Hasiera »
Unai Brearen bloga - Mundua ez da biribila
Unai Brea
Susan Georgerekin bat nator: ez dugu zertan planeta salbatu. Hark patxada ederrean segituko baitu bira eta bira, guk geure burua desagerrarazi ostean ere.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea? | Mundua ez da biribila(e)k Monsanto, bigarren erasoaldia prestatzen bidalketan
- Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea? | Mundua ez da biribila(e)k Glifosatoa, baimena luzatu nahi dioten herbizida “segur aski kantzerigenoa” bidalketan
- Monsantoren eskuliburua: zientzialarien lana desitxuratu, pozoia saltzen jarraitzeko | Mundua ez da biribila(e)k Oharkabeko eskandaluak bidalketan
- Klimaren akordioa: America out again | Mundua ez da biribila(e)k Aurrerapausorik gabe joan da Marrakexeko klimaren gailurra bidalketan
- Aurrerapausorik gabe joan da Marrakexeko klimaren gailurra | Mundua ez da biribila(e)k Nola jokatuko du Donald Trumpek klima aldaketarekiko? bidalketan
Artxiboak
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko apirila
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2009(e)ko otsaila
- 2008(e)ko abendua
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko urria
- 2008(e)ko uztaila
- 2008(e)ko ekaina
- 2008(e)ko maiatza
- 2008(e)ko apirila
- 2008(e)ko martxoa
- 2008(e)ko otsaila
Kategoriak
- Artea
- Bertsolaritza
- Ekonomia
- Energia
- Euskara
- Farmazeutikak
- Frackinga
- Gizartea
- Hedabideak
- Hezkuntza
- Historia
- Hizkuntzak
- Ingurumena
- Klima aldaketa
- Literatura
- Medikuntza
- Merkataritza askeko akordioak
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Osasuna
- Osasungintza
- Politika
- Sailkatugabeak
- Transgenikoak
- Transnazionalak
- TTIP
- TTIP/TAFTA
- Zientzia eta teknologia
COP23 klimaren goi-bilera: nagiaren gailurra
2017-11-20 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
Argazkia: Kiara Worth / IISD-ENB
Fidji Uharteen presidentziapean, 25.000 lagun inguruk bi aste eman dituzte Bonnen, klima aldaketari aurre egiteko bideez jarduteko urteroko hitzorduan. Eta urtero bezala, edo ia, egin zitekeena baino gutxiago egin da, arazoaren larritasunari buruzko diagnostikoa kasik ahobatekoa izan arren. Gailurra hastear zela jakin zen, gainera, berotegi efektuko gasen emisioak gora egin duela, hiru urtez egonkortuta egon ostean.
COP23 goi-bileraren helburua zen 2015eko Parisko Hitzarmena betetzeko funtzionamendu arau bateratuak adostea. Ez zen oso handinahia, eta hala ere ez da guztiz lortu. Bonnen emaitza nagusia Talanoako Elkarrizketa izan da, alegia, 2018an burutu beharko den prozesua, herrialde bakoitzak 2020tik aurrerako emisio murrizketak zehaztu ditzan. Lau orrialdeko dokumentu xumea da abiapuntua, printzipio orokor batzuk eta bilera gehiagorako egutegia jasotzen duena.
Gauden-gaudenean, urtebete galtzeak garrantzia du klima aldaketaren aferan, jada ez baikara etorkizunaz ari. Parisko Hitzarmenak beroketa globala –industrializazioaren aurreko arotik– bi gradutik gorakoa izan ez dadila du helburu, eta ahal dela 1,5ekoa ere ez dadila gainditu. Une honetan 1,2 graduan gaude, eta premia dago neurriak hartzeko. Zientzialarien esanetan, munduko gobernuek gaurdaino aurkeztutako konpromisoek hiru graduko beroketara garamatzate, edo bestela esanda, ondorio ezezaguneko klima hondamendi larrira.
Gailurrez gailur, klima hondamendirantz
2017-11-06 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
Itsas mailaren igoeragatik arrisku larrian dagoen Fiji izango da aurtengo klimaren gailurraren presidentea, bilera Alemanian egingo bada ere.
Kontraste ikaragarria dago klima aldaketaren ondorioak biderkatuz doazen abiadaren eta haiei aurre egiteko neurriak zehazteko orduan gobernuek agertzen duten patxadaren artean. Erregistratutako urakanik bortitzenak bizi izan berri ditugun honetan, urte bakoitza inoiz neurtutako beroena dela, atmosferako CO2 kontzentrazioak langa historikoa jota… urteroko klimaren goi-bilera hasi da azaroaren 6an Bonnen, hau ere, beste asko bezala, trantsiziozkoa-edo, helburu nagusitzat baitu 2015ean Parisen sinatutako akordioa martxan jartze aldera irizpide komun batzuk finkatzea, 2018rako prest behar lukeen “arau-liburu” moduko batean jasota.
Oro har goi-bilera “teknikotzat” jo dute analistek COP23 hau, eta hala ere sinbolismoz beteta dago. Lehen aldiz, klima aldaketaren mehatxua larrien jasaten duen estatu batek du presidentzia: Fiji Uharteak. Bilera Bonnen egitearen arrazoia ez da igartzeko zaila: Fijik ez du azpiegiturarik tamaina horretako ekitaldi bat –20.000 lagun espero dira– jasotzeko. Bide honetatik jarraituz gero, baliteke laster inolako azpiegiturarik ez egitea, ez handi ez txiki.
NBEk ohartarazi die munduko gobernuei hobe luketela premiaz ibili, orain arte hartutako konpromisoak ez dira-eta nahikoa Parisen adostutako helburuak betetzeko. Zehazkiago, aurkeztutako konpromisoekin 2030erako beharko litzatekeen emisio murrizketaren herena baino ez da lortuko.
Askok salatu dutenez, arazoa da Parisko Hitzarmena handinahia dela helburuetan, baina ahula mekanismoetan. Erakusle nagusia, 2017ko gailur honetan, AEBak izango dira. Trumpek iragarri arren Parisko Hitzarmenetik aterako duela bere herrialdea, 2020ra arte akordioaren parte da munduko bigarren berotegi-gas igorle handiena, eta negoziazioetara joaten jarraituko du. Nolanahi, de facto akordiotik kanpo daude AEBak, azken batean Parisko Hitzarmenaren oinarriak konpromiso boluntarioak baitira. Alegia, Trumpek ez du ezertxo ere egingo arazoa arintzeko. Inork ez du horretara behartzen. Fijik du COP23aren buruzagitza, baina soluzioaren giltza beste batzuen esku dago, eta bistan da ez dutela asmo handirik honaino ekarri gaituen jokabidea sakonki aldatzeko.
Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea?
2017-11-02 // Ingurumena, Osasuna, Transgenikoak, Transnazionalak // Iruzkinik ez
Roundup Ready motako sojaz landatutako gunea. Roundup-a (glifosatoa) jasateko bereziki diseinatutakoak dira munduan komertzializatzen diren transgeniko gehienak.
2016ko hasieratik bosgarren aldiz, Europako Batzordeak ez du lortu EBko estatu kideen gehiengo kualifikatu bat glifosato herbizidari baimena luzatzearen alde agertzea. Indarrean dagoen lizentzia aurtengo abenduaren 31n iraungiko da, eta beste hamar urterako berritu nahi du Batzordeak, erabilerari inolako mugarik ipini gabe.
Batzordeak ez du haizea bere alde. Urriaren 24ko saioan Europako Parlamentua glifosatoaren erabilera berehala murrizteko eskatu zuen, bost urte barru erabateko debekura iritsi arte (erabakia ez da loteslea). Urriaren 25ean, berriz, hamar estatu kidek adierazi zuten ez zutela berritze proposamena babestuko SCoPAFF batzordean egin beharreko bozketan –hamasei alde agertu ziren, eta bi abstenitu–, eta atzera egin behar izan zuen Europako Batzordeak, bere asmoa aurrera ateratzeko gehiengo nahikoaren faltan.
Azaroan berriro bozkatuko dutela iragarri dute, baina oraindik ezin esan proposamen berari eutsiko dioten edo aldaketaren bat egingo duten. Gaia hurbiletik segitzen duten GKEen esanetan, baliteke hamar urterako beharrean epe laburrago baterako proposatzea baimenaren luzapena, baina inolaz ere planteatu gabe epe hori amaitutakoan substantzia debekatzea. Bestela esanda, Batzordeak ez lioke jaramonik egingo Eurolegebiltzarrak eskatutakoari.
Bozketaz bozketa, gero eta gobernu gehiago azaldu da glifosatoaren baimena luzatzearen aurka. Euskal herritarroi dagokigunez, gure “tutoretza” duten bi estatuak espektroaren mutur biak direla esan daiteke: Frantzia bada glifosatoaren aurkarien nolabaiteko “gidari espirituala”, Espainia da aldekoenetan gotorrenetakoa, kontu hauetan ohi duenez Washingtonen doinuaren arabera dantzan. Galdera da ea zergatik tematzen den hainbeste Europako Batzordea, minbizia aztertzen duen IARC nazioarteko agentziak segur aski kantzerigenoak direnen multzoan kokatu duen konposatu baten alde egiten?
Glifosatoaren arriskua, aspalditik ezaguna
2015ean esan zuen IARCek glifosatoa minbizi-eragile probablea dela, baina gerora EFSAk, alegia, elikagaien segurtasuna behatzeko ardura duen Europako agentziak, esan du ez dagoela ebidentzia nahikorik hori esateko, beste artikulu batzuetan aipatu dugunez. Behin hona iritsita, ordea, komeni da historia apur bat gogoraraztea, ez baita glifosatoaren arriskuez mota horretako ika-mika sortzen den lehenengo aldia.
Labore transgenikoetan ez ezik, glifosatoaren erabilera oso zabalduta dago baratzezaintzan eta nekazaritza konbentzionalean. Historian gehien saldu den herbizida da.
Glifosatoa 50eko hamarkadan sintetizatu zen lehengo aldiz Suitzan, baina 70ekora arte ez zen herbizida modura erabiltzen hasi, orduan konturatu baitziren Monsanto konpainian konposatuak erabilpen hori izan zezakeela. Herbizida ez-espezifikoa da, hau da, ia landare guztiak hiltzen ditu.
Geroago, kasualitatez, Monsantoko zientzialariak ohartu ziren glifosatoz betetako inguru batean bakterio kolonia bat ari zela oparo hazten, herbizidaren aurrean ezaxola. Bakterio haietatik geneak ateraz, eta artoari transferituz, glifosatoarekiko lehen landare erresistentea sortu zuten. Roundup Ready izena eman zioten. Roundup da, izan ere, Monsantok glifosatoan oinarrituta saltzen duen herbizidaren izen komertziala. Horrela hasi zen transgenikoen zabalkundea. Arto hura landatutako eremuetan Roundupa botaz gero, oparo haziko zen laborea, inguruko “belar txar” guztiak glifosatoak akabatuta.
Transgenikoen negozioaren zutabe
1996an eman zen AEBetan baimena Roundup Ready artoa ereiteko. Bi hamarkada geroago, munduko transgenikoen %80 glifosatoa erresistitzeko diseinatutako landareak dira, artoa, soja eta kotoia batez ere, eta harekin batera saltzen dira, “nekazaritzarako pakete teknologiko” modura. Bestela esanda, glifosatoa da transgenikoen negozioaren zutabeetako bat (horrez gain, oso zabalduta dago nekazaritza konbentzionalean eta baratzezaintzan). 2000n agortu zitzaion patentea Monsantori, eta ordudanik konpainia askok erabiltzen dute konposatua beren herbiziden osagai nagusi modura, baina Missouriko transnazional ezagunarentzat berebiziko garrantzia du oraindik glifosatoak, hura gabe ez baitute zentzurik merkaturatzen dituen labore transgenikoek (bestalde, eta espero zitekeen bezala, konpainiak ez dio nekazariari emaitza onik ziurtatzen “bere” glifosatoa erabili ezean, hau da, Roundup markakoa). Hala uler daitezke iritzi publikoa eta agentzia erregulatzaileak haren kaltegabetasunaz konbentzitzeko egiten dituen eginahalak.
Baina berreskura dezagun haria. 1985ean, transgenikoen zabalkundea hasteko hamarkada bat falta zela, glifosatoa minbizi-eragiletzat jo zuen AEBetako ingurumen agentziak, EPAk. Gaur egun IARCek konposatuari eman dionaren antzeko kategoria batean sartu zuten: gizakientzat potentzialki kantzerigenoa. Sei urte geroago, ordea, EPAk berak esan zuen ez zegoela ebidentziarik glifosatoak minbizia eragiten duenik pentsatzeko. Berriki Europako EFSAk esan duen gauza bera.
Minbizi-eragilea izatetik kaltegabea izaterainoko bidea
Zer gertatu zen 1985 eta 1991 bitartean? Urrats nagusiak primeran laburbilduta daude gaztelaniazko blog honetan (hartan oinarrituta dago artikulu hau, hein handi batean). Hor azaltzen denez, ondoren datozen historiaren pasarteak aurtengo udaberrian AEBetan hasi den Monsantoren kontrako epaiketa bati esker ezagutu ahal izan dira (hemen ere aipatu genuena). Milaka nekazarik salatu dute Monsanto, urte askoan glifosatoa erabili ostean garatu egin zaielako Ez-Hodgkin linfoma izeneko minbizi mota bat, ez ohikoa baina azken urteetan izugarri zabaldu dena, Ipar Amerikan gehienbat.
Ahalik eta laburren azaltze aldera, esan dezagun 1985ean EPA agentziak kartzinogenotzat jo zuela glifosatoa, Monsantok berak saguekin egindako ikerketetan oinarrituta besteak beste. Berehala, Monsantok Marvin Kushner izeneko zientzialari bati –osasun arazoengatiko epaiketetan beti enpresen alde deklaratzeagatik ezaguna– agindu zion ikerketa haren emaitzak berriro aztertzeko, EPA atzera egiteko konbentzitze aldera. Monsantoren barne-agirien idazkerak argi uzten du Kushnerren errebisioaren emaitzak erabakita zeudela errebisioa hasi aurretik ere. Glifosatoa “ezin zitekeen” minbizi-eragilea izan. Bide batez: Kushner ez zen independentea, Monsantoren langile ohia zen eta.
EPAri presioak
Kushnerren alegazioak aztertu ostean ere, EPAk berretsi egin zuen glifosatoa kantzerigenoa zela, baina apurka Monsantok lortu zuen beste aditu batzuk –industriarekin lotutakoak– bere alde jartzea. Azkenik, eta beste agentzia baten “gomendioz”, EPAk ebatzi zuen ez dagoela ebidentzia nahikorik glifosatoak minbizia eragin dezakeela esateko, bere patologoen azterketetatik hala ondorioztatu arren. Geroztik, EPAren erabaki harekin bat egin dute munduko agentzia erregulatzaile guztiek, IARCek glifosatoa 1985ean zuen kategoriara “bueltarazi” duen arte. Erabaki hori dela-eta IARC jasaten ari den presioez ere jardun izan gara aurretik.
Zergatik borrokatu zen Monsanto hain gogor 80ko hamarkadan glifosatoaren sailkapena aldatzeko? Hona hipotesi on bat: herbizida modura erabiltzen hasi zenetik, erein beharreko zelaia belar txarrez garbitzeko erabiltzen zen herbizida, baina erein baino lehenago. Landu nahi zen laborearen gainean botaz gero, hura ere hilko zuen. Baina Monsanto glifosatoa erresistitzeko landareak diseinatzen hasi zenean, hori aldatu egin zen: jendeak jango zituen landareen gainean bota beharko zen herbizida, eta hori ez zen onargarria izango konposatua kantzerigeno probableen zerrenda egonda. Glifosatoa kaltegabetzat jotzea estrategikoa zen, ez Monsantorentzat bakarrik, baizik eta AEBetako Gobernuak hasieratik sutsuki defendatu duen transgenikoen teknologia-lerro osoarentzat baizik.
Erresistentzien arazoa: dosia etengabe igo beharra
Teknologia horren aldekoen promesak ez dira bete, bestalde. Roundup Ready laboreak erabilita herbizida gutxiago erabili beharko zituztela esan zitzaien nekazariei, glifosatoa aski izango baitzen eremuak “garbitzeko”. Errealitatean kontrakoa gertatu da: glifosatoa erruz erabiltzearen ondorioz haren aurkako erresistentziak izugarri garatu dira. Dagoeneko, landare super-erresistenteak laborarien arazo handiena bihurtu dira AEBetako eskualde askotan. Gero eta glifosato gehiago erabili behar dute, eta gero eta bestelako konposatu gehiagorekin batera, uztak izorratzen dizkieten belarrak akabatzen saiatzeko.
Landare askok glifosatoari erresistenteak diren aldaerak garatu dituzte, herbizida horren erabilera masiboaren ondorioz, Ipar Amerikan batez ere. Gero eta glifosato gehiago behar da efektu bera lortzeko –kasu batzuetan beste zenbait plagizidarekin batera–, eta urtez urte handiagoa da elikagaietan onartutako gehienezko glifosato arrastoen kopurua.
Horren albo-ondorio bat izan da denborarekin gero eta handiago bihurtu dela zenbait nekazaritza-produktutan onargarritzat jotzen den glifosato arrastoen kopurua. Izan ere, produktu batzuen kasuan modu eskandalagarrian igo dira mugak. 1993tik 2015era, EPAk onartutako glifosato arrasto kopurua 2.000 aldiz handitu da alpaparako, 1.000 aldiz gari-lastorako eta 300 gari aleetarako, 17 inguru artorako, bikoiztu egin da sojarako…
Gero eta glifosato gehiago onartzen da elikagaietan
Adibide batzuk ematearren, EPAk sojan onartzen duen glifosato kopurua milioiko 40 partekoa da. Arto aleetan, bostekoa. Gari aleetan, 30ekoa. Animaliek jateko belarretan, 100ekoa. Aldiz, EPAk berak ezarrita dauka uretan onar daitekeen glifosato portzentajerik handiena milioiko 0,7 partekoa dela. 1993an elikagai gehienetan onartzen zen kopurua hortik behera zegoen, gaur egun oso gora. Uretan toxikoa dena ez al da toxikoa artoan eta garian? Arazoa da lehengo mugei eutsita ezinezkoa litzatekeela gaur egungo ipar amerikar nekazari batentzat legea betetzea, zelaiak “garbitzeko” gero eta glifosato gehiago bota behar baitu. Esan gabe doa konposatuaren salmenta kopuruak oparo haziz doazela urtez urte. Historian gehien saldu den herbizida da glifosatoa, eta itxuraz hala izaten jarrai dezan lagundu nahi du Europako Batzordeak.
Monsantoren eskuliburua: zientzialarien lana desitxuratu, pozoia saltzen jarraitzeko
2017-10-12 // Osasuna, Transnazionalak, Zientzia eta teknologia // Iruzkinik ez
Glifosatoaren merkaturatze-baimenaren behin betiko etena eskatzeko mobilizazioa. (Argazkia: DPA)
Urriaren 25ean glifosato herbizidaren merkaturatze-baimena luzatu edo eteteaz bozkatuko dute Europar Batasuneko estatu kideek. Aurtengo abenduaren 31n iraungiko da gaur egun indarrean dagoen baimena, eta Europako Batzordeak beste hamar urterako berritzea proposatu du, 2015ean IARC erakundeak –minbizia aztertzen duen OMEren menpeko organismoa– glifosatoa seguraski kantzerigenoa dela esan arren.
IARCen iritziari kontra eginez, hainbat europar agentziak, tartean elikagaien segurtasunaren zaindari den EFSAk, adierazi dute ez dagoela arrazoirik glifosatoa –munduan gehien saltzen den herbizida– kaltegarria denik esateko. Azken hilabeteetan, ordea, EFSAri berari eta Europan substantzia kimikoen segurtasunaz arduratzen den ECHAri leporatu izan zaie hainbat ikerlan kontuan hartu ez izana beren ebazpena egiterakoan.
Monsantok aspalditik zekien
Salaketa horien azken pasartea joan den urriaren 4an gertatu zen. Egun hartan, AEBetan Monsantoren aurkako auzia abiarazi duten zenbait pertsona –denak minbiziak jota– Bruselan izan ziren, euren abokatu eta guzti, europar agintariei eskatzeko aintzat har dezatela glifosatoaren arriskuaz berriki zabaldu den ebidentzia.
Monsantoren aurkako auzibidearen karietara multinazionalaren barne agiri ugari –“Monsantoren paperak” izena eman zaie– desklasifikatzeko agindu du epaitegi estatubatuar batek. Horietan argi ikusten da enpresak aspalditik zuela bere produktu nagusietako baten toxikotasunaren berri. Konpainiak 1999an eskatutako ikerlan baten ondorio modura, James Parry toxikologoak Monsantori ohartarazi zion glifosatoak zeluletan mutazioak eragiteko gaitasuna zuela, eta ondo aztertu beharko litzatekeela haren formulazio komertzialak, enpresak Roundup markapean saltzen duenak, zer eragin eduki dezakeen.
Parryren ikerlana ez zen sekula argitaratu, eta haren gomendioak ez ziren aintzat hartu. Baina transnazionalak bazekien glifosatoa arriskutsua izan zitekeela, “Monsantoren paperen” artean dagoen agiri batek argi uzten duenez. Donna Farmer, konpainiako toxikologo batek, honakoa idatzi zuen 2002an: “Ezin dugu esan Roundup-ak minbizia eragiten ez duenik. Ez dugu haren kartzinogenitate azterketarik egin”.
Zientzialarien ospea auzitan jartzen
Monsantok bere ikerlanen emaitzak estali zituen isil-isilik, baina aldiz, zalaparta handia eragin zuen IARCek 2015ean esan zuenean glifosatoa seguraski minbizi-eragilea dela gizakiengan. Agentzia horretako hainbat arduradunen esanetan, glifosatoari buruzko ebazpenak atea ireki zion beren aurka sekula ikusi gabeko erasoaldiari.
2016ko apirilean, Reuters agentziak argitaratutako artikulu batek zalantzan jarri zituen IARCek substantzia minbizi-eragileen sailkapena egiteko darabiltzan irizpideak, eta beren-beregi kritikatu zuen zerrenda horretan glifosatoa jarri izana.
Artikuluaren edukiak zabalpen handia izan zuen mundu osoko hedabideetan. Luze gabe jakin zen –baina ez horrenbeste zabaldu– haren egilea, Kate Kelland, Monsantok hautatutako eta emandako materialean oinarritu zela. Bestalde, Kellandek “zientzialari independente” modura aurkeztutako Bob Tarone Monsantoren ordainpeko aholkularia da. Carey Gilliam Reuterseko kazetari ohiak azaldu zuenez, Kellandek berak lagundu egin zuen Science Media Centre taldea sortzen; haren helburua da zientzialari eta kazetari jakin batzuk –esaterako, Tarone eta Kelland– harremanean jartzea, eta agrokimikoen arloko konpainietatik eskuratzen du finantzazioaren zati handi bat, Monsanto barne. Hemerotekara bisitatxo azkarra egitea aski da ohartzeko Kellandek artikulu ugari sinatu dituela Reutersen, IARCek glifosatoarekiko ebatzitakoa gogor kritikatuz.
Junk science
Reutersen artikulua kanpaina handi baten adibide bakana baino ez da, Le Monde egunkarian Stéphane Horel eta Stéphane Foucart kazetariek argitaratutako ikerketa-lan baten arabera. Lehenik eta behin, Monsantok adierazi zuen IARCen erabakia zientzia txarraren ondorioa izan zela. Zehazki, ingelesezko junk science esamoldea erabili zuten. Beren interesen kontra doazen ikerlanak zientzia txartzat jotzea konpainia handien eskuliburuan ageri den lehen urratsa da aspalditik; taktika horren bidez lortu zuen tabakoaren industriak, hainbat hamarkadaz, saltzen dituen produktuen eta minbiziaren arteko lotura ezkutatzea, edo behintzat zalantza piztea, eta geroztik sistematikoki erabilitako metodoa izan da. Monsanto da adibiderik argienetakoa, hain zuzen.
Missouriko multinazionalak hedabideetan mezu hori zabaldu bitartean, bere abokatuek gutunak bidali zizkieten IARCerako glifosatoari buruz azterlanak egindako zientzialariei, beren dokumentuak bidaltzeko eskatuz. AEBetakoak, horrez gain, epaitegietara eraman zituzten. Aldi berean, hazien eta pestiziden alorreko lobbyek IARCen erabakiaz kexak bidali zituzten erakundea finantzatzen duten organismoetara.
Armada txiki bat Monsantoren egia zabaltzen
Monsantoko exekutiboek eurek azaldu dute badutela Let nothing go izeneko lan-ildo bat, funtsean konpainiak jasotzen dituen kritika guzti-guztiei erantzutean datzana. Horren arabera, Monsantok, beste enpresa batzuen bitartez, itxuraz industriarekin loturarik ez duten pertsonak kontratatzen ditu, hedabide eta sare sozialetan multinazionalaren produktuak eta jarduerak defendatzeko, eta haren aurkariei erasotzeko.
Ez daude lan horretan bakarrik. Sigla zopa baten atzean aurkitu daiteke pestiziden, hazien eta sintetiko kimikoen alorretako industriaren interesak defendatzen dituzten talde ugari; IARCen eta harekin lankidetzan dabiltzan beste erakundeen aurkikuntzak kritikatzen dituzte etengabe, ikerketen emaitzak zalantzan jarriz.
EFSAren independentzia ezbaian
“Monsantoren paperen” artean badira konpainiaren eta AEBetako Ingurumen Agentziaren (EPA) arteko lotura estuak erakusten dituzten zenbait mezu. Urriaren 4an Bruselara joan ziren Monsantoren aurkarien abokatuek iradoki egin zuten Europan gauza bera gerta litekeela. Gaur-gaurkoz horren froga zehatzik ez badago ere, irailean The Guardian-ek argitaratutako artikulu batek erakusten zuen glifosatoa segurutzat jotzen duen EFSAren txostenaren zenbait pasarte Monsantok idatzitakoen berdinak direla, hitzez hitz.
Bestela ere, EFSAren independentzia auzitan jarri da behin baino gehiagotan. Lobbyen jarduna behatzen duen CEO gobernuz kanpoko erakundeak ekainean argitaratua du txosten bat, esanez EFSArako lanean dabiltzan zientzialarien erdia inguruk elikagaien industriarekin loturaren bat duela.
Oharkabeko eskandaluak
2017-09-12 // Ingurumena, Osasuna // Iruzkinik ez
Glifosatoaren debekua eskatzeko mobilizazioa Bruselan. (Arg.: Avaaz)
Milioika tona plastiko ingurumenera jaulkitzeak sortzen dituen arazoez oharturik, gure agintariek aspaldi heldu zioten material horrekiko bizikidetza modu arrazionalagoan antolatzeko lanari. Hurrengo pasartea irailaren 26an izango da; egun horretan, Europako Batzordeak plastikoaren estrategia berria eztabaidatuko du.
Ez dakigu mahaiaren inguruan jesarriko direnek kontuan hartuko ote dituzten joan den astean plazaratu ziren mikroplastikoei buruzko ikerketaren emaitzak. Jakin bagenekien halakoen pilaketak ozeanoetan arazo latzak sortzen dituela, zuzenean fauna kaltetuz, eta zeharka gu, fauna hori jateko ohitura dugunez gero. Orain zabaldu dena da –ez lehenengoz, dena esatera– txorrotako ur ustez garbiarekin batera ere plastiko ugari irensten dugula. Europan, zehazki, edaten dugun hamar tragotik zazpitan. Eta plastikoarekin, hark dakartzan kutsatzaile ugari.
Herritar onberak pentsatuko du tamaina horretako mehatxu bati erantzun sendoa emango diotela osasun publikoa babesteko ardura dutenek. Baina logikarik sinpleena ere deformatu egiten da tartean milioika euro, edo dolar, mugitzen dituzten industriak daudenean.
Glifosatoari buruzko eztabaida
Adibide bat: Europako Batzordeak beranduenez abenduaren 31rako erabaki behar du ea baimena luzatuko dion 2015ean Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak “seguraski kantzerigeno” izendatu zuen glifosatoari. Zergatik ez dago debekatuta honezkero? Europako hiru agentziak, tartean elikagaien segurtasunaren zaindari den EFSAk, esan dutelako ez dagoela arrazoirik glifosatoa –munduan gehien saltzen den herbizida– kaltegarria denik esateko.
Martxoan AEBetako epaile baten aginduz argitara ekarritako Monsantoren barne-agiri batzuek erakusten dute enpresak aspalditik zekiela glifosatoak mutazioak eragiteko gaitasuna zuela. Uztailean, berriz, ikertzaile independente baten txostenak erakutsi du EFSAk eta enparauek konposatuaren arriskua frogatzen duten zazpi ikerlan baztertu zituztela, hartaz kezkatu beharrik ez dugula ebazteko. Isilean joan da eskandalua, herritarren pozoiketa masiboaz ari garenean ohi denez.
Kutsatzaile hormonalak definitzeko irizpideak: berandu eta eskas
2017-07-05 // Ingurumena, Osasuna // Iruzkinik ez
EDC Free taldeko kideen elkarretaratzea Europako Legebiltzarraren aurrean. (Arg.: EDC Free Coalition)
2013ren hondarrerako behar zuena 2017ko uztailaren 4an onartu dute Europar Batasuneko estatu kideek: pestizida eta enparauetan erabiltzen diren substantzietako bakoitza kutsatzaile hormonala –disruptore endokrinoa, nahiago baduzue– ote den erabakitzeko irizpide sorta. Atzerapenaren arrazoiak asko dira, baina esaldi sinple batean laburbil daitezke: Europako Batzordeak ezin izan du orain arte denak asetzeko moduko proposamenik aurkeztu –ezta onartu dutena ere, egiazki–, eta zirriborroz zirriborro asteak eta hilak igaroz joan dira.
Esan gabe doa pestizida ekoizleen presioa funtsezkoa izan dela prozesua horrenbeste moteltzeko, ingurumenaren eta osasunaren babeserako taxuzko araudi batek merkaturatzen dituzten zenbait produkturen debekua ekar lezake eta. Komeni da gogoraraztea kutsatzaile hormonalek gaitz ugari eragiten edota larriagotzen dutela; urtez urte oparoago bihurtzen da haien arriskuen berri ematen duen literatura zientifikoa.
Debekatu orduko, kaltea eginda
Zehazki, EBko estatu guztietako kideak dituen Europako Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrak (SCoPAFF) onartu ditu, dagoeneko ez dakigu zenbatgarren saiakeran, kutsatzaile hormonalak definitzeko irizpideak. Nortzuk ez dira konforme gelditu? Bada, hasieratik araudi bigunegia onartzeko arriskuaz ohartarazi dutenak: batetik, ingurumenaren eta osasunaren defentsan diharduten talde ugarik osatutako EDC Free elkartea; bestetik, zenbait zientzialari arduratsu, batez ere endokrinologoak.
Funtsean, ahots kritiko horiek identifikaziorako baldintza gogorregiak ezartzea leporatzen diote SCoPAFFek onartutako irizpide sortari. Bestela esanda, substantzia batek sekulako kaltea egin duela frogatu beharko da disruptore endokrinoa dela eta debekatu egin behar dela ebatzi aurretik. De facto, Europar Batasuneko legedian indarrean dagoen zuhurtzia printzipioaren aurka jokatzea da hori.
Horrez gain, oso kritika gogorrak jaso ditu proposamenak ezartzen duen salbuespen batek: kontraesan ikaragarria badirudi ere, ez dira kutsatzaile endokrinoaren definizioan sartuko hain zuzen ere sistema endokrinoari erasotzeko sortutako pestizidak. Horren arabera, arazorik gabe ekoitzi ahal izango da intsektu mota jakin bati sistema hormonala kaltetzen dion intsektizida bat, modu horretan intsektizida haren helburu ez diren beste espezie batzuei ere–esaterako, polinizatzaile bati– kalte egin arren.
Beste produktu askorentzako aurrekaria
Gaiak berez du garrantzia, ekosistemen babesarekin eta denon elikadurarekin zerikusia baitu, baina are larriagoa da kontuan hartzen badugu pestizidentzat onartu dena aurrekari modura erabiliko dela bestelako produktu batzuk, asko, arautzeko. Izan ere, Europak irizpideok baliatu nahi ditu jostailu, kosmetiko eta elikagaien ontzien alorretan, besteak beste.
Nolanahi, SCoPAFFek hartutako erabakia ez da behin betikoa. Europako Legebiltzarrak onespena eman beharko dio 2017 amaitu baino lehen, ustez behintzat. Hau sinatzen duenak apustu egin behar balu, esango luke Parlamentuak ez duela proposamena atzera botako, baina seguruenik borrokaldi interesgarria ikustekotan gaude oraindik.
Klimaren akordioa: America out again
2017-06-02 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
(Argazkia: Michael Vadon-CC BY)
Donald Trumpek hauteskundeak irabazi zituen egunean, 2016ko klimaren gailurra hasi berri zegoen Marrakexen. Han zebiltzanen testigantzei kasu egitera, hautagai errepublikanoaren garaipenak nolabaiteko deserosotasuna zabaldu zuen giroan, are etsipena ere zenbaitengan. Agidanez, ezkorrenek bazuten arrazoirik kezkatuta egoteko. Presidenteak aski izan du urte erdi AEBak Parisko Klimaren Hitzarmenetik aterako dituela iragartzeko.
Denbora luzeagoa beharko du asmoa gauzatzeko, mota horretako akordio batetik irtetea ez baita telefono dei soil batekin konpontzeko moduko afera. Zehazki, 2020rako nahi du Trumpek Parisko Hitzarmenetik kanpo egon. Baina ondorioak berehalakoak dira. Etxe Zuriko maizter berriak, akordiotik irteteko iragarpena eginda, gauza bat utzi du garbi: ez du klima aldaketaren aurkako politika eraginkorrik martxan jarriko. Bestela ere nahiko garbi zegoen, dena esatera. Azken batean, Trumpek aspaldiko mehatxua gauzatu besterik ez du egin.
Berotegi efektuko gas gehien isurtzen duten bigarren herrialdea dira AEBak –Txina dute gainetik–, eta lehenbizikoak per capita. Parisko Hitzarmenetik kanpo geratzeak asko zailduko du haren helburuak betetzea. Batetik, AEBrik gabe ezinezkotzat jo daiteke akordioak ezartzen duen helburu ideala: planetaren beroketa globala, mende honen amaierarako, ez dadila izan 1,5 ºC-tik gorakoa. Baina hori ez da hain larria, AEBekin ere oso-oso helburu zaila baita. Klima aldaketaren bilakabidea aztertzen duen IPCCren arabera, inolako neurririk hartuko ez bagenu 2026an iritsiko ginateke gradu eta erdiaren muga horretara. Hamarkada bat baino gutxiago.
Beste helburua, apalagoa, beroketaren langa bi graduan uztea da. Parisko Hitzarmena gehien kritikatu dutenentzat, hori ere nekez lortuko zen akordioaren ahuldadea ikusita. Baina garbi dagoena da, baikorrentzat bezala ezkorrentzat, AEBak kanpoan direla askoz zailagoa izango dela xedea betetzea. Eta hain zuzen, munduko bigarren kutsatzaile handienak inolako ondoriorik gabe akordioa utzi ahal izateak erakusten du ongien Parisko Hitzarmena ez dela behar bezain tresna eraginkorra klima aldaketari aurre egiteko, konpromiso sendoagoak eskatu dituztenen ustez. Ironikoena da AEBek sinatzeko urardotu zela akordioa. Baina Trumpentzat hori ere lar.
AEBetako gehiengoa ere ez dago ados
Etxeko ekonomiaren eta langileen interesak babestu nahi dituela argudiatu badu ere, hango jendartean nagusi den iritziari muzin eginez erabaki du presidenteak Parisi bye, bye esatea, Atlantikoaren bestaldetik datozen analisien arabera. Harrigarriagoa da herritar xeheek ez ezik enpresa handi gehienek eskatu diotela Trumpi AEBak klimaren akordiotik ez ateratzea, baita ekonomiaren deskarbonizazioarekin gehien galtzen dutenetako askok ere, erregai fosilen sektorekoek alegia.
Orduan nork egin du presio Parisko Hitzarmenetik irteteko? Desmog blogean Sharon Kelly kazetariak dioenez, politikan zein ekonomian minoritarioak diren talde batzuen doinuari jarraiki egin du Trumpek dantzan. Lehenbiziko multzoan daude alderdi errepublikanoko zenbait ahots, etxean ere gehiengoa ez izanagatik eragiteko gaitasuna erakutsi dutenak, presidentearen erabakietan bederen, dela botere handiko karguetan daudelako dela Trumpek entzun nahi duen horixe esaten dutelako, edo seguruenik gauza biak.
Beste eragin eremu bat klima aldaketaren ukazioan nabarmendu diren think tank, institutu, fundazio eta enparauen sarea da. Gutxi dira, baina badute euren ahotsa anplifikatzeko bitartekorik; haien finantzazio iturria ez da Gabonetako loteria salmenta, bistan dena. Desmog blogaren esanetan, batik bat energiaren alorreko enpresa erraldoi bi daude talde horien atzean: Koch Industries eta ExxonMobil. Naomi Kleinen This changes everything liburuan ere aurkituko duzu klima aldaketa ukatzen dutenen finantzazioari buruzko datu interesgarri asko.
Aipatzekoa da, nolanahi, AEBak klimaren akordiotik aterako direla iragartzeko Trumpek emandako diskurtsoan ez duela beste batzuetan adinako pisua izan datu zientifikoen ukazioak. Oraingoan, presidenteak ez du esan klima aldaketari buruzko akordiorik behar ez denik, baizik eta Pariskoak, dagoen-dagoenean, kalte onartezina egiten diola AEBen ekonomiari. Beste akordio bat –edo oraingoan AEBak kabitu ahal izateko aldaketak– negoziatzeko prest dagoela esan du Trumpek. Momentuz, ea nola moldatzen den mundua bera gabe.
Garoña itxita, besteak zabalik
2017-03-27 // Energia, Ingurumena // Iruzkinik ez
Garoñako zentral nuklearra (Arg.: Foro Nuclear).
Joan den larunbatean azalean zekarren El Correo-k: Nuclenorrek aitortu du Garoña berriro martxan ipintzea ekonomikoki bideraezina dela. Vocento taldeko egunkariek jaso dutenez, zentral nuklearraren jabeengandik oso hurbileko iturriek baieztatu diete Nuclenor –erdibana Endesak eta Iberdrolak osatua– ez legokeela prest Garoña berriz pizteko beharko lituzkeen 205 milioiak gastatzeko. Horietatik, 170 inguru Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN) baldintza modura ipinitako hobekuntzei dagozkie. Horiek gabe zentrala ezin izango litzateke berriro ireki, 2031ra arte funtzionatzeko CSNk emandako onespenean zehazten denez.
Nuclenorren asmoak hain modu agerikoan haizatzea ez da sekulako albistea, jakina zenaren konfirmazio “ofiziala” baizik. Nuclenorrek Garoñaren bizitza luzatzea eskatu zuenean, gogoan zuena ez zen Arabatik gertuko zentral txikia berriro energia ekoizten hastea, bazekien-eta operazioa ez zela inola ere errentagarria izango. Garoña baino askoz potentzia handiagoa duten Espainiako Estatuko gainerako zentralen bizitza luzatzeari atea irekitzea zen helburua, datorren hamarkadan denak iritsiko baitira 40 urteko epemugara.
Zalantzarik balego, hara zer dioen Vocentok asteburuan kaleratutako albisteak: Espainiako Industria eta Energia Ministerioak –Garoñak 60 urtera arte funtzionatzeko baimena eman behar duena, azken batean– oposizioko alderdiak, autonomia erkidegoak eta beste zenbait eragile inplikatu nahi ditu Garoñari buruzko erabakian. Kontsultarako sei hilabeteko epea ireki dute horretarako; Vocentoren arabera Nuclenorrek ministerioari jakinarazi dio dagoeneko berrirekiera ez dela bideragarria.
Baina gehiago esan du Espainiako Gobernuak. Industria Ministerioarentzat Garoñari buruzko eztabaida lehen urratsa besterik ez da, gainerako zentralen geroaz hartu beharreko erabakiei begira. “Zentral bakoitzaz erabaki dezakegu, edo sektore osoaz”, esan omen dute ministerioko iturriek. Haien iritziz, Espainiako zortzi erreaktoreetako baten bizitza luzatzea debekatzeak argindarra %25 garestitzea ekarriko luke. Gobernuak mix energetikoan zentral nuklearrak mantentzearen alde egiten du erabat. Ezustekorik ez, beraz.
Nekez kontrolatuko dugu klima aldaketa Artikoa urtzen denean
2017-01-19 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
Artikoa udan guztiz urtzeak erabat ezinezko bihurtuko du beroketa globala 1,5 gradu azpitik mantentzea, eta asko zailduko du bi graduren muga ez gainditzea.
Azken urteetan zientzialariak ohartu dira beroketa globalaren ondorioetako batzuek beroketa globala azkartzen dutela. Klima aldaketak bere burua elikatzen du, nahi baino motelago dezifratzen ditugu mekanismo konplexuen bidez. Aurkikuntza bakoitzarekin, larriagoa da begi aurrean agertzen zaigun panorama.
Oraindik orain Earth´s future aldizkarian argitaratutako ikerlan batek ondorioztatu du Ozeano Artikoko izotza urtzeko joerak zeharo zaildu dezakeela iazko azarotik indarrean den Parisko Klimaren Hitzarmenaren helburuak betetzea. Batere izotzik gabeko uda izateak behartu lezake karbono dioxido emisioak zerora murrizteko epemuga aurreikusitakoa baino bost eta hamabost urte bitartera aurreratzera, ikerketan parte hartu duen EAEko BC3 zentroak adierazi duenez.
Izotzik gabeko Artikoa ez da hipotesi hutsa, ia seguru mende honetan ikusiko dugun zerbait baizik. Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) 2040 eta 2060 bitarterako aurreikusi du Artikoa guztiz urtuta egongo den lehenengo uda. Beste ikerketa batzuek, berriz, 2030 baino lehenagorako iragarri dute gertakari hori. Bihar bertan emisioak gutxitzen hasita ere –eta hori ez da gertatutako, ez bihar ez etzi–, denbora beharko litzateke inertzia klimatikoa gainditu eta Artikoa hozten hasteko, BC3ko Sérgio H. Fariaren esanetan.
Parisko Klimaren Hitzarmena betetzeko orain arte agertutakoa baino askoz borondate handiagoa beharko da, azken ikerketak erakutsi duenez. Irudian, agintariak Hitzarmena ospatzen COP21 gailurraren amaieran.
Izotzik gabe, bero handiagoa atxikitzen du Lurrak
Azken ikerketaren ondorio nagusia izan da Artikoa erabat urtzeak albedoa gutxituko duela. Pertsona arrunten hizkeran: Lurrak eguzki-erradiazioaren portzentaje txikiagoa islatuko du atmosferarantz. Itsasoak energia gehiago xurgatuko du eta beroketa globala areagotu egingo da.
“Zenbat eta izotzik gabeko uda lehenago gertatu, orduan eta zailagoa izango da klima aldaketa kontrolatzea”, esan du BC3ko ekonomialari Mikel González-Eguinok. Hainbat agertoki aztertuta, ikerlariek kalkulatu dute oraindik isur dezakegunaren kopurua %20 eta %50 bitartean murriztu beharko litzatekeela aurreikusi gabeko bero-iturri horren ondorioak berdintzeko. Eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko erabili beharko den dirutza %20 eta %60 bitartean handitu daiteke.
Orain arte esandakoa Parisko Hitzarmenak ezarritako helburu nagusiari dagokio, alegia, mende honetan beroketa globala bi gradutik behera mantentzeari. Baina Hitzarmenak dio ahal den heinean 1,5 ºC-ren langa ez gainditzeko ahaleginak egin behar direla. “Helburu hori lortzeko modu bakarra etorkizunean emisio negatiboak izatea da”, González-Eguinoren berbetan. Hau da, atmosferatik karbono dioxidoa erauztea, horretarako aurreikusitako teknologia eta mekanismoak era masiboan eta elkarrekin konbinatuta erabiliz. Arazo handi bat dago ordea, BC3ren prentsa oharrak aipatzen ez duena: ez dago batere garbi teknika horiek behar bezala garatuta ote dauden edota benetan balio ote duten arazoari aurre egiteko. Kasurik txarrenean, egoera okertzea ere eragin lezakete.
Aurrerapausorik gabe joan da Marrakexeko klimaren gailurra
2016-11-21 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
Ondorio praktiko handirik gabeko dokumentu bat izan da Marrakexeko COP22 gailurraren emaitza. (Arg.: COP22)
Iaz Parisen sinatutako Klimaren Hitzarmena “konpromisoak hartzeko konpromisoa” izan zen, Mari Jose Sanz BC3 ikerkuntza zentroko zuzendariaren esanetan. Marrakexen amaitu berri den COP22 gailurrean Parisko helburuak betetzeko bitartekoak zehazten hasi behar zuten munduko gobernuek; baina iaz agertutako borondatea berrestea izan da emandako urrats esanguratsu bakarra. Atzerapausorik eza beste aurrerapausorik ez du ekarri Marrakexek, eta hori oso gutxi da ia mundu guztiak larrialdi klimatiko betean gaudela onartzen duen honetan.
Mari Jose Sanzen beraren esanetan, “inork ez zuen espero hain azkarra izango zenik Artikoko izotzaren atzerakada, besteak beste”. Baina zientziak ematen dituen datuen larritasunak ez du eragiten nazioarteko foroetan lastertasunez jokatzea, ez behintzat askok nahi luketen bezainbat. COP22 gailurrean adostu den dokumentua ez da adierazpen politikoa baino askoz gehiago. Parisko Hitzarmena betearazteko araudia 2018rako prest izatea erabaki da, ez lehenago. Sanz berriz: “Zaila da gizarte eredu bat aldatzea, zaila da deskarbonizatzea”. Publikoki agertzen den borondateak bestelako indar batzuekin egiten du talka, bistan dena.
Mari Jose Sanz baikorra da hala ere. Honela zioskun gailurraren azken egunean, Marrakexetik bertatik: “Negoziazioak ez dira kontu teknikoetan katramilatu, eta hori ona da. Jendeak gauzak egin nahi ditu, eta ilusioz dago. Trumpen garaipenak ere ez du atsekaberik eragin, zalantza batzuk piztu arren”.
Parisko Hitzarmena aurrera eramateko gobernuek agertutako borondatea positibotzat jo du Greenpeacek ere, baina konpromiso zorrotzagoa eskatu du. “Emisio murrizketa sakonagoak lortzeko plana behar da”, esan du talde ekologistak, “eta nahitaezkoa da petrolioa eta ikatza guztiz alboratzea planetaren tenperatura ez dadin 1,5 ºC baino gehiago igo, Parisen adostu legez”.
“Beste urte bat galdu da alferrik”
Ekologismoaren barruan askoz balorazio kritikoagoa egiten dute batzuek. Ekologistak Martxanen hitzetan, “Marrakexen, herrialdeek asmo handinahiagoak aurkeztu behar zituzten, 2018an beroketa globala 2 ºC-tik behera mantentzeko konpromiso berriak emate aldera, baina kontsentsu faltak erakutsi du hori ez dela 2020 baino lehen lortuko, eta ordurako berandu izan daiteke”. Beste urte bat galdu da alferrik, elkarteko kide Javier Andaluzen aburuz.
Emisioak murrizteko anbizio falta kritikatzeaz gain, Andaluzek dio COP22 porrota izan dela klima aldaketari aurre egiteko finantzazio mekanismoei dagokienez ere: “Kyotoko Protokolotik datorren Egokitzapen Funtsa ez da behar bezala definitu, eta hurrengorako utzi dute; Klimaren Funts Berdea, %80 murrizketa politikak finantzatzeko dena, diru nahikorik gabe dago oraindik; eta klima aldaketak eragindako kalteak konpontzeko funtsa finantza-produktu espekulatzaile bihurtzeko bidean jarri da, aseguru-konpainien eta bestelako finantza-enpresen esku hartzeagatik”.
Klimaren aldeko martxa Marrakexen. (Arg.: Greenpeace)
Justizia klimatiko eske
COP22 egin bitartean gailur alternatiboan bildu dira mundu osoko elkarte ugari bertako Cadi Ayyad Unibertsitatean. Amaieran, klima justiziaren aldeko adierazpen bat argitaratu dute. Azken mendean beroketa globalak eragindako ondorioak aipatu eta gero, klima aldaketari aurre egiteko gizartearen eraldatze sakona behar dela azpimarratzen dute. Besteak beste, energia sistemak errotik aldatzearen alde agertzen dira, hala nola foro ofizialetan proposatzen diren “irtenbide faltsuen” aurka (karbono merkatuak, merkatuan oinarritutako baso kudeaketa, geoingeniaritza, energia nuklearra, konponbide teknologikoak…). “Klima aldaketa moteltzeko modu bakarra erregai fosilen %80 lurpean utzi eta lehenbailehen karbono gutxiko ekonomia garatzea da”, dio Javier Andaluzek.