Oier Lakuntza
Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
- Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
- Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
- IƱaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan
Polimeroak, modu orokorrean
Atalak: Gaurkotasunekoak
Poliestirenoa, poliuretanoa, polietilenoa, polioxalatoa, poliazetatoa, polimetakrilatoa, poli, poli, poli eta poli. Baina lasai, hauek ez dira poliziaren indar sekretuak, polimeroak baizik. Dena den, gure herrian poliziarekin gertatu ohi den bezela, hauek ere edozein lekutan ikus ditzakegu. Horren adibide, supermerkatutik bueltan etxera ekartzen ditugun erosketei begiratzea besterik ez dago; produktuek beraiek baino leku gehiago okupatzen dute berauek biltzeko erabiltzen diren plastikozko poltsa eta bestelako edukiontziek.
Baina tira, polimeroez hizketan hasi naiz eta plastikozko edukiontziak aipatuz bukatu dut. Funtsean, gure inguruan hain ugariak diren plastikoak, polimero mota bat dira, baina ez bakarrak. Azken batean, kautxoa, proteinak eta bizidunon informazio genetiko guztia biltzen duen DNA bera ere polimeroak dira, naturalak bai, baina polimeroak. Sustantzia hauek, beren izenak adierazten duen bezela, behin eta berriz (poli) errepikatzen den osagai txikiz (meroz) osaturiko molekula haundiak dira. Hala, polietilenoa etilenoz osaturik dagoen bezala, proteina bat aminoazidoz osaturik dago. Oinarrizko osagai motaren, berauek lotzeko moduaren eta tarteka izan ditzaketen osagai ezberdinen arabera, ezaugarri ezberdinak izango dituzte polimeroek.
Polimero sintetikoak egiteko petrolioaren destilaziotik lortzen den zati bat, petrolio guztiaren %6 inguru erabili izan dela esan behar da. Izan ere, horrela lortzen dira, gerora elkarrekin erreakzionatuz polimeroak emango dituzten oinarrizko osagaiak. Hemen ez dugu esparru hori jorratuko, baina oinarrizko osagaietatik abiatuz polimeroa osatzeko prozesuari polimerizazioa esaten zaio, eta bi mota nagusi bereizten direla esan daiteke: adiziozkoak (C=C lotura bikoitz edo hirukoitz bat hautsi eta beste osagai bat eransten da) eta kondentsaziozkoak (erreakzioan ura bezalako molekula txiki bat askatzen da). Edonola ere, petrolioa aipatu dugularik, ezin ahaztu agortzen ari den baliabide natural batez ari garela.
Zentzu horretan, azken urteetan ugariak dira polimero mota berriei buruzko ikerketak. Hauetako zenbaitek, gaur egun ditugun polimeroen modukoak lortzea bilatzen dute, baina petrolioarekiko menpekotasuna gaindituz, polimeroen oinarrizko osagaiak beste nolabait eskuratuz alegia. Beste zenbaitek aldiz, polimero mota berriak lortzea dute helburu. Hau ulertzeko, ohiko polimeroen oinarrian karbonoa dagoela kontuan hartu behar da. Izan ere, karbono bakoitzak, beste lau atomorekin lotzeko aukera dauka, hidrogenoarekin, oxigenoarekin, nitrogenoarekin, sufrearekin edo beste karbono batekin adibidez. Hala, ohiko polimeroak karbono kate luzez osaturiko molekulak dira. Ikerketa hauek, karbonoaz gain beste elementuren bat, trantsizio metalen bat adibidez, erabiltzea bilatzen dute. Txertaketa honek, ezaugarri berriak eskeiniko lizkioke polimeroari. Koordinaziozko polimeroak era honetako material berriak dira. Dena den, gai hau beste batean lasaiago jorratuko dugu.
Plastikoei buruz hitzegiten hasita, gure paisaiari egiten dioten kaltea ere aipatu behar da. Horren adibide, itsasoan agertzen diren plastikozko uharteak ditugu, Elhuyar aldizkariko azken alean irakur daitekeen bezala. Dena den, artikulu horretan azaltzen denez, horiek iceberg-aren punta baino ez dira, itsas hondoan kalte itzela egiten baitiote plastikoek ekosistemari. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, 2010 urtean 4,8-12,7 milioi tona plastiko iritsi ziren lehorretik itsasora.
Hau esanda, gaur egungo beste ikerketa lerro garrantzitsu bat polimero biodegradagarrien ingurukoa da. Izan ere, gizakiak sortuak diren heinean, ohiko polimero sintetikoak ez dira biodegradagarriak, eta honek naturan ehundaka urte irautea eragiten du, bizidunen mintz eta organismoetan metatuz. Aldiz, almidoian oinarritutako polimeroak, osagai natural batean oinarrituak dauden heinean, erraz deskonposatzen dira bakteria nahiz onddoen eraginpean. Hala, ikerketa lerro honen helburua, ohiko polimeroen antzeko ezaugarriak dituzten polimero biodegradagarriak lortzea da.
Edonola ere, ikerketa horien fruituak noiz iritsiko zain egon baino, hobe dugu plastikoak birziklatuz berauen bizitza luzatu eta era horretan, petrolioarekiko menpekotasuna txikitzea. Era berean, birziklapenaren laguntzaz inguruko paisaiarentzat hain mingarriak diren kontrolik gabeko zabortegien hedapena galeraziko dugu. Beraz, dela atez ateko zabor-bilketarekin, dela container normalekin, plastikoak beti plastikoekin!