Zientziaren zurrunbilotik
Gaurko honetan gogoeta batekin natorkizue. Batzutan, nire lanean emaitzaren batzuk lortu ezinik trabatuta ibiltzen naizenean, burua egiten ari naizenaren zentzuari buruz bueltaka hasten zait. Badakit ideia hauek bati baino gehiagori burugabe xamarrak iruditu dakizkiekeela, baina nire baitan gorde baino, nahiago dut gogoeta hauek irakurleen eskura ipintzea. Era horretan, zuen iradokizunak irakurriz, nire kezka eta zalantza hauek errazago gaindituko ditut. Bada, nire pentsamenduekin uzten zaituztet.
Zein puntutaraino erantzuten die zientziak gizartearen beharrei? Badakit ez dela galdera berria, eta jendeari agian zentzugabe xamarra irudituko zaio berriro ere gai horri bueltak ematen hastea, baina azken aldian ezin dut galdera hori burutik kendu.
Sarritan, kosta ahala kosta zerbait gehiago jakiteko zurrunbilo batean sartuta gaudela iruditzen zait. Agian lortzen dugun ezagutza berri horrek ez du inolako aplikazio praktikorik izango, baina berdin dio, kontua inguratzen gaituen errealitateaz zerbait gehiago jakitea da. Zentzu horretan, gizakia da bere inguruaz (eta bere buruaz), jakite hutsaren plazerraren truke, galderak egiten dituen animalia bakarra, eta gaur egungo zientziaren jakinmin asegaitz horrek gizakiaren izaera horri erantzuten dio. Ez dakit ordea, gauzak hain erraz orokortzea zuzena ote den.
Garai batean, zientziak eguneroko bizitzan edonork ikus zitzakeen fenómeno edo gertaerak azaltzen zituen. Esate baterako, edonork izan zezakeen harriak askatzean lurrera zergatik erortzen ziren jakinmina. Azken finean, hori edonoren eguneroko esperientziarekin loturiko zerbait zen. Hartara, Newton bezalako zientzialarien azalpenek, goian aipaturiko gizakiaren jakinmin horri ezin hobeto erantzuten ziotela esango nuke.
Gaur egun ordea, guztion begi vistan dauden fenomenoak aski ezagunak direla, eta egiten diren ikerketa askok eta askok, gizadiaren jakinminei baino, norbanako intelektual gutxi batzuen jakinminari erantzuten diotela esango nuke. Adibide bat ipintze aldera, aste honetan bertan Big-Bangaren lehen segunduetan zer gertatu zen azaldu ahal izan dutela, edo azaltzeko lehen urratsa eman bide dutela zabaldu da. Azalpen hori ordea, erabat ulergaitza izango da zirkulu intelektual horretatik kanpo dagoen gehiengoarentzat. Eta orduan, zein zentzu dauka unibertsoaren hastapenetan gertatu zena jakiteak? Bada, gure jakinmina asetzea beste helbururik ez duten ikerketetara bideratutako dirutza justifikatzeko, azalpen hori guztiontzako ulergarria egiteko ahalegina egin beharko litzateke. Zalantzarik gabe, horretarako zientziaren dibulgazioari bere garrantzia eskeini beharko zaio.
Ulertzea gutxi batzuen eskura dagoen aurtengo beste aurkikuntza bat, Higgs-en bosoiarena izan zen. Honek ere, hasiera batean unibertsoan pisatzen duten gauzak egotearen arrazoia azaltzea beste asmorik ez bazuen ere, aplikazio teknologiko berri eta pentsaezinak ekarriko omen ditu. Eta hemen, bi gogoeta datozkit burura. Alde batetik, eguneroko esperientziatik abiatuta, halako garrantzia ote du gauzek masa izatearen arrazoia jakiteak? Zirkulu intelektual horretatik kanpo dagoen jendearentzat, gauza batzuek besteek baino gutxiago pisatzea ongi uler daitekeen zerbait da, eta beraz, ikerketa horrek ez dio publiko orokorraren jakinminari erantzuten. Bestetik, Higgs-en bosoiaren existentzia konfirmatzeak aplikazio berriak ekarriko dituela suposatuz, aplikazio horiek benetan behar al ditu gizarteak?
