Hasiera »
Kimetz Aranaren bloga - Meatzaldetik mundura
Kimetz Arana Butroe
Periferietan; Euskaldunak gara inguru erdaldunean. Euskal Herriaren baitan berriz artxipelagoaren urruneko irla txikia da gurea. Langile artean nekazari eta orkestraren ondoan kaleko musikari. Beti gutxiengoan baina elkarturik gehiengo gara gure herrietan. Baratza eta ardiak, hango eta hemengo jendeak, orain eta lehengoak. Mundua gure herritik eta nire egunerokotik kontatzen saiatuko naiz, nire begietatik: Meatzaldea far west.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iñaki(e)k Abertzale herrizale bidalketan
- Iruñerritarra naiz(e)k CARRASCOLIENDAS: hirietan identitate kolektiboa sortzeak duen garrantziaz. bidalketan
- Endika Cuesta(e)k Euskara ala ez gara. bidalketan
- Josema(e)k Muskizeko gazte lokala martxan! bidalketan
- karana(e)k Periferiatik bidalketan
Artxiboak
- 2019(e)ko apirila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
Presoak
2015-01-07 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Larunbatean, berriz ere, urtero urtarril hasieran bezala milaka eta milaka izango gara euskal presoen eskubideen alde Bilboko kaleetan elkartuko garen pertsonak. Milaka uholdea eginez senide eta lagunei elkartasuna adierazi eta presoen gaiarekiko konponbidea eskatuko dugunak. Euskal Herrian bere gogortasunagatik presoen egoerak sortzen duen sentsibilitatearen erakusgarri.
Gure herriaren azken mendeetako historian, foruen galeratik aurrera ez da kartzela ezagutu ez duen belaunaldirik izan. Egoera aldatzeko nahia, etorkizun hobe baten ametsa, zapalkuntzari aurre egitekoa, herri moduan asimilatu gabe bizirautekoa… Asko izan dira gure herriko jende ezberdinak kartzelara eraman dituzten arrazoi, amets eta egoerak. Erakunde ezberdinetan edo une konkretuetan autonomoki injustiziak onartu ez dituzten pertsonak. Izan dira sozialistak, komunistak, abertzaleak eta herrizaleak, eta guztiak preso politikoak. Arrazoi politikoengatik izan baitira preso.
Kartzelaren presentzia etengabea izan da gure azken hamarkadetako gizartean eta horrela gelditu da islatua euskal literatura, olerki edo kantuetan. Norberak ere, ze familian jaio garen, ze tokitan ibili, zer pentsatu eta bizi… hurbilago edo urrunago sentitu dugu kartzela. Euskal gatazkaren zurrunbiloan kokatu garen tokiaren arabera guztiok izan dugulako senide, lagun edo ezagunen bat kartzelan.
Horrela izan dut kartzelan egondako lagunak ezagutzeko aukera. Belaunaldi desberdintasunaren gaineko zubia eraikiz ditugu partekatu ideiak, trukatu iritziak, sentimenduak eta elkarrengandik asko ikasi. Hartutako erabakiak zuzen edo okerrak izan, egindakoak makurrak ala baliagarriak, bihotz zabaleko jendea topatu dut, gauzak aldatzeko amets eta nahiak izan dituzten militanteak, unean uneko tresnekin guztia galtzeko prest egon diren gizon-emakumeak eta bizitakoaren gogortasunean oso ikuspegi bereziak garatu dituztenak. Aldaketan batean sinisten dugun guztiontzat gure herrietan dugun aktibo humano ikaragarria.
Denbora aurrera doa ordea, Sarriren bigarren galderako presoak jarraitzen du armiarmari noiz arte galdetuz. Noiz arte? Noiz arte? armiarmaren hariaren luzea bera bihurtuz armiarmaren erantzuna. Bada garaia hari hori apurtzeko, bada garaia estatuen inmobilismoa gainditzeko, bada garaia konponbidera urratsak emateko. Ez dugulako senide eta lagun gehiago errepideetako bidai amaigabeetan loturik nahi. Estatuaren zapalkuntzaren aurrean barruan daudenen nahi eta ametsak askatu nahi ditugulako. Haiek guztiengatik larunbatean Bilbon izango gara. Presoak Euskal Herrira now!
Euskara ala ez gara.
2014-12-03 // euskara, meatzaldea // Iruzkin bat
“Euskara txikitatik entzun dut familian, baina gurasoekin beti frantsesez ari ginen. Lizeoan nengoela ordea, antzerkiaren bidez ohartu nintzen nire inguru guztia euskalduna zela: amatxi aitatxi, gurasoak, auzokoak eta familia. Ohartu nintzen hemen zuhaitz eta errekak, leku eta tokiak beti euskaraz mintzatu zirela eta beraz ni neu ere, neure baitatik euskaldun nintzela. Orduan hasi nintzen euskara berreskuratu eta berriz egiten.” Horrela azaldu zidan orain ez aspaldi Baxe Nafarroako herri txiki batean lagun batek bere euskarekiko sentipena.
Meatzaldean ordea, aspaldian isildu ziren zuhaitz eta errekak eta duela asko galdu gure herrietako hizkuntzaren transmisioa. Esaten dutenez XIX. Mendearen amaieran hil ziren Barakaldon bertoko azken euskaldunak eta mendebalderago egonik lehenago galduko zen hizkuntza Trapagaran zein Meatzaldean. Gure etxean, aitite amamak bertakoak izanagatik ez zuten etxean euskara inoiz egin izana oroitzen eta ez zituzten euskarazko esamolde edo hitz batzuk besterik mantendu.
Ordutik asko aldatu da egoera. Jende askok ikasi du euskara gurean, guraso askok egin dute beren haurrek euskara jakin dezaten ahalegina, eta beste asko dira gaur egun ikasten ari direnak. Irakaskuntzak osotasunean bere lana egin du eta herriko gazte guztiek euskara ezagutzen dute orain.
Hala ere, ez da erreza euskaldun izatea, baina polita ere bada. Gehienetan minorian egoteak lagundu dit beste minoriak ulertzen, ikusi dut muga administratiboak ez direla jendeen muga izaten, eta permititu dit kantu, pentsamendu, mota guztietako adierazpen, literatur edo musikara iristen, eta bertatik nire mundu ikuspegia osatzen.
Gaur abenduak 3, telebista piztu eta berriz izango dira euskararen nazioarteko eguneko “altxor “ deklarazio, “ondare” izendapen, hitz polit eta argazki sortak. Batean antolatuko dira festak eta bestean azalduko dira salbaziorako borroka edo konpromezu deiak. Sakonean ordea, euskara ala ez gara. Mantentzen badugu guk erabiliko dugu, galtzen badugu guk penatuko. Ez gehiago, ez gutxiago. Zuhaitz eta erreka, pertsona eta toki. Euskara, komunikatzeko eta mundua ikusteko dugun beste tresna bat. Gozatu.
Muskizeko gazte lokala martxan!
2014-10-31 // meatzaldea // Iruzkin bat
Lurpetik azalera etorri dira eta horrela joan den ostiraletik, Muskizeko gazteek badute haientzako lokala. Ez da Petronorreko pabeloi abandonatu bat, ez da erdigunean Muskizek dituen hainbat instalazio moderno eta polit horietarikoa ere. Herrigunetik hondartzara bidean, San Julian auzoan ari dira auzoko eskola zahar izandakoa bizitzako eskola bihurtzen.
Beste edozein gazte asanblada edo egitasmotan bezala bidea ez zen erreza izango. Bizitzako bideak, poztasun eta tristeziak, hainbat ekimenetako bakardadea eta besteen arrakasta, jendarte itxiaren aurreiritziak eta udalaren itxikeriak. Ez da erreza gazteria elkartzea eta bide egitea baina hemen eta han aurrera doaz. Gazteak ez baitira udalak emandako lurpeko biltegi ilunean gelditu eta herritarrekin batera auzotarren lokala baliatzen hasi dira. Herritarrak elkarrekin konpondu eta elkar harturik herria bera indartu dezakegun seinale.
Izan ere inon menpekotasunik bada, Muskizen da. 70.hamarkada bitarte nagusiki nekazari herri soil izan zena egunetik gauera aldatu zen Kantabriar kostaldeko petrolio birfindegi handiena irekitzearekin. Gaur egun ezinezkoa da Muskiz aipatzea Petronor aipatu gabe. Muskiz da eta Petronor da, udala da eta Petronor da, lanpostuak dira eta Petronor da, osasun arazoak dira eta Petronor da. Enpresaren jardunak baldintzatzen du herria eta herria haren arabera bizi. Eta horrela Muskizen tarteka gabiltzanontzat “betiko” familien inertzietan, sarritan isil, bestetan gotor, askotan itxi sumatzen dugu herriko giroa.
Horregatik du garrantzi berezia, gure jatorri anitzeko identitate propioa erauzi eta herritarren arteko sareak etengabe ahultzen dizkiguten eskualde honetan, Muskizen gazteen aldetik halako ekimena sortzeak. Lehengo erdi aroko jaunaren gazteluan du egun Petronorrek egoitza. Baina egoerak badoaz eta badatoz, behar eta kezka berriak sortuz gizartearen etengabeko aldaketan. Erdi Aroko jaunak joan ziren eta berriak ere joango dira. Gazteak hasiak dira bide egiten, gaurkoan hitzaldia dela, bihar musika emanaldia, etzi saltsa-merengue ikastaroa. Norberaren gustu eta asmoak garatzetik sortzen delako kritikotasuna, pentsamendu propioa eta herriarekiko inplikazioa. Lurpetik azalera, zerbait hasi da herrian askatzen, herrian instalatutako bikote berriengandik, lubakia ezagutu ez duten gazteen gogoetatik eta bere bidea jarrai dezala!
Marokoko ikaspenak: Behia, esnea eta txokolatea.
2014-08-25 // kultura, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
“Bizia behiaren modukoa da batzutan esnea ematen du, bestetan berriz txokolatea eta batetik zein bestetik ikasten da bizian” esan zigun Marwanek Atlas mendietako esaera zaharra gogoratuz. Marokon izan gara azken bi asteotan, musika tresnak soinean, batetik besterako bidean. Badira bi urte, lagun Marokoarrak ezagutu eta tarteka elkarrekin musikan aritzen garena. Noiz edo noiz elkarrekin afaldu eta solasean, elkar ezagutzan, eztabaidan, ideia trukean gabiltzana.
Ez dago gauzak egiteko modu bakarrik, ez modu zuzen edo okerrik, norberaren egoera, inguru eta etorritik sortzen baitugu geure arazo eta beharrei erantzuteko bakoitzaren moldea. Horrela geure barneko nor horren eraikuntzan, zuhaitzak sustraia bezala, garrantzi handia hartzen du gure herriak, lagunarteak, bizipenak, tribuak, paisaiak eta inguruak. Horregatik joan gara Marokora, gure lagunen herrian egon, lagun berriak topatu eta haien ikuskera ezagutzera, azken finean gure marokoko lagunak gehiago ezagutzera.
Hartu dugu kotxea eta irten gara hegoalderantz. Abuztuak 1, autobidea gainezka, kotxeak ezker eskuin, Madril igarota gasolina-zerbitzugune guztiak beteta, autoak lepo kargatuta fuera borda bezala, amama zaharra lurrean lotan, haurrak jolasean, te pitxarrak airean. Belgika, Frantzia, Alemania, Herbehereetatik badoaz marokiarrak pilaka “al pueblo”, “au bled” urtean ikusi ez duten senide eta lagunei bisitan. Algeciraseko portuko aparkaleku amaigabeetan, egun oso bat eman dugu zain eguzki galdatan eta pasatu gara azkenik Tangerrera.
Sartu gara Marokon eta Euskal Herriko bide txikien praktikaz berehala egokitu gara bertako gidatzeko modura. Argi luzeak sakatu aurreratzeko, astoz doan laguna inguratu, rotondan ez gelditu, maniobra arrarorik ez egin eta beti aurrera segitu.
Maroko hegoalderako bidean, lagun berriekin topatuz, hasi gara solasaldi luzeetan. Hitz egin dugu erlijioaz eta galdetu digute ia kristauak garen. Erantzun diegu gure ohitura eta balore asko pentsamendu kristautik datozela baina gu geu ez garela kristauak. Esan diegu hemen sinestarazi digutela norbera dela jainko, harreman kolektibo sendoen faltan, norbere buruaren gailentzean eta ondasun materialen pilaketan oinarritzen dela gurean jainkotasuna.
Erakutsi digute adinekoak errespetuz agurtzen eta galdetu digute heriotzaz eta zaharren zainketaz. Esan diegu ezkutatu egiten direla biak gurean, etxetik urruneko ospitaleko gelan hiltzen baitira normalean gure adineko senideak, gure begietatik urrun. Gaztaroa ordea gurtu egiten dela gurean eta beraz normalean zaharrek ez dutela gizarteko ardatz diren guneetan tokirik.
Aritu gara musikan eta ikusi dugu nola musika bertako jendearen baitan bizi den. Esparru akademikotik kanpo, jolasean, eginez, joz, probatuz, kantatuz uneoro. Ez dago lotsa edo mugarik, ez dago ondo eginik edo txarto jorik, musikari izan ala ez jende guztiak gure tresnekin aritu nahi zuen eta guztiak aritu gara. Azaldu dira bibolinjole, gaitero, gitarrista, txirulari eta mota guztietako perkusio joleak.
Topatu dugu Ahmed eta kontatu digu nola Fisika ikasketak amaitu eta bizibiderik ezean Europara emigratzea pentsatu zuen. Nola lagun talde batekin Libiara iritsi zen eta hilabete luzez bertan ezkutuan eman ondoren pateraz pasatu ziren Italiara. Azaldu zigun nola jendez lepo, berekin batera irtendako lau txalupatatik bi soilik iritsi ziren Lanpedusara. Nola Italiaratzea lortu arren paperik gabe izan zen, eta zenbatetan atxilotu zuten. Bertan etxerik gabe ibili zela, kalean, eraikin edo lantegi hutsetan bizitzen eta lanik ezin topaturik Frantziara abiatu zela. Baina Frantses poliziek bitan harrapatu zutela eta bitan itzuli zutela Italiara. Azkenik nola urte bete eta erdiren ostean Euskal Herrira iritsi zen. Ahmedek azaldu zigun zein txarto pasatu zuen, zenbat etsipen, ezintasun eta beldur eta ez diola inori opa berak bizitako moduko bidaiarik. Baina hala ere harritu gintuen bere tokatutakoa onartzeko jarrera eta gogortasunetatik eta estutasunetik ikasitakoa azpimarratzeko .
Ibili gara basamortuan eta Atlaseko mendietan. Ikusi dugu Mohammed erregearen erretratu handia kaleetan eta estatuarentzat existitu ere egiten ez diren mendiko nomaden txaboletan. Mintzatu zaizkigu ondo eta txarto monarkiaz eta batzuk zein besteak entzun ditugu. Hitz egin dugu berbereekin Amazigh herriaz, haien hizkuntzaz eta berau garatu eta transmititzeko arazoetaz. Galdetu digute euskarari eta euskaldunei buruz eta azaldu diegu geurea. Ezagutu ditugu ere arabiarrak eta hitz egin digute afrika iparraldeko arabiar kulturaz, musika, kantu eta hitz eta sorkuntzaz.
Hartu dugu iparralderako bidea eta ekin dugu etxerantz. Berriz aduanak, koloretako poliziak, eskanerrak, destornilladoreak, kotxea usaintzen duten txakurrak… Beti pentsatu izan dut guztiok berdinak garela. Gure gizartearen guztia etiketatu behar horretan ez lukeela garrantzirik ze itxura, ze ofizio, ze jatorri dugun, eta bai ordea nor garen. Guztiok ordea ez gara berdinak bizi garen munduan etxean bezala tratatu gaituzten bertako lagunak ezin baitira askatasunez gure etxera etorri. Itsasoa tarteko Afrika eta Europa, elkar ikusi baina hain hurbil eta hain urrun. Behiak bai baina gutxi topatu ditugu marokon, bai ordea esnea eta txokolatea, zerua eta lurra, zoriontasuna eta laztasuna. Bada garaia guk ere geure plastikozko munduan ikas dezagun, azaleko gauzak baztertu eta sakonekoei gehiago erreparatu diezaiogun. Beldurrik ez, esnea eta txokolatea, bietatik ikasten da bizian.
Lonjero eguna.
2014-06-13 // meatzaldea // Iruzkinik ez
Larunbatean izango da Lonjero Eguna gure herrian. Agendan handiz seinalatutako eguna bertoko gazte gehienontzat. Festa handi bat dena batzuentzat, kamiseta beltz uholdea da kanpotik ikusten duten besteontzat, oinarri eraldatzaile sozial bat badu guretzat. Bistakoak dira urte gutxitan ekimen honek gazteriarengan sortu dituen ondorioak: (1) Adin ezberdinen arteko gazteek parte hartuz herriko gazteen arteko elkar ezagutza handitu eta harreman sarea sortu da, (2) elkarrekiko konfiantza indartu eta gazteon arteko giroa hobetu da, (3) herriko identitatea sendotu da, inguruko herrietara joatean, bereziki jaietara, halako konplizitate edo talde sentimendua sortuz. Honek guztiak gazteriaren parte-hartzea handitu du herriko ekimenetan eta bizian eta hori nabaritzen da kalean. Beraz laburrean Lonjero Egunak jende nahasketa eta gizarte sarearen indartzea ekarri du.
Nola sortu zen?
Badira 6 urte gaztetxean abiatutako gogoeta batetik eta herriko lehenbiziko lonjetako gazteen laguntzarekin lonjero eguna sortu zena. Lagun taldeak lonja edo lokaletan elkartzearena fenomeno sortu berria zen gure herrian, kalea izan baitzen ordurarte gazteon bilgune edo elkartoki. Izan edozein plaza, parke edo txoko, taberna zulo edo elkarte, talde bakoitzak bazuen bere gustura egoteko tokia, lehen kanutoa erretzeko, larunbateko jaien aurretiko litroak egin edo kontu kontari aritzekoa. Garaiak ordea badatoz eta badoaz eta oso denbora gutxian gazte lonjarik ez egotetik hamarnaka egotera pasatu ziren.
Sistemak, agintariek, urbanismo neurriek, kale garbi eta errespetagarriek, guztia kontrolatu nahiak ez gintuen kalean nahi. Horrela gazteok espazio publikoan egotetik, lau pareten artera egotera, elkarri begira egotetik, elkarri bizkar ematera igaro ginen. Gauzak halabeharrez gertatzen ez diren gure munduan, elkarren arteko ez ezagutza handiago, komunikazio gutxiago, herriko harreman sareak ahulago, boteretsuekiko dependentzia eta menpekotasun gehiago ditu ondorio.
Mugimendu alternatibotan ere zail zen gizarte aldaketak aukera bezala ikusi eta egoera berriak eraldaketarako baliatzea. Kritika eta kontrakotasuna nagusi, berandu jabetu izan gara gara internet kontrol sozialerako tresna izateaz gain munduko mugimendu desberdinak kontaktuan mantendu, elkar ikasi eta alternatiba globalak eraikitzeko tresna ere badela. Sare sozialak harreman pertsonal zuzenak gutxitzeko bai baina mobilizazioak edo deialdiak pasatzeko baliabide indartsuak ere badirela edo lonjek elkarrengandik isolatu eta aldentzeko baino, komunitate sena indartuz, gizarte sareak indartzeko balio dezaketela.
Geroa herritarron eskuetan hartu
Eztabaidak eztabaida eta kritikak kritika, lonjero eguna urtez urte moldatuz eta egokituz ari da. Gazte desberdinen artean, modu ireki eta horizontalean antolatuz, ideia berriak proposatuz eta auzoko jaien barruan espazioa autogestionatuz. Lonjero egunak elkartzen ditu 16 urteko institutuko gaztea eta 30 urteko kuadrilla mitikoa. Lonjero egunaren bidez parte hartzen dute zenbait gaztek zerbait kolektiboa antolatzeko bere lehen bileran eta hasi inplikatzen herriko bizian. Horrela Lonjero egunak egiten du gure herriko kalea, gure etxe bihurtzea.
Gehiago izan zitekeen eta asko dago egiteko. Genero berdintasunean sakondu edo aniztasuna landu. Sortzen diren harreman eta saretik afizioak konpartitu, ideiak eztabaidatu edo iniziatiba ekonomikoak sortu. Nolanahi ere ezer ez zegoen tokian zerbait bada orain eta bidean goaz. Gizarte sareak indartu, herritarrek baliabide gehiago, agintari eta boteretsuak ahulago.
Iparraldea
2014-04-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Udal hauteskundeak pasatu berri dira iparraldean eta aitortzen dut benetan poztu egin nauela abertzale ezkerreko indarrek bertan egin duten aurrerapausoak. Ez da politika lurralde bateko gizartearen eragin-gune bakarra, baina bai unean uneko errealitatearen isletako bat. Hauteskundeen emaitzek, pentsamendu, sentimendu, proiektuekiko atxikimendu eta ideologien aurrerakada edo atzerakada adierazten dute, iraganetik gaur egunera izan duten eboluzioa begiratuz.
Hamarnaka alkatetza lortuta, ehun hautetsi baino gehiagorekin eta emaitzetan hobetuz, abertzaleek lortu dute 270.000 biztanleko lurraldean 65 milioi jende pasa dituen Hexagonoko tendentzia eta mezuen aurrean kokatzen. Malgutasunez, izan abertzale ezberdinen arteko zerrendak osatuz, izan ekologista edo herrizale independenteekin elkartuz oso kontuan hartu beharreko indarra direla agerrarazi diote iparraldean politikan aritu nahi duen orori.
Geu, bizkaitar gehienak bezala, autobusez, maskarada ikustera dantza taldearekin joan ginen lehenbizikoz iparraldera. Goiz bazkaltzen zutela, alkoholarekin ez zirela kontrolatzen, hango euskara erdi frantsesa zela izan ziren bidaia hartatik atera genituen ondorioak, geu gaztelaniaz ari ginen bitartean. Urrun dago Iparraldea Bizkaiko Meatzaldetik, hala ere guk “souletinos” dantza egiten genuen.
Beranduago beste moldez iritsi ginen iparraldera, dantza zela, mani-festa zela… jendea ezagutu, lagunak egin eta herri txikietako bizia ezagutzen hasi ginen. Rikard, aperitifak eta kafeak. Musika alturik gabeko tabernak eta solasaldi luzeak. Ezagutu genuen laborari mundua eta hari loturiko bizia. Festa salbaiak eta ardi jeztera arribatzeko bide txikiak.
Baziren ere arlo ustelak, herri txikietako ezin ikusiak eta igandetako eliza atariko itxurakeriak, eta kolonialismoa. Bereziki mingarri zitzaigun ikustea nola zenbaitzuek bere euskal izateari uko egiten zioten metropoliaren moduko izan nahian. Gaur egunean ere topa daitezkeen bezala, gure begietatik zail zitzaigun ulertzea erabat euskaldun diren hautetsi frantses eskuindarrak egotearen zergatia edo haurrei euskara transmititu ez eta haien artean euskaraz ari diren guraso euskaldunak ezagutzea.
Zurrunbilo guzti horren erdian umorea, gauzak ikusi eta bizitzeko molde berezi bat ezagutu genuen, euskal izateari errotik lotua zena. Hori guztia, garrantzitsu izan zitzaigun herrian jatorrizko euskal erreferentziarik ez genuenontzat. Nahigabe ohartu ginen mugak paperean estatuek egindako marrak direla, herriak ordea batean zein bestean, marren gainetik, bagarela. Abertzaleek hamarkadetan herriz herri, kultura, ekonomia zein arlo sozialean egindako lanaren ondorioz ari dira tokia eta sinesgarritasuna irabazten gizartean. Kolonialismoaren gainetik Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberua bizirik dauden seinale.
“Ilustres” nire herrikoak
2014-01-22 // meatzaldea // Iruzkin bat
Urtero bezala gabon bueltan egutegia kaleratu du udalak, aurtengoan herriko pertsonaia ospetsuak harturik gai gisa. Argazki ederrez lagunduta, testu laburrekin osatuz, gure herrian pertsona ospetsu izan ziren haiekin ilustratu dute beren egutegia agintariek. Haietako batzuk gure herriko zenbait kaleren izenetatik dira ezagun (-zure kalea ez al da JR Olaso? -Ez, ni Ramon de Durañonan bizi naiz!), beste zenbaitzuk ordea sekulan entzun gabeak genituen herritar askok. Nolanahi ere mediku, futbolari, txirrindulari, margolari, idazle, irakasle, amerikanu eta jauntxoak tarteko, egutegiak lagundu du pertsona haiek nor izan ziren, zertan aritu ziren jakiten.
Haietatik 11 dira ordea gizonak eta bakarra emakumea. Nolatan desoreka hori? Gure herriko lursail eta etxeetan hainbeste lan egindako emakumeak, haurren eta zaharren zaintzaz okupatutako emazte edo meatokietako barrakoietako andreak ez ziren izan ezagunak antza. Lagun batzuen arabera joan den mendean andreek etxeko lanetara mugatua zutenez haien jarduna, ez omen dago jakiterik emakume haiek nortzuk izan ziren eta horren ondorioz ez dute “ospetsu” izateko aukerarik izan gure herriko historian.
Ez da berria historia garaileek eta euren begietatik idazten dutela. Gaurko munduan nagusi diren baloreen isla den Estatu Batuetan ere, “A People´s history of the United States” idatzia zuten orain dela urte aspaldi. Bertan erakutsiz, beti berdinak direla liburutan agertzen direnak eta bazterreko sektoreen bizipen eta gertakizunak berriz etengabe isilarazten direnak. Horrela boteretsu, dirudun, jauntxo edo agintari eta gizonon begietara idazten da historia.
Institutuko historia liburuan politiko, errege eta militarren izenak iraganeko mende eta urteei lotuta ikasi genituen. Herrien historia ordea ez dute pertsona indibidualek egiten, garai batean eta baldintza batzuetan elkar bizi diren jende kolektibitate desberdinek baizik. Horrela kolektibotasunetik kontatzen diete haien herriko historia hainbat kultura indigenek ondoko belaunaldiei. Ildo horretan, herrien historia kolektiboan zeresan handia hartzen dute pertsona ez “notableek”.
Kontua da errealitatea, norbere baitan, gure bizipen eta erreferentzietatik abiatuz eraikitzen dugula. Errealitatea gure buru barruetan baino ez baita existitzen. Horregatik saiatzen da boterea bere ikuspegia gure buruetan sartzen, haien errealitatea geure egin eta gure buruez jabetzeko. Hor hartzen dute garrantzia herriko historia lokalean jasotzen ditugun erreferentziek eta haiek eraikitzen diren ikuspegiak.
Egia da mediku, futbolari, txirrindulari, margolari, idazle, irakasle, amerikanu eta jauntxo haiek gure herrian bizi izan zirela. Gehienen izenak kaleetako izendegian gelditu dira zizelkaturik eta orain badute egutegia. Baina egia da ere gure herrian igeltsero, nekazari, errementari, arotz, lapur, jokozale, mozkor, langile edo meatzariak, izan zirela eta haiek zirela gehiengo. Danak, gizon eta emakumeak. Haiek bizi zuten gure iragana eta neurri handi batean haiengandik gara orain garena. Jende haiek nor izan ziren oraindik jakin dezakegu agian, beste batzuen izenak ordea denborak eramanak izango ditu jada. Nolanahi ere garai, oroimen eta gertakizunen historia kolektibo horretan nago pisua galtzen dutela izen abizenek eta besteen artean garrantzia hartzen gure amama, ama eta arrebek. “Ospetsuen” historiak ematen ez dien tokia, baina gure herriko bizian errealitatean izan duten pisuagatik dagokiena. Goiz ala berandu berreskuratu beharko dugun geure historia herrikoian.
