametsarekin. Ezta ere, sikiera, erregai fosilik gabeko aroranzko trantsizio ordenatu batekin ere.
Txosten horietako batek izenburu ezin esanguratsuagoa du: Drill, baby, drill. Alegia: zulatu, laztana, zulatu. Egileak, David Hughes geologoak, honela laburbildu du bertan esandakoa: “Ustez, erregai fosilen ekoizpenean izandako aurrerapenek –arbel-gasari eta arbel-petrolioari dagokienez batik bat– energi oparotasun aro bat dakarkigute, are AEBentzat independentzia energetikoa. Alabaina, Ipar Amerikan baliabideon produkzioa nolakoa izan den, eta haren muga ekonomiko, geologiko eta ingurumenezkoak zeintzuk izan diren osoki aztertuta, ikusten da itxaropen horiek, ezinbestean, ez direla beteko”. Arrazoi bi aipatzen ditu Hughesek horretarako. Alde batetik, ustiatu diren arbel-gas hobiak, orain arte, oso azkar agortu dira, eta horiek ziren hobi onenak; ez da espero hobeak aurkituko direnik. Bigarrenik, bestelako erregai ez-konbentzionalen (hareetako petrolioa, ur sakonetako petrolioa…) tegiak handiak badira ere, gaur-gaurkoz baliabide handiegiak behar dira horiek modu egokian ustiatzeko. Hots, ezinezkoa da erregai horiek merkaturatzea, gauden-gaudenean.
Deborah Rogers finantza-analistak idatzi du bigarren txostena: Shale gas and Wall Street (Arbel-gasa eta Wall Street). Hona hemen bere azterketaren zenbait ondorio:
- Wall Streetek arbel-gasa lortzeko neurrigabeko zulaketak sustatu zituen. Ondorioetako bat izan zen prezioak ekoizpen-kostua baino txikiagoak izatea.
- Arbel-gas eta petrolio erreserbak benetan direnak baino askoz handiagotzat jo dira. Kasurik onenean, benetan dagoenaren bi halako dagoela estimatu da; txarrenean, lauzpabost aldiz gehiago.
- Gas naturalaren prezioa murriztu egin da, hein handi batean, gainprodukzioaren erruz. Horren helburua finantza-analisten helburuak betearaztea zen. (Ez legoke sobera gogoraraztea zein den Rogersen txostenaren azpititulua: Antolatua izan da gas naturalaren prezioaren beherakada?).
- Nahitaezkoa da eskistoaren benetako balioa neurtzea. Gaur egungo politikak produkzio-aurreikuspen baikorregietan oinarrituta daude.
Labur esanda: frackingari –eta erregai ez-konbentzionalak ustiatzeko beste edozein teknikari– eman nahi zaion bultzadaren atzean espekulazio hutsa legoke, taxuzko analisi geologiko batek esaten baitigu erregai horiek ez direla izango gure energia beharrak asetzeko behar ditugun soluzio magikoa.
Beste eztabaida bat da frackingak eragiten duen kutsadurarena. Eta haren aldeko apustua noraino den galga klima aldaketaren aurkako borrokan. Eta agian ez ote behar genukeen, lehenbizi, gure energia beharrak zeintzuk diren hobeto finkatu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks