Kimetz Arana Butroe
Periferietan; Euskaldunak gara inguru erdaldunean. Euskal Herriaren baitan berriz artxipelagoaren urruneko irla txikia da gurea. Langile artean nekazari eta orkestraren ondoan kaleko musikari. Beti gutxiengoan baina elkarturik gehiengo gara gure herrietan. Baratza eta ardiak, hango eta hemengo jendeak, orain eta lehengoak. Mundua gure herritik eta nire egunerokotik kontatzen saiatuko naiz, nire begietatik: Meatzaldea far west.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iñaki(e)k Abertzale herrizale bidalketan
- Iruñerritarra naiz(e)k CARRASCOLIENDAS: hirietan identitate kolektiboa sortzeak duen garrantziaz. bidalketan
- Endika Cuesta(e)k Euskara ala ez gara. bidalketan
- Josema(e)k Muskizeko gazte lokala martxan! bidalketan
- karana(e)k Periferiatik bidalketan
Artxiboak
- 2019(e)ko apirila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
Iparraldea
Atalak: Sailkatugabeak
Udal hauteskundeak pasatu berri dira iparraldean eta aitortzen dut benetan poztu egin nauela abertzale ezkerreko indarrek bertan egin duten aurrerapausoak. Ez da politika lurralde bateko gizartearen eragin-gune bakarra, baina bai unean uneko errealitatearen isletako bat. Hauteskundeen emaitzek, pentsamendu, sentimendu, proiektuekiko atxikimendu eta ideologien aurrerakada edo atzerakada adierazten dute, iraganetik gaur egunera izan duten eboluzioa begiratuz.
Hamarnaka alkatetza lortuta, ehun hautetsi baino gehiagorekin eta emaitzetan hobetuz, abertzaleek lortu dute 270.000 biztanleko lurraldean 65 milioi jende pasa dituen Hexagonoko tendentzia eta mezuen aurrean kokatzen. Malgutasunez, izan abertzale ezberdinen arteko zerrendak osatuz, izan ekologista edo herrizale independenteekin elkartuz oso kontuan hartu beharreko indarra direla agerrarazi diote iparraldean politikan aritu nahi duen orori.
Geu, bizkaitar gehienak bezala, autobusez, maskarada ikustera dantza taldearekin joan ginen lehenbizikoz iparraldera. Goiz bazkaltzen zutela, alkoholarekin ez zirela kontrolatzen, hango euskara erdi frantsesa zela izan ziren bidaia hartatik atera genituen ondorioak, geu gaztelaniaz ari ginen bitartean. Urrun dago Iparraldea Bizkaiko Meatzaldetik, hala ere guk “souletinos” dantza egiten genuen.
Beranduago beste moldez iritsi ginen iparraldera, dantza zela, mani-festa zela… jendea ezagutu, lagunak egin eta herri txikietako bizia ezagutzen hasi ginen. Rikard, aperitifak eta kafeak. Musika alturik gabeko tabernak eta solasaldi luzeak. Ezagutu genuen laborari mundua eta hari loturiko bizia. Festa salbaiak eta ardi jeztera arribatzeko bide txikiak.
Baziren ere arlo ustelak, herri txikietako ezin ikusiak eta igandetako eliza atariko itxurakeriak, eta kolonialismoa. Bereziki mingarri zitzaigun ikustea nola zenbaitzuek bere euskal izateari uko egiten zioten metropoliaren moduko izan nahian. Gaur egunean ere topa daitezkeen bezala, gure begietatik zail zitzaigun ulertzea erabat euskaldun diren hautetsi frantses eskuindarrak egotearen zergatia edo haurrei euskara transmititu ez eta haien artean euskaraz ari diren guraso euskaldunak ezagutzea.
Zurrunbilo guzti horren erdian umorea, gauzak ikusi eta bizitzeko molde berezi bat ezagutu genuen, euskal izateari errotik lotua zena. Hori guztia, garrantzitsu izan zitzaigun herrian jatorrizko euskal erreferentziarik ez genuenontzat. Nahigabe ohartu ginen mugak paperean estatuek egindako marrak direla, herriak ordea batean zein bestean, marren gainetik, bagarela. Abertzaleek hamarkadetan herriz herri, kultura, ekonomia zein arlo sozialean egindako lanaren ondorioz ari dira tokia eta sinesgarritasuna irabazten gizartean. Kolonialismoaren gainetik Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberua bizirik dauden seinale.