Euskalduna izatea
2013-12-29 // euskara // 3 iruzkin
Identitatea.
“Txapel hau eskaintzen diot amari, haurra nintzela euskara irakatsi zidanari” horrela amaitu zuen Ametsek Txapelketa Nagusiko bukaera agurra. Azken bitan BECen izan banaiz ere, oraingoan etxetik eta etxekoekin segitu nuen finaleko arratsaldea. Azken bertsoek, buruz burukoa, hitzen zentzu eta zirrarak, telebistan ikusiagatik ere, berehala barneratu ninduten finaleko bertso unibertsoan. Saioa amaitu eta berriz heldu nintzen unibertsotik lurrera, kalera, auzo, lagun, herrikide artera. Herri bat eta bi mundu, zein hurbil eta zein urrun. Bertso aireak nire gogo eta ahoan, isiltasuna kaleko jendartean, Athletic tabernetako telebistan eta San Mames Barria lagunen buru begitan. BEC eta SMB, herri bat eta bi mundu, zein hurbil eta zein urrun.
Ez da inon erreza euskalduna izatea, gutxiago gure inguruan. Ametsek bezala gurasoei zor diet nik neurri handi batean euskara. Bere garaian euskaldundu ziren biak eta euskara izan da etxean anaia eta biok txikitatik ezagutu dugun hizkuntza. Etxean babes zena, kanpoan garraztasun izan da sarritan ordea. Txikitako zenbat begirada itzuli, institutuko zenbat itaun eta zenbat erantzun. “¿Pero porqué hablas en euskera?”. Lagun artean integratzeko zenbat oreka, nirea eman eta aldi berean geu garena ez ukatzeko oreka. Kolektiboa eta norbanakoa, norbanakoa eta kolektiboa.
Kolektibotasunean errotzeko, estatu kultura “ofizialek” uniformizazioa eta homogeneizazioa baliatu dituzte haien identitatea gorpuzteko. Boteretsuak etengabean saiatu dira identitate artifizial zentrala eraikitzen estatuarekiko atxikimendua handitu eta herritar xumeak haien menpe izateko. Lotura sentimentala eraikitzeko funtzioa betetzen dute horrela kirol selekzioek, armadak edo jai egun nazionalek, nola Frantzian, hala Espainian.
Bazterreko komunitate kulturalek ordea geure identitate kolektiboa, beste oinarrietan eraikitzen dugu. Bertsoa bihurtu da gure identitatea kolektiboki bizitzeko bilgune. Txapelketa Nagusiak BECera begira jartzen gaitu lau urterik behin euskaldun gehienak, elkartu mugaldeko tantak eta urmaeleko uhinak, iparraldekoak eta hegoaldekoak, bertsoen arteko isiltasun sepulkralean zein ondorengo txalo zaparrada beroan.
Horregatik merezi du euskaldun izateak; zailtasunen gainetik, eskaintzen diguten mundu uniformizatuan, geure harremanak eta sentimenak, balore eta erreferentziak beste era batez bizitzea ahalbidetzen digulako.
Periferiatik
2013-12-12 // Sailkatugabeak // 6 iruzkin
Bizkaiko mendebaldean, Ezkerraldeko hiri eta Enkarterriko herrien arteko eskualdea da gurea. Joan den mendean burdin meatzetara eta ondotik sortutako industriara lanera etorritako jendeek osatu dituzte gure herriak. Lehengo nekazariak, geroko langileak eta oraingo langabeak. Euskaldunak gutxi, periferia gara gure herriko kaleko bizian. Zentrotik distantziaz urruti, periferia gara ere, euskal munduaren bizitasunean.
Atari bakoitzean zenbat jende, zenbat familia, hainbat egoera eta jatorri. Gure moduan, bizimolde hegemonikotik bazterrera, beste hainbeste periferi. Elkar lotuz gehiengo, elkar trukatuz eta zabalduz etorkizun berrirako giltzarri.
Ez gara hiri eta ez herri, ez gara bertoko eta ez kanpoko baina bai hemengo. Ongi etorri, Meatzaldetik mundua eta meatzaldean mundua.