Puntu honetan, oinarrizko ikerkuntzak eta aplikazioen gaineko ikerkuntzak bat egingo lukete. Ukaezina da gizarteak konpondu gabeko arazo garrantzitsuak dituela, eta zientziak, horiek konpontzen lagun lezake. Askotan ordea, lehentasunak behar bezala zehazten ote diren kezka sortzen zait. Izan ere, ikerketa lanak argitaratzen direnean, maíz ustezko aplikazioa lanaren nolabaiteko justifikazio gisa aipatzen da. Alegia, helburua zerbait gehiago jakitea da, eta jakintza horrek zerbaitetarako balioko duen ala ez, hori jadanik ez da ikerlariaren ardura. Halakoetan ustezko aplikazio hori lana apur bat jazteko baino ez dela aipatzen ematen du. Aldiz, benetako helburua gizadiak dituen ustezko behar horiek asetzea balitz, aplikazioa lanaren sorburua izan beharko litzateke.
Badakit une batean inora ez garamatzala dirudien ezagutza bat, ustekabean giltzarri bihur litekeela arazo baten konponbidea aurkitzeko bidean, eta beraz, gaur egungo garapen zientifikoa hein haundi batean jardun molde horri zor zaiola. Edonola ere, zenbagaitzak dira beren bidea aldizkari zientifiko batean argitaratze hutsarekin bukatutzat eman duten ikerketa lerroak. Halaber, ezin dugu ahaztu hain bide laburra egin duten lanetara bideraturiko dirua. Hain zuzen ere, horixe da nire kezken sorburu nagusia: benetan zientziaren esku utzi behar al ditugu gizadiaren arazo nagusien konponbideak? Edo zientziatik at, bestelako konponbideak behar ditu gizarteak? Agian, diru hori beste lan esparru batzuetara bideratzea errentagarriagoa litzaiguke.
Kazetaritza zientifikoari buruzko master batean izan nuen irakasle batek, zientzietako jendeak letretakoak baino maila intelektual altuagoa zuela defendatzen zuen. Bere esanetan, zientzietako ikasketek letretakoek eskatzen ez duten arrazoiketa maila bat garatzea ahalbidetzen dute, eta berak zioenez, hori gerora igartzen den zerbait da. Ez dakit, agian hein batean arrazoia izango zuen, zenbaki eta eragiketa matematikoek letrek baino abstrakzio maila altuagoa izango dute. Hala ere, sarritan zientziarekin itsutzen garelako irudipena izaten dut. Konponbide zientifikoak baino, giza konponbideak behar ditugula uste dut, eta hori, zenbakien abstrakziotik baino, letren eta pertsonen elkar ulertzetik etorriko delakoan nago.
Halaber, egia da egunez egun geroz eta ikerketa lerro gehiago daudela, eta horiei guztiei ere irteeraren bat eman behar zaie. Eta ikerketa lerro gehiago daudela aipatu dudan honetan, orokorrean leku guztietan dagoela jende gehiago ohartu naiz. Bai zientzian, bai letretan, bai langabezian, bai gosez… Hain zuzen ere, horixe da nire ustez munduaren arazorik haundienetakoa, bere giza populazioa egunetik egunera haundituz doan arren, bizi garen planetak bat eta bakarra izaten jarraitzen baitu. Horregatik, aurkikuntza berriak baino, ditugun baliabideak hobeto erabiltzean datza kontua. Egiten diren ikerketa zientifikoak ere, horretara bideratuak egon behar luketela uste dut. Zientziak konponbide asko eman diezazkiguke oraindik, eta gaur egungo garapen maila lortuta, burugabea litzateke lortu dugun guztiari bizkarra eman eta dena zerotik hastea. Baina gure gizatasuna ere oso presente izan behar dugu beti, litekeena baita zientifikoki konponezinak diren arazo haundi batzuk, giza ikuspegi batetik konpongarriak izatea.
Tira, agian nire buruari harrika ari naiz. Azken finean, nik ere zenbakien hoztasunean pasatzen dut eguna, eta era honetako pentsamenduak ez dira pizgarririk onenak izaten. Baina tarteka nire kontraesan hauek guztiak idazteak ere on egiten dit, zenbaki artetik irten eta letren hizkuntza birgogoratzeko bada ere.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks