Joanes Rosó: "Zergatik aukeratu behar dugu hemezortzi urterekin gustuko ez dugun karrera bat?"

Joanes Rosó: “Zergatik aukeratu behar dugu hemezortzi urterekin gustuko ez dugun karrera bat?”

Joanes Rosó

(Elgoibar, 1987). Ekintzailea. 2013an hamar gaztek sortutako TZBZ berrikuntza prozesuen aholkularitza-enpresa kooperatiboko kidea.

“Hamasei bat urterekin hasi zitzaizkidan buruan kolpeka kultura, politika edo identitate nazionala bezalako gaiak. Eta horri forma ematen eta guztia ordenatzen ari nintzela iritsi nintzen hemezortzi urtetara nire etorkizunarekin zer egin behar nuen galdegiten zidan hezkuntza sistemaren presiopean. Zerbait erabaki behar nuela eta ondo aukeratzeko, nire etorkizuna jokoan zegoela. Neure burua irudikatu nuen 70 bat urterekin, ostatu txiki batean, jendearekin solasean, eta unibertsitatera joan ordez sukaldaritzako kurtsoa egitea erabaki nuen. Ez ingeniaritzarik eta ez ezer, gustuko nuena.

Ume ginela amestu egiten genuen, beti genbiltzan abenturetan pentsatzen… Zergatik aukeratu behar dugu hemezortzi urterekin gustuko ez dugun karrera bat? Horrekin lana izango dugulako? Ikusi dugu ez dela horrela. Garrantzitsua, aukeratzen duguna aukeratzen dugula ere, gustukoa izatea da eta ematen dugun pauso bakoitzeko disfrutatzea.”

(Hau aurrerapen bat besterik ez da. Joanes Rosók Gazte prekarietatearen inguruan egin dugun Larrun-eko mahai-inguruan hartu du parte, beste hiru gazterekin batera. Maiatzaren 26an aterako da, Argiarekin).