“Ilustres” nire herrikoak
Urtero bezala gabon bueltan egutegia kaleratu du udalak, aurtengoan herriko pertsonaia ospetsuak harturik gai gisa. Argazki ederrez lagunduta, testu laburrekin osatuz, gure herrian pertsona ospetsu izan ziren haiekin ilustratu dute beren egutegia agintariek. Haietako batzuk gure herriko zenbait kaleren izenetatik dira ezagun (-zure kalea ez al da JR Olaso? -Ez, ni Ramon de Durañonan bizi naiz!), beste zenbaitzuk ordea sekulan entzun gabeak genituen herritar askok. Nolanahi ere mediku, futbolari, txirrindulari, margolari, idazle, irakasle, amerikanu eta jauntxoak tarteko, egutegiak lagundu du pertsona haiek nor izan ziren, zertan aritu ziren jakiten.
Haietatik 11 dira ordea gizonak eta bakarra emakumea. Nolatan desoreka hori? Gure herriko lursail eta etxeetan hainbeste lan egindako emakumeak, haurren eta zaharren zaintzaz okupatutako emazte edo meatokietako barrakoietako andreak ez ziren izan ezagunak antza. Lagun batzuen arabera joan den mendean andreek etxeko lanetara mugatua zutenez haien jarduna, ez omen dago jakiterik emakume haiek nortzuk izan ziren eta horren ondorioz ez dute “ospetsu” izateko aukerarik izan gure herriko historian.
Ez da berria historia garaileek eta euren begietatik idazten dutela. Gaurko munduan nagusi diren baloreen isla den Estatu Batuetan ere, “A People´s history of the United States” idatzia zuten orain dela urte aspaldi. Bertan erakutsiz, beti berdinak direla liburutan agertzen direnak eta bazterreko sektoreen bizipen eta gertakizunak berriz etengabe isilarazten direnak. Horrela boteretsu, dirudun, jauntxo edo agintari eta gizonon begietara idazten da historia.
Institutuko historia liburuan politiko, errege eta militarren izenak iraganeko mende eta urteei lotuta ikasi genituen. Herrien historia ordea ez dute pertsona indibidualek egiten, garai batean eta baldintza batzuetan elkar bizi diren jende kolektibitate desberdinek baizik. Horrela kolektibotasunetik kontatzen diete haien herriko historia hainbat kultura indigenek ondoko belaunaldiei. Ildo horretan, herrien historia kolektiboan zeresan handia hartzen dute pertsona ez “notableek”.
Kontua da errealitatea, norbere baitan, gure bizipen eta erreferentzietatik abiatuz eraikitzen dugula. Errealitatea gure buru barruetan baino ez baita existitzen. Horregatik saiatzen da boterea bere ikuspegia gure buruetan sartzen, haien errealitatea geure egin eta gure buruez jabetzeko. Hor hartzen dute garrantzia herriko historia lokalean jasotzen ditugun erreferentziek eta haiek eraikitzen diren ikuspegiak.
Egia da mediku, futbolari, txirrindulari, margolari, idazle, irakasle, amerikanu eta jauntxo haiek gure herrian bizi izan zirela. Gehienen izenak kaleetako izendegian gelditu dira zizelkaturik eta orain badute egutegia. Baina egia da ere gure herrian igeltsero, nekazari, errementari, arotz, lapur, jokozale, mozkor, langile edo meatzariak, izan zirela eta haiek zirela gehiengo. Danak, gizon eta emakumeak. Haiek bizi zuten gure iragana eta neurri handi batean haiengandik gara orain garena. Jende haiek nor izan ziren oraindik jakin dezakegu agian, beste batzuen izenak ordea denborak eramanak izango ditu jada. Nolanahi ere garai, oroimen eta gertakizunen historia kolektibo horretan nago pisua galtzen dutela izen abizenek eta besteen artean garrantzia hartzen gure amama, ama eta arrebek. “Ospetsuen” historiak ematen ez dien tokia, baina gure herriko bizian errealitatean izan duten pisuagatik dagokiena. Goiz ala berandu berreskuratu beharko dugun geure historia herrikoian.
Ederra idatzia, segi holaxe kimetz.
Gora toponimia!!!
Besarkada bat.