Materia eta antimateria uste baino desberdinagoak direla ematen du
Izenburua arraro samarra irudituko zaio profanoari, ia guztioi beraz: nola ez dira, bada, desberdinak izango materia eta antimateria, bataren izenak bestearen aurkakoa dela adierazten badu? Partikulen fisikan adituek erabiltzen/asmatzen dituzten izenei buruz luze hitz egin genezake, egia esan. Pentsa, oinarrizko partikulen (elektroiak eta halakoak) ezaugarrietako bati “zaporea” esaten diote, sekula elektroi bat dastatu ez badute ere.
Hain zuzen, eguzkian sortzen diren partikula –eta antipartikula– batzuen zaporea aztertuz konturatu da fisikari talde bat materia eta antimateria uste baino desberdinagoak direla. Ez naiz xehetasunetan sartuko, zuzenean joko dut ondorioetara: materia partikula mota guztiek antimateriazko baliokide bat daukate, masa bera baina kontrako karga duena. Elektroiak, esaterako, karga negatiboa dauka; haren antimateriazko baliokideak, positroiak, positiboa. Bata bestearekin konbinatuz gero, elkar suntsitzen dute, eta energia igorri. Zientzialariak bat datoz unibertsoaren sorreran materia eta antimateria kopuru berdina zegoela. Fisikaren galdera garrantzitsuenetako bat da ea zergatik ez zuten elkar desegin. Nola liteke materiaz osatutako unibertsoa edukitzea orain, eta ez energia hutsezkoa? (Esan beharrik ez dago materia eta antimateria izenak arbitrarioak direla: geratu denari esaten diogu materia, eta desagertu denari antimateria).
CP simetriaren teoriaren arabera –berriz egingo diet uko xehetasunei–, biek portaera bera eduki behar dute zenbait baldintzatan. Baina oraingo aurkikuntzak aditzera ematen du agian partikulek ez dutela teoria hori betetzen. Horrek lagundu dezake goiko paragrafoan azaldutako galderaren erantzuna aurkitzen. Bide batez, fisikariak behartu ditzake Eredu Estandarra –materia osatzen duten partikulen eta haien arteko harremanen deskripzioa– berrosatzera.
Fisikaz dakiguna errebisatzera behartuko gaitu, halaber, beste albiste honek, azkenean baieztatzen bada: zientzialari talde batek aurkitutako zantzuen arabera, baliteke fisikaren legeak ez izatea berdinak unibertso osoan. Zientziarekin zerikusirik ez daukaten hausnarketa batzuk eragin dizkit horrek. Beste batean izango da; gaur, igarri duzuenez, ez nago xehetasunetan murgiltzeko gogoz.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks