Euskalduna izatea
“Txapel hau eskaintzen diot amari, haurra nintzela euskara irakatsi zidanari” horrela amaitu zuen Ametsek Txapelketa Nagusiko bukaera agurra. Azken bitan BECen izan banaiz ere, oraingoan etxetik eta etxekoekin segitu nuen finaleko arratsaldea. Azken bertsoek, buruz burukoa, hitzen zentzu eta zirrarak, telebistan ikusiagatik ere, berehala barneratu ninduten finaleko bertso unibertsoan. Saioa amaitu eta berriz heldu nintzen unibertsotik lurrera, kalera, auzo, lagun, herrikide artera. Herri bat eta bi mundu, zein hurbil eta zein urrun. Bertso aireak nire gogo eta ahoan, isiltasuna kaleko jendartean, Athletic tabernetako telebistan eta San Mames Barria lagunen buru begitan. BEC eta SMB, herri bat eta bi mundu, zein hurbil eta zein urrun.
Ez da inon erreza euskalduna izatea, gutxiago gure inguruan. Ametsek bezala gurasoei zor diet nik neurri handi batean euskara. Bere garaian euskaldundu ziren biak eta euskara izan da etxean anaia eta biok txikitatik ezagutu dugun hizkuntza. Etxean babes zena, kanpoan garraztasun izan da sarritan ordea. Txikitako zenbat begirada itzuli, institutuko zenbat itaun eta zenbat erantzun. “¿Pero porqué hablas en euskera?”. Lagun artean integratzeko zenbat oreka, nirea eman eta aldi berean geu garena ez ukatzeko oreka. Kolektiboa eta norbanakoa, norbanakoa eta kolektiboa.
Kolektibotasunean errotzeko, estatu kultura “ofizialek” uniformizazioa eta homogeneizazioa baliatu dituzte haien identitatea gorpuzteko. Boteretsuak etengabean saiatu dira identitate artifizial zentrala eraikitzen estatuarekiko atxikimendua handitu eta herritar xumeak haien menpe izateko. Lotura sentimentala eraikitzeko funtzioa betetzen dute horrela kirol selekzioek, armadak edo jai egun nazionalek, nola Frantzian, hala Espainian.
Bazterreko komunitate kulturalek ordea geure identitate kolektiboa, beste oinarrietan eraikitzen dugu. Bertsoa bihurtu da gure identitatea kolektiboki bizitzeko bilgune. Txapelketa Nagusiak BECera begira jartzen gaitu lau urterik behin euskaldun gehienak, elkartu mugaldeko tantak eta urmaeleko uhinak, iparraldekoak eta hegoaldekoak, bertsoen arteko isiltasun sepulkralean zein ondorengo txalo zaparrada beroan.
Horregatik merezi du euskaldun izateak; zailtasunen gainetik, eskaintzen diguten mundu uniformizatuan, geure harremanak eta sentimenak, balore eta erreferentziak beste era batez bizitzea ahalbidetzen digulako.
Kontuz ordea pentsatzearekin edo nahi izatearekin “euskal kultura “ofizial” uniformatu eta homogeneo” “bat” dagoela, edo are okerrago ‘bat behar duela’. Ze euskaldunak gara eta izan gaitezke, zailtasunen gainetik, era askotako. Eta jaungoikoari eskerrak, geure harremanak eta sentimenak, balore eta erreferentziak ere era askotan bizi ahal ditugu, euskal edo zeinahi “mundu uniformizatuk” eskaini liezazkigukeen aukerez gain. Diot. Zaindu.
Bittor
Hori-ok-eta! Merezi jok, bai, horixe! Merezi jok euskalduna izatea eta… halaxe bizitzea etxean eta kalean…
Ba pentsa eukaldun berrientzat aer izango ote den.