Zientzia klandestinoa
Arto transgenikoa eta minbizia, hamaikagarren kapitulua. Berriki jakin da Gilles-Éric Séraliniren lan taldeak egindako ikerketa, transgenikoak egunerokotasunaren lehen lerrora ekarri dituena, zer nolako baldintzetan egin izan duten Caengo Unibertsitateko biologoak eta haren lankideek. Hazi transgenikoak ezkutuan eskuratu zituzten Kanadan, eta ezkutuan eraman Frantziaraino. Ezkutuan prestatu zituzten, halaber, esperimentuan erabilitako arratoiei eman zizkieten kroketak.
Beren posta elektronikoak kodetu zituzten lan taldetik kanpoko inork ezin irakurtzeko, eta ez zuten telefonoz hitz egin esperimentuaz. Balizko espioiei arrastoa galarazteko, ikerlan faltsu bat ere argitaratu zuten. Hainbesteko zuhurtziaren zergatia zen hazi transgenikoen multinazionalek, eta bereziki Monsantok, beraien ikerketen berri izatearen beldurra.
Beldur horrek oinarri sendoa du. Irakurri bestela gai honi buruzko informazio zabalagoa eskaintzen duten gaztelaniazko lotura bi hauek:
Eta are zabalagoa aurkituko dute frantsesez mintzo direnek, azken batean Le nouvel observateur izan baitzen albistea zabaldu zuena. Laborari aldizkariaren azken zenbakiak ere ba omen dakar zerbait –ez Interneten ordea–, lagun on batek esan didanez.
Bitartean, aitzina segitzen du Séraliniren aurkako fronte mediatiko-zientifikoak. Sekretupean ibili izana ere bera kritikatzeko baliatuko duten susmoa dut, itxuraz denak balio du-eta frantziar biologoari sinesgarritasuna ebasteko, zientziaren Hugo Chavez bailitzan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks