Oier Lakuntza
Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
- Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
- Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Iñaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan
Unibertsoko zulo beltzak, gure baitakoen ispilu
Atalak: Gogoetak
Pasa den hasteko sarreran, grabitazio uhinen aurkikuntzaz aritu nintzen. Estatu Batuetako LIGO interferometroan igarri zuten uhin hura, bi zulo beltzen elkarketak sorturikoa omen zen. Baina zer dira zulo beltzak? Gaurko sarrera honetarako, interesgarria iruditu zait gai honetaz informatu eta hauekin erlazionaturiko gogoeta bat zuekin partekatzea.
Zulo beltz bat izugarrizko masa duen unibertsoko gorputza omen da. Bere masari esker, grabitazio eremu izugarria eragiten du, eta ondorioz, bertan sartzen den gorputz bat ezin da bertatik atera. Gainera, bere grabitazio eremuak argia ere xurgatu egiten du. Izan ere, Einsteinen erlatibitate orokorraren teoriak dioen bezela (ikusi pasa den asteko sarrera) grabitatearena, indar bat baino, espazio-denboraren deformazio bat da, eta argia espazioan hedatzen den uhin elektromagnetikoa den heinean, zulo beltz batek eragindako espazioaren deformazioak uhinaren desbideratze bat ere eragingo du.
Hala, zulo beltz batetik ihes egiteko, argiaren abiadura ere ez da aski. Eta Einsteinen arabera argiaren abiadura gainditu ezin den zerbait izanik, bertatik ateratzea ere ezinezkoa litzateke.
Zulo beltzen beste eragin bat, denboraren dilatazioa da. Alegia, denbora motelago pasatzen da espazio-denbora deformazio haundia eragiten duten masen ondoan, hauetatik urrun baino. Noski, diferentzia hau nabaritzeko, deformazio hori haundia izan behar da. Kalean egon edo etxeorratz baten azken pisuan egon, kronometro batek denbora bera markatuko du, baina zulo beltz baten ondoan egon edo bertatik mila argi urtera egon, diferentzia haundia izango da, zulo beltzetik gertu denbora askoz ere motelago pasatuko baita. Hau da, muturreko baldintzetan, grabitateak abiaduraren antzeko eragina duela esan genezake. Ni ez naiz honetan gehiago luzatuko, baina grabitateak eragindako denboraren dilatazioaz azalpen ederra daukazue Zientzia de sofá blogeko sarrera honetan.
Baina unibertsora begiratu beharrik gabe, gure inguruan badira beste era bateko zulo beltzak ere. Arrazoi bategatik edo besteagatik animoz gaizki gabiltzanean, guztia beltz, ezkor eta etsipenez ikusten dugu. Bizitzaren zulo beltzak izaten dira hauek. Ziur aski, guztia ez da hain iluna izango, baina unibertsoko zulo beltzek beren inguruko espazio-denbora deformatzen duten bezela, bizitzako zulo beltzek zurrupatzen duten jendearen ikuspegia deformatzen dutela esan daiteke. Gainera, beraietan geroz eta gehiago barneratu, orduan eta zailagoa izaten da bertatik ateratzea. Gure errealitatearen ikuspegiaren edo pertzepzioaren deformazioa geroz eta haundiagoa izaten da, guztia geroz eta beltzago ikusaraziz. Azkenerako, unibertsoko zulo beltz batean barneratzen den gorputz batentzat bertatik ihes egitea ezinezkoa den bezela, guri ere ezinezkoa iruditzen zaigu bizitzako zulo beltz hori atzean uztea.
Eta denboraren dilatazioaren antzeko zerbait ere eragiten dute gure baitako zulo beltz hauek. Guri agian ez zaigu irudituko, baina kanpotik guri begira dagoenari, denbora motelago pasatzen zaigula ere begitandu dakioke. Izan ere, ikuspegiaren deformazio horrek eraginda edo, izugarri kostatzen zaigu gauzak egiten hastea. Guztiari alde txarren bat ikusten diogu, eta honek edozein gauza egitea oztopatzen digu. Esan bezela, gu ez gara denbora motelago pasatzen zaigula ohartuko, baina deformazio hori pairatu ez duen norbaitek ikusten bagaitu, denbora gelditu egin zaigula irudituko zaio, berak ohiko eginbeharrekin jarraitzen duen bitartean, guk lehen egiten genuenaren erdia ere ez baitugu egingo.
Baina bien artean bada diferentzia haundi bat. Bizitzako zulo beltz batetik ateratzea kosta egiten bada ere, ez da ezinezkoa. Ohartu behar gara gure egoerak errealitateaz daukagun ikuspegia aldatu edo deformatu egin duela. Gauzak ez dira diruditen bezalakoak: zuloa dena baino sakon eta ilunagoa irudituko zaigu, baina errealitatean ez da hain sakona. Bi zuloak ezberdinak diren heinean, gu ez gara zulo beltz batean sartzen diren masa hutsak. Kontua urratsak ematen hastea da: hasieran kosta egingo zaigu, baina zulo beltzetik ateratzen garen heinean, guztia errazagoa irudituko zaigu, deformazioa txikiagoa izango da, eta jadanik ez gara denboran iltzaturik bageunde bezela ibiliko.
Beraz, blog honen irakurleren batek bere burua zulo beltz batean sentitzen badu, eutsi goiari eta segi aurrera! Ni ere ulertzen ez ditudan kontzeptuek nahigabetu egiten naute askotan, ulertu ezinak nolabaiteko etsipena eragiten baitit. Baina ahaleginduz gero, zeozer aterako da, eta ateratzen ez bada, buelta ematen ahaleginduko naiz, sarrera honetan zulo beltzekin egin dudan bezela.