Salto dezala euskarak gaztetik gaztera
Euskal Herriko arbasorik zaharrenarekin harreman estua dute gazte gehienek. Antologikoa dirudien arren, hala da. Euskara gazteen artean berpizten ari da, edo hori da behintzat zenbakiek adierazte dutena. Orain egun batzuk Kike Amonarrizek bere blogean idatzitako artikulu batean honela esaten zuen: “Adin-multzoen araberako erabileraren kurbak duela 30 urte ez bezala, hizkuntza berreskurapenera begira jarri ditugu, haurrak eta gazteak direlarik euskara gehien darabiltenak. Funtsezko aldaketa kualitatiboa izan da hau. Baina honekin batera, nabarmendu beharra dago ezagupenaren eta erabileraren arteko jauzia handitu egin dela eta erabileraren indizeetan ez dela hobekuntza nabarmenik antzeman azken hamarkadan”. Bitxia da benetan nola lehen lerroetan sekulako albistea dirudiena gazi-gozo bilakatzen den azken ilarara heltzean.
Azken urteetan hezkuntzak bere fruituak eman ditu eta gazte gehienek menperatzen dute euskara. Denak dira elebidunak, halakorik existitzen bada behintzat gaurko gazteen artean. Izan ere, Amonarrizek artikulu berean aipatzen duenaren harira kontzeptu hori guztiz zaharkitua dago. Gaur egun poliglota gisa katalogatutako gazteen aurrean aurkitzen gara, euskara eta gaztelaniaz gain, ingelesa jakitea ezinbestekoa baita. Baina terminoak albo batera utziz, goazen arazoaren muinera. Gero eta gazte gehiagok dakite euskaraz, baina hala ere ez dute erabiltzen. Ez behintzat eskolako lau hormetatik harago.
Jakinekoa da hizkuntzaren eta kasu honetan euskararen erabilera beste faktore askori lotua dagoela; familia, bizilekua, ama-hizkuntza… Baina gazteok gure artean zergatik ez euskaraz hitz egin?
Hipotesiak, hipotesi baino ez dira eta baliteke errata ugari izatea baina agian gazteek zaharkituegi sumatzen dute euskara berauen mundu modernoegietarako. Badago adin tarte bat non gazteleraz mintzatzea erakargarri egiten zaien, “way” dagoelako. Bere idolo eta famatuei entzundako esaldi, kantu eta ohiturak erakargarriagoak egiten zaizkie. Nahiago dute Cristiano Ronaldo, Iñaki Perurena baino eta nahiago dute Justin Bieber, Mikel Urdangarinen ondoan. Baina gustu musikalak eta hizkuntza bereizten ikasten dutenean agian berriro hartuko dute bide lagun gure arbaso zaharra (ez zaharkitua).
Zorionez nire herrian, gutxi ikusten dut halakorik, baina gertatu izan zait beste herrietara joatean gazte kuadrilla handiak gazteleraz mintzatzen ikustea, eta ez Justin Bebear entzuten duten horiek bakarrik, bai eta adinean aurrera doazen neska-mutilak ere. Bakoitza libre da nahi den hizkuntzan mintzatzeko, libre bizitzan bere hautuak egiteko. Baina jakintza ez erabiltzeak ikusezin egiten du eta ez jakitearen pare geratzen da. Hala ere, nola eskatu gazteei halakorik egiteko, legebiltzarreko trajedunek lau hitzetik hiru gazteleraz egiten badituzte?
Retroa hain modan dagoen garaietan ez heldu mingainari. Astindu beldurrik gabe. Berdin dio gazteok behar baino gehiago hitz egiten badugu, gurea da hitza eta gurea hizkuntza. Gure arbaso zaharra gaztetu dezagun. Salto dezala euskarak ahotik ahora, mingainetik mingainera eta nola ez gaztetik gaztera!
Justin Bieber entzuteak ez darama gaztelerara, nik dakidala hark ezer gutxi daki gazteleraz. Hemen kontua da kultura (bere osotasunean, hau da, gazteek entzuten duten musika, jarraitzen dituzten programak…) gazteleraz direla. Mundu globalizatu honetan gaztelerak dauka mundurako leihoa, eta euskara euskarazko kultura murritzera mugatzen dela, batzuetan folklorismo hutsera mugatuz. Zein da euskarazko komunikabideek eskaintzen dutena? Barrurako leihoak (eta hori ona da), baina eta kanporako leihoak non daude? Gazteleran, frantsesan; eta hori gehiena ingelesez izanik ere, zer ikusirik gabe gaztelera eta frantsesarekin. Hor dago arazoa.