Artzapezpikuak komunioa ukatu die zaborrekin kutsatzen dutenei… Napolin
Ez dugu tituluarekin esajeratu. Ikusi Ansa agentziaren titulu hau: “Sepe, chi inquina non può fare comunione“… (euskaraz, kutsatzaileak ezin du komuniorik hartu) eta “X Forum Internazionale Greenaccord, Card. Sepe: ‘Condannare chi abusa di beni che sono de la collettività’“ kronikaren hasiera: “‘Rifiuti zero, obiettivo possibile’ izeneko mahai-inguruarekin ireki da Greenacord erakundeak burutu duen nazioarteko 10. foruma. Bertan parte hartu dute Campania eskualdeko lehendakari Stefano Caldorok, Napoliko alkateorde Tommaso Sodanok eta Crescenzio Sepe kardinalak. Larunbata bitartean beren ikuspegiak trukatuko dituzte hondakinen arazoari era berrian aurre egiteko estrategiez eta aukerez bost kontinenteetatik iritsitako 30 zientzialari nazioartean famatuk eta ehun kazetarik”.
Crescencio Sepek esan omen du: “Ingurumenari kalte egitea, natura erasotu eta bortxatzea beste bekatu asko baino larriagoa da. Horregatik, ‘Canta e cammina” izeneko nire azken gutun pastoralean guztiei egin diet dei kristauak hezi, formatu eta gidatzeko ahaleginean parte hartu dezaten eta zuzendu dezagun lehenago aski zorroztasunez kondenatu ez izana komunitatearenak diren ondasunen erabilera okerra, herritarrei eta komunitate osoari ezin konponduzko kalteak eragiten dizkiena. Eskatu diet apezei, bikarioei, erlijiosoei, diakonoei eta laikoei berriro aztertzea zein den gure egitekoa eta garrantzia nagusia ematea etika publikoaren baliori, guztion etorkizuna horretan jokatzen baita”.
Key Wallacek La Reppublica egunkariaren gunean ingelesez daukan blogean “No communion for polluters” sarrera idatzi du kardinalak esanez: “[Esan du Sepe kardinalak] ‘Kutsatzen dutenak ez daude Jainkoaren grazian eta ezin dute komuniorik hartu’. Badira gai batzuk zeinetan sinestunak bezala sinesgabeak, ezkerrekoak bezala eskuinekoak, denak ados jarri daitezkeen, eta horietako bat da ingurumenaren suntsitze ikaragarria. Horregatik ederra da ikustea behingoz eliza katolikoa indar egiten politikoaz gain kriminala ere baden gai batean.
Behar bada Crescenzio Sepe Napoliko artzapezpikuak lortu ahal izango du estatuak eta legearen eta ordenuaren indarrek ezin izan dutena, alegia, Napoli inguruko Camorraren banda kriminal organizatuei eragoztea zaborrak, sarritan toxikoak, piletan erretzea. Azken hilabete honetan handitu egin dira protestak Campanian, urriaren 26an 50.000 baino gehiago bildu zituen Napoliko manifestazioak.
Kardinalak irailean deklaratu zuen ingurumena kutsatzea ‘bekatu larria’ dela. Asteazkenean Greenaccord forumean kazetariei esan zien: ‘Garaia heldu da denok elkarrekin aurrera egiteko gure lurrari pozoia kentzeko’. Amen, diot nik”. Bai, diogu guk ere: hala bedi.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks