Formakuntza politikoa, ezinbestekoa herri mugimenduetan
“Jakintza a(u)nitz: Herri borrokak, ezagutza emantzipatzaileak eta formazio politikoa” izeneko jardunaldiak bigarren ekinaldia egin zuen ostiralean Donostian, osegunean baino oraindik jende gehiagorekin.
Ibaetako Campusean batu ziren goizeko saioari ekiteko. “Formazioa politiko eta feminista arlokoa”, hitzaldiak eman zion hasiera egunari. Paula del Cidek Formazio Politiko Feminista izan zuen hizpide eta Guatemalako La Cuerda eskolaren berri eman zuen. “Guatemalan gutxi dira feminista bezala autoidentifikatzen diren organizazioak”, esan du Cidek; behar horri aurre egiteko jaio zen La Cuerda. Hainbat ekintza egiten dituzte hezkuntza popular feminista lantzeko, eta hainbat adibide ekarri ditu Cidek Donostiara; esaterako, arazoen zuhaitza edo klitorisaren atalak ikasteko klitoris bordatua.
Guatemalatik Brasilera salto egin zuen hurrengo hizlariak. Florestan Fernandez Eskola Nazionalari buruz hitz egin zuen Beatriz Casado MST elkartasun taldeko eta Hegoa Istitutoko kideak. Borrokak eta formazioak eskutik emanda joan behar dute beti Casadoren ustez. Hori da Florestan Fernandez Eskola Nazionalaren zeregin nagusia: “Mugimenduek formatzen dute eskola eta ez alderantziz”. 990 pertsona inguru pasa dira eskolatik formazio politikoa jasotzeko eta hiru hilabeteko eta 45 eguneko egonaldiak egin daitezke bertan.
Eztabaidaren txanda iritxi zen orduan. Entzundakoak eta ikasitakok gainerakoekin elkartrukatzeko asmoz jende andana animatu zen hitza hartu eta eurak parte hartzen duten herri mugimenduetako formazio politikoaz hitz egitera, edo hitzaldietan ateratako puntu garrantzitsuenak azpimarratzera. Penaz moztu behar izan zuten eztabaida antolatzaileek. Ibaetako lanak bukatuta, bazkaldu eta Koldo Mitxelena Liburutegian eman zioten hasiera arratsaldeari.
4.30 inguruan batu ziren “Gorputz_grafiak Erakusketa: gure genealogia feministak” bisita gidatua egiteko. Miren Aranguren eta Edurne Epelde liburuaren egileek lagunduta bidaiatu zuten bertaratuek denboran atzera.
Koldo Mitxelenatik Alde Zaharreko Liburutegi Nagusira zuzendu ziren. Bertan, Andaluziako nekazal borroken ahozko artxiboa ezagutzeko. Juan Diaz del Moral ikasketa taldeak aurkeztu zuen, eta SAT, Sindicato Andaluz de Trabajoderes, sindikatuaren bilakaera ezagutzeko parada izan zuten.
Ondoren, mahai ingurua egin zuten. Honakoak hartu zuten parte: Claudia Korol (Pañuelos en Rebelia, Argendina), Raphael Hoetmer (Programa Democracia y Transfomación Global, Peru), Olatz Dañobeitia (Joxemi Zumalabe Fundazioa, Euskal Herria) eta Bernardo Mançano (Universidad Estadual Paulista, Brasil).
Bertan, Korolek Argentinako herri heziketa azaldu zuen, Pañuelos en Rebeldia ekimenaren bidez. Ekimen horren zeregina Argentinan eta Hego Amerikan praktika politiko pedagogiko ezberdinak abiaraztea da. Ildo berean hitz egin zuen Hoetmerrek, Peruko herri heziketari buruz. Joxemi Zumalabe Fundazioko Olatz Dañobeitiak ere hartu zuen hitza: Bor Bor (K) proiektuaren zertzeladak eta Fundazioaren nondik norakoak azaldu zituen. Bernardo Mançanok bukatu zuen mahaingurua, formatzaileen formakuntzaren ideiatik abiatuta unibertsitate eredu ezberdinen beharra azpimarratuz.
Galdera-erantzunekin bukatu zen bi egunetako jardunaldia: ahoz zapore onarekin eta gehiagoren gosez. Oraindik, ideia, eztabaida eta zeresan asko geratu dira izozkailuan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks