Malen Aldalur
Gaztekeriak gaiztakeriak izan daitezke sarri, baina ez beti. Gaztea ez da gaiztoa, bihurria baizik. Gazteak badu mundua aldatzeko nahi bat, mundua hobetzeko motibazio bat. Gazteez mintzatuko naiz blogean baina ez gazteentzat bakarrik, baita behin gazte izan zirenentzat eta gazte izango direnentzat ere. Ongi etorri denok gaztetasunerantz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Beatriz Casado, Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala | Gaitzerdi(e)k Formakuntza politikoa, ezinbestekoa herri mugimenduetan bidalketan
- Paula del Cid, Guatemalako Alianza Feminista: “Arrazismo estrukturala ikusarazteko arazoak ditugu” | Gaitzerdi(e)k Formakuntza politikoa, ezinbestekoa herri mugimenduetan bidalketan
- Paula del Cid, Guatemalako Alianza Feminista: “Arrazismo estrukturala ikusarazteko arazoak ditugu” | Gaitzerdi(e)k Herri mugimenduen menua osatu nahian bidalketan
- Beatriz Casado, Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala | Gaitzerdi(e)k Herri mugimenduen menua osatu nahian bidalketan
- Zwordz(e)k Kaiolan, aske edo preso? bidalketan
Artxiboak
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
Ertzetik erdira
Atalak: Sailkatugabeak
Eme eta ume jaio nintzen. Jolastokiko ertzetan igaro nituen nire ikas egunetako jolastorduak. Ertzetan ibili nintzen aita eta ametan jolasten, kartetan jokatzen, elkarri kontuak kontatzen. Jolastokia giza onenena zen, gizonena. Beno gizonena edo hanka artean etorkizunean zakil itxura izango zuen zerbait zeramaten mutikoena, behinik behin.
Bitartean ni ertzean geratzen nintzen, futbolak eta mutilek baztertuta utzi zituzten gainerakoekin. Bazen futbolera animatzen zen neskarik, noski, baina ni ez nintzen horietakoa. Ez pentsa panpinei arropak aldatzen orduak eta orduak pasatzen nituenik, eta Hula hooparekin dantza egitea ezinezkoa zitzaidan nire enbor gerriarekin, beraz, nahiko lan izan nuen jolastokiko nire ertza topatzen.
Nerabezaroak aukera berriak eskaini zizkidan, ertz berriak. Institutu atzeko txokoan senti zintezkeen talde baten parte, eztulik egin gabe zigarroari hiru zupada emateko gai bazinen behintzat, baina horretan ere ez naiz inoiz abilegia izan. Alboan nuen mutila inpresionatzeko eman nion porroari lehen kalada, eta ziurki lortu ere egingo nuen, egun hartako zurituaren ondoren, ez baitut inoiz belarrik ezpainetara gerturatu.
Baina garai hartan ere ertzak ziren niretzat, gehienak marihuana usainarekin.
Orain jolastorduak poteoarengatik aldatu ditut, panpinak zuritoengatik, Hula hoopa reggaetoiarengatik. Baina jolastokietan gertatu bezala, maiz, tabernan ere ertzean geratzen naiz.
Komuneko ilara izan daiteke ertz bat; emakumeon sozializazio gune bat. Zenbat lagun egin ote ditudan edozein herriko jaietako komunetan. Elkartasunaren irudi garbia da, batek besteri klinexak edo larrialdietako tanpaxak oparitzen dizkio, hirugarren batek ate parean seguratarena egiten duen bitartean.
Mutilek aldiz, zutik eta animalien gisara territoroa markatuz txiza lotsagabeki egin dezakete, edozein kale, plaza edo parketan. Beno egia esatera, nik ere inoiz egin izan dut horrela, gehienbat komuneko ilara sei pertsonatik gorakoa denean. Baina horretan ere zortea dute gizonezkoek, niretzat ia ezinezkoa baita postura horretan hankak zipriztindu gabe puxika uztea.
Zorionez, orain ez naiz mutil batek dantzara gonbidatzeko zain egoten tabernako erdigunean gerria mugitu ahal izateko, eta gustokoren bat aurkitzen badut, izan neska edo izan mutil, neu hurbildu naiteke zerbeza batera gonbidatzeko.
Hala ere, sarri, ertzetik begiratu behar izaten dut erdira. Egun oraindik, erdiak eurenak direlako. Baina lasai, okupatuko ditut jolastokiak, plazak, parkeak eta tabernak, eta orduan, askatuko naiz ertzetik begiratu beharraren kondenatik. Eta zuek ere bai.