‘Escépticos’ saioa eta transgenikoen gaineko bertsio ofiziala
ETB2-k ematen duen Escépticos saioari buruz jardun naiz berriki ARGIAn. Papererako idaztean gertatu ohi denez, leku faltagatik zenbait gauza gehitzeko gogoz geratu naiz. Gogo hori asetzeko idatzi ditut lerrook. Hala ere, ohartarazten dizut, irakurle, oraingoan nahiago izan dudala bideoetan oinarrituta osatzea artikulu hau. Luze jo dezake, baina merezi duelakoan nago. Tartetxo bat bai?
Noan mamira. Aipatu berri dudan artikuluan diodanez, Escépticos-ek konbinatu egiten ditu oso publiko zabal batek ondo irentsiko dituen kapituluak eta zientziaren ikuspuntutik hain argi ez daudenak. Transgenikoei eta genetikoki eraldatutako organismoei (GEO) buruzko kapituluan, hasierako aurkezpentxoa amaitzeko aukeratu duten esaldiak argi erakusten du beraien asmoa: “Batzuek dioten bezain txarrak dira?”. Hona bideoaren lotura (gaztelaniaz baizik ez dago): http://www.eitb.tv/es/#/video/1198821594001
Saioaren helburua jendartean zabalduen dauden gezurkeria ez-zientifikoak desmuntatzea da, egileek eurek diotenez. Hau da, haien ustez, transgeniko eta GEOak kaltegarriak izan daitezkeeneko ustea gezurkeria ez-zientifikoa da, nahiz eta kapituluaren amaieran, badaezpada, zalantzaren aterkiarekin beren burua babesten saiatzen diren (benetako eszeptiko batek egin behar lukeena, bidenabar). Tira ba, gezurkeria ez-zientifikoaren adibide batzuk erakutsi nahi dizkizuet, transgeniko eta GEOen balizko arriskuez ohartarazi arte errespetagarritzat hartuak izan ziren zenbait zientzialariren ahotik.
Le monde selon Monsanto (Mundua Monsantoren arabera) dokumentalaren zati bat dago ondoko bideoetan. Gaztelaniazko bertsioa duzue hemen, eta frantsesezkoa hemen. Gutxi gorabehera dokumentalaren 46. minutuan hasten da ipini dudana. Le monde selon Monsanto oso-osorik ikusteko gomendatzen dizuet biziro –hala nola izen bereko liburua irakurtzeko–, baina oraingoz nahikoa izango da 56:25eraino doan zatian arreta jartzea. Hor hitz egiten da, hain zuzen, Mertxe de Renobalesek Escépticos-en bideoaren 35. minututik aurrera aipatzen duen ikerketa “isolatu” horretaz. Bide batez esan dezadan saioaren egileek nik bezain eskura izan dituztela bideo hauek.
Niretzat, betidanik, eszeptiko izateak bertsio ofiziala ezbaian jartzea esan nahi izan du. Eta transgenikoen gaian, zientziaren bertsio ofiziala –posible balitz “zientzia” izate bakar monolitikotzat hartzea– Escépticos-ek defendatzen duena da, ez alderantziz.
Beste lotura batzuk:
7 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Eszeptikoak, ateoak... eta beste piztia batzuk - Baga, biga, bloga! - [...] ateoak... eta beste piztia batzuk Unai Brea Argiako kazetariaren blogean eztabaida interesgarria dago Escépticos saioaren inguruan. Biziki gomendatzen dizuet…
- “Etorkizuneko uztak”, Marie-Monique Robinen azkena Arte katean urriaren 16an - [...] Le Monde selon Monsanto eta Notre poison quoitidien (Eguneroko gure pozoia) filmetan bezala liburutan klasikoak utzi dizkigun Marie Monique…
“Niretzat, betidanik, eszeptiko izateak bertsio ofiziala ezbaian jartzea esan nahi izan du” diozu Unai, eta ez dut uste hori denik eszeptiko izatea. Baieztapenak bere horretan ez onartzea da jarrera eszeptikoa izatea, hau da, autoritate printzipoari uko egitea, eta datuetan, frogetan oinarritutako baieztapenak ematea ontzat.
“Bertsio ofiziala” bezalako esamoldeek, niri behintzat, konspirazioen mundua ekartzen didate gogora, eta gaizki ulertutako eszeptizismoan erortzeko arriskua.
Euren burua eszeptikotzat hartu eta dogmatiko jokatzea leporatzen diezu Escépticos saioaren egileei, eta, izan liteke batzuetan hala aritu izana, baina, berriz diot, ez dakit zergatik nahasten duzun hori bertsio ofizialaren ideiarekin. Izan ere, berdin-berdin izan daiteke dogmatiko zuk aipatzen duzun “bertsio ofiziala”-ri aurre egiten dion edonor.
Escépticos saioaren balizko eszeptizismo dogmatikoa dela eta, zientziakultura blogean argitaratutako artikulu hau uzten dut hemen, eztabaidaren muina ondo jasotzen duela iruditzen zait eta.
¿Escepticismo dogmático?
http://zientziakultura.wordpress.com/2011/10/07/escepticismo-dogmatico/
Eszeptizismoaz eta dogmatikoaz gain, zientziaren eta zientzialarien harrokeriaz egiten du amaieran gogoeta artikuluak, eta, nik behintzat, hor ikusten dut ahulen Escépticos saioa: dogmatikoa baino, harroa.
Mila esker zure ekarpenagatik Eider. Ezagutzen dut bidali duzun artikulu hori, eta erabili izan dut, izan ere, gai honetaz neure burua ilustratzeko.
Problema nagusia zera da: zientziAri buruz hitz egiten dutela Escepticos saioan (baita antzeko diskurtsoak dauzkaten pertsonek ere, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek bezala). Eta bitxia egiten zait beste esparru batzuetan transbertsalitatea hainbeste aldarrikatzen den garaiotan mota honetako eztabaidetan hain monolitiko izatea.
Hau da: transgenikoez ari gara hizketan eta irudi du zientziA, bat eta bakarra, arduratu daitekeela aferaz. Transgenikoen gaiak borreroak baino aurpegi gehiago ditu ordea. Bioteknologiatik hel diezaiokezu, noski, eta aterako dira ebidentziak esateko transgenikoak erabat kaltegabeak direla (edo justu kontrakoa).
Ni ordea zientziaren beste esparru batetik nator eta hurbilagokoak ditut zientzia ekonomikoak. Eta horietatik ere aferari buruzko ebidentzia aski interesgarriak atera daitezke: transgenikoei esker aberasten diren enpresak, horretarako ikerketa lerro batzuk bultzatzen dituztenak, beste batzuk itotzen saiatzen direnak. Botere-harremanak hain ondo aztertzen dituzten zientzia politikoetatik ere hel diezaiokegu gaiari nahi izanez gero. Informazio zientzietan formatutako pertsona baten lana da Marie Monique Robinen ‘Le monde selon Monsanto’.
Baina ez, afera honetan, energia nuklearrarenean bezala, zientziAlari batzuk teologiatik hurbilago daudela ematen du, Maria ama eta birjina zela sinesten zutenen fede beraz sinesten baitute diruak eta botereak ez dutela ikerketa zientifikoekin larrua jotzen.
Egia da esaten duzun hori Gorka. Transgenikoek eta, oro har, edozein teknologiaren aplikazioak ditu aurpegi asko, eta denak hartu behar dira kontuan, eta baita, jakina, aurpegien arteko erlazio eta dependentziak guztiak ere. Gaiak duen konplexutasun guztiarekin.
Baina era berean garrantzitsua da garbi izatea noiz ari garen hizketan ebidentzia zientifiko hutsaz, jakintza hutsaz esango dut, eta, noiz, kezka, interes eta azpijoko sozioekonomiko, politiko edo industrialez. Jarduera zientifikoa ez dela horretaz guztiaz libratzen? Jakina, ezetz. Zientzia pertsonek egiten dugu, eta, giza jarduera guztiak bezala, pertsonen mixeria guztien mende ere badago.
Nik ez dut uste transgenikoen gaia zientziaren ikuspegitik bakarrik aztertu behar denik, ezta gutxiago ere. Baina gaiak duen zientziaren aurpegiari heltzen zaionean, uste dut aurpegi horri dagozkion parametroen erabera jokatu behar dela, transgenikoen aferan aintzat hartu beharreko beste alderdiak izkutatu gabe, eta haiei garrantziarik kendu gabe.
Baina zergaitik eskatu horrenbeste zehaztasun umorezko saio bati?
Bale, utz dezagun transgenikoena. Hel diezaiogun homeopatiari, hemen ez baitago aitzakiarik, zientziA ekonomikotik begiratuta behintzat. Botika alopatikoak zein homeopatikoak ekoizten dituztenek, biek ala biek, irabazi astronomikoak baitituzte. Hala ere, desberdintasun nabarmena dago bien artean: homeopatia ez dabil. Hain sinple, hain soil.
Eta bai, Escépticos saioarena ez da dogmatismoa, harrokeria da. Eta jarrera harro eta autosufiziente horrek lortzen du, hain zuzen, bilatzen duen efektuaren kontrakoa, sinestuna gotortzea. Arrazoi guztiaz.
Eszeptikook bilatu behar genuke sinestunak geureganatzeko bide eraginkorrago bat. House telesailean -uste dut- halako zeozer dio mediku antipatiko honek: “Ez baduzu nahi zure sinesmenez barre egin dezadan, ez ezazu eduki hain sinesmen barregarririk”. Ateraldiak bere grazia badu ere, ez da hori bidea, horela ez dugu inor konbentzituko.
Ados Gorkarekin “Escépticos” saioan landutako gai asko (ez soilik transgenikoena, baita medikuntza alternatiboena, uhin elektromagnetikoena eta abar) ikuspegi sozioekonomikotik, politikotik eta bestelakoetatik ere azter daitezkeela, zientifikotik egiteaz gain. Baina telebistako saio horretan ikuspegi zientifikotik egiten dute, eta ikuspuntu horretatikoa beharko luke eztabaidak programari berari buruz ari bagara.
Alde horretatik, programa horretan (eszeptizismo zientifikoan egiten den bezala) zientziaren munduan eta egun dugun ebidentziaren arabera dagoen kontsentsua da azaltzen dutena. Kontsentsu horretatik kanpoko iritziak ere beti daude, baita mundu zientifikokoak ere: transgenikoenean badaude, medikuntza alternatiboenean ere bai, uhin elektromagnetikoenean… Pentsa, eboluzioa ukatzen duten zientzialariak ere badaude! Baina zientzian ideiak onartuak izateko, beste zientzialari batzuen filtroa pasatu behar dute, metodo zientifikoa betetzen dutela ziurtatzeko: datuak eta frogak daudela, esperimentuak eta neurketak ondo egin direla, ondo azalduta daudela… Eta hori dena betetzen duten ideiak azalduz gero eta esperimentuak beste batzuk erreproduzitu eta konfirmatzen badituzte, ideia berriak onartuak izaten dira. Metodo zientifikoa oso tresna ahaltsua da egia jakiteko, zorrotza baina aldi berean irekia. Eta gauza baten inguruan zientziaren munduan kontsentsua badago, zerbaitegatik izaten da.
Eta badirudi orokorrean Unai ere ados dagoela ebidentzien beharraz eta metodo zientifikoaz gauzen egiazkotasuna afirmatzerakoan, “Escépticos”ek landutako beste gaien inguruan ez baitu kexurik. Baina bi kasutan zientziak dioena ez datorrenez bat bere usteekin, eta kasu horiek “zientziaren ikuspuntutik hain argi ez” daudela esanez, desegokiak iruditzen zaizkio programa eta eszeptizismo zientifikoaren mugimendu osoa… Hala ere, esan dudan bezala, zientziaren kontsentsu orokorretiko ahots diskordanteak kasu guzietan daude, eta ez dut uste horiek gehiago direnik Unaik aipatzen dituen bi kasuetan beste batzuetan (adibidez medikuntza alternatiboetan) baino. Eta jarrera horrekin berarekin, metodo zientifikoaren eta eszeptizismoaren aurka egiteko eta beraien usteak defendatzeko Unaiek adina arrazoi lukete homeopatek, tarotzaleek, antieboluzionistek edo kristauek…
Hala jokatuz, amai dezakegu zientziaren mundua interes ekonomikoekin lerratzen, askok egiten duten bezala. Eta gauza ezberdinak dira. Gauza bat da zientziaren ikuspegitik metodo edo teknologia baten arriskua edo efektibotasuna aztertzea eta beste bat metodo edo teknologia batez enpresa-munduak egiten duen erabilera. Ikuspegi ekonomikotik transgenikoen mundua aztertuko bagenu, ziur ia guztian bat etorriko ginela (landare-barietate berriak patentatu eta garesti saltzeaz, Monsantoz…). Eta industria farmazeutikoaren bidegabekeria eta tranpez ere ados egongo naiz ia guztian homeopatekin ere. Baina ez dugu ahaztu behar ere interes ekonomikoak alde guztietan daudela, hau da, homeopatia ere industria farmazeutikoa da, uhin elektromagnetikoen kasuan kobrearen industriak ere bere interesak izango ditu…
Amaitzeko, apur bat “off topic” den kontu bat mahaigaineratu nahiko nuke. Iruditzen zait artikuluan aipatzen diren bi gai polemiko horiekiko (transgenikoak eta uhin elektromagnetikoak) eta medikuntza alternatiboekiko zientziak dioenaren kontrakoa sinisteko joera handia dagoela Euskal Herrian, eta esango nuke are gehiago jende ezkerreko eta ekologisten artean. Uste dut badagoela naturaren eta gauza naturalen inguruko mistizismo gehiegizko bat, diskurtso moduko bat dioena “naturala bada ona da eta kimika edo teknologia badu txarra”. Eta haiengandik bereizteko sortu bada ere, erlijioekin antzekotasuna ikusten diot naturismo horri, dogmatismoaz gain, “Jainkoaren obra ezin da ukitu” moduko mezua baitu finean, baina naturarekin. Hau dena ez diot polemizatzeko asmoarekin eta ez doa artikuluaren egileari zuzendua, irudipen bat konpartitu nahi nuen besterik ez, agian okerra izan daitekeena noski.