Kaosean loratuak
Hasiera » Sailkatu gabea » Baldintza hipotetikoa
Aza03 0

Baldintza hipotetikoa

Atalak: Sailkatu gabea

Begiak zabalik eta irribarrez amets egiten dugun elkarrizketa sentikor horiek eman ohi ditu goizaldeak. Odolean alkohol kopurua handitzen doan heinean, utopiatik gertuago sentitzen gara, errealitatea distortsionatuz. Zaila da azaltzen, baina guztiok sentitu dugu zoriontasun gaindosi momentu hori, zeinetan ezinezkoa dirudien ezerk geldi zaitzakeenik. Ez dago ezinezkorik. Hautsi ezinak gara. Hamaika gogoeta, teoria filosofiko propio eta ametsen artean, denbora ezpain arteko zigarroa bezala kontsumitzen dela ziurtatzen dugu, bizi huts bat bizi izanaren gorputzaz nagusitzearen beldurrez. Eta hurrengo goizean ez zaigu hainbesterako irudituko ordea. Hodeietarantz hegan sentitzen du bakoitzak norbere burua eta biharamunean ahaztuko ditugun promesaz apaintzen dugu gaua. Badirudi gaua baldintza hipotetikoez at geratzen dela eta ahalera burbuilak irensten ditugula kaƱaren aparrarekin, haien eztanda izanik gure fantasien eragile.
Maleta txiki batekin furgonetan Europan barrena bidaiatzea pentsatu dugu. Berlineko kale bazterretan garagardoz busti eta Parisen bizitzaren inguruan hausnartzea. Lisboan poema bat idatzi eta Amsterdameko kale gorria bizikletaz zeharkatzea. Porto, Munich, London.
Biharamunean esnatu eta, bart plan bat zen hura amets utopiko bat denaren dudarik izan gabe, ajea pasatu dugu sofan etzanda, astelehenean lanera joateko burua mentalizatzen.
Eta edalontzi hutsaren hondoan geratu ziren gure ametsen sua pizteko txinpartak, indarrik gabe geratu den zerbeza apurrarekin batera, harraskatik behera desagertuz.

“Egunen batean”
bihar izan daiteke, edo inoiz ez.

“Eta egingo bagenu?” ordez,

“Eta egiten badugu?”

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Naiara Perez

Pentsamenduz betetako itsaso zabala da nagusi, zeinaren olatuen zipriztinek olerki eran bustitzen duten kaia. Kantuz beteak dira zelaiak, haizearen konpasaren arabera dantzan. Ideiak daude landatuta mendietan, irudimenez ureztatu eta loratutako testuak konpartitzeko. Iritziak daude pilatuta errekako harrietan, batzuk lurrera gogor eutsiz, korrontea jarraituz besteak. Askatasun izpiz batzuetan; injustizia tantez besteetan. Edo gozo-gaziaren osteko ostadar koloretsuaren argiz. Polotik polora aurkitzen dira egungo gizartearen gora beherei dagozkien gaiak, izan hezkuntzaz, hizkuntzaz, lanaz. Puntu kardinalen batean, natura, besteren batean kirola edota aisialdia bezalako gaiekin egin daiteke topo. Maitasuna hemisferioan. Ez dakigu zein latitude eta zein longitudetan aurkituko den ondorengo gaia. Koordenadak asmatu nahi? Ongi etorri fantasiazko planetara

@mimi_mamua Twitterren

Jarraitu @mimi_mamua

Tweets by @mimi_mamua

Iruzkin berriak

    Artxiboak

    • 2020(e)ko martxoa
    • 2020(e)ko otsaila
    • 2019(e)ko azaroa
    • 2019(e)ko urria

    Kategoriak

    • Sailkatu gabea

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA