Futbolari buruzko 4 kantu paregabe
Egia esan, honek ez du zer ikusirik aste honetan, igandean Madrilen gertatukoaren ondorioz, futbolari buruz egon den debate guztiarekin. Hori Jon Tornerrek ederki azaldu du bere blogean.
Ez, aspalditik nuen nik post bat futbolari eskaintzeko nahia. Nola ez, musikan aurkitu dut nik ongi esaten ez dakidan guztia.
Ez dira asko futbolari buruzko kantuak. Ez behintzat, futbolismoak dakarren artaldekeriari buruzkoak. Hona nik ezagutzen ditudanak. Gutxi, baina apartekoak:
BURUBALL
Tapia eta Leturia Band / Tapia eta Leturia Band (1995)
– Ze musika talderen buelta estimatuko zenuke gehien?
– Tapia eta Leturia Band
– Nola baina; Hertzainak? Negu Gorriak? Genesis? Rainbow?
– TAPIA ETA LETURIA BAND
Euskarak ezagutu duen musika esperimentaleko talderik handienak bi diska atera zituen. Hala nolako rock, ska, metal eta musika tradizionalarekin egindako entsalada ederra, hitzei esker gatz faltarik ez zuena.
Lehengo diskan daukagu Buruball abestia, Joseba Tapiaren musikarekin eta Jon Sarasuaren hitzekin. Halako perlak uzten dizkigu kantuak:
Burutxo bat belar hotzaren gainean, ala!
Erreglamentuzko hogeitabi baloi, irribarrez, lepogainean.
Ostikoa eta estadio guztian oihu
Ostikoa baina, zeinek egin du oihu?
ARDIAK BEZALA
Betizu Taldea / BT – 1.0 (2002)
Guk ere izan genituen gure haur mirariak. Betizu Taldearen lehen promozioak 2002an atera zuen diska, telebistan arrakasta itzela izan ondoren. Bertan, hainbat lelo marxista-leninistaren artean (Ama, ez dut ohea egin nahi) aurkitzen dugu nahita edo nahi gabe, nork daki, kirol erregea bizitzaren elementu nagusitzat duten guztiei ematen dien ostikada ederra, kantu bihurtuta.
Burua non nekatu bada munduan
baina ia denek gauza bat buruan
ardiak bezala denak talde baten inguruan
Beste taldearen zalea etsai,
eta nirearen zale bazara, laguna.
Non duzu garuna?
Hau da egunero kirol honek eskaintzen dizuna.
ERROR 404
Bi Bala / Watsabi (2014)
Ataun ingurukoak ditugu Bi Bala gazteak (ez dakit denak ataundarrak ote diren). Bertsolaritza rockarekin ederki uztartu dute haien lehenengo diskoan. Burua ezagutzera eman dute Besarkadak eta labankadak bideokliparekin, baina benetan txalotzekoa diskoko azken kantu hau iruditu zait. Letra guztia jarriko nukeen arren (horretarako bideoa ikusi, edo diskoa erosi!), hona lagin txiki bat:
Golak eta resumenak
Iganderoko zakarra
Hauxe da inporta zaigun
Atez ateko bakarra
Zein inportanteak diren
Dauzkazun idoloak
Mukizu analfabeto
Multimillonarioak
BONUS TRACK:
ODIO EL FUTBOL
Lendakaris Muertos / Lendakaris Muertos (2005)
Gazteleraz bada ere, nola ez akordatu ironiaren erregeekin? Iruindarren lehen diskoko 23 kantuetatik (disko osoak ez du ordu erdia gainditzen, lasai) bi dira futbolari buruzkoak. Gora España batetik, jada ereserki bihurtu dena, eta Odio el futbol hau bestetik. Hona letraren laburpena:
No tenemos conciencia, no tenemos dinero,
no tenemos vergüenza, pero tenemos futbol.
No tenemos principios ni otro pito que tocar,
tenemos un principio grave de anormalidad.
Chuta, remata y gol!
Ooonak! Horrela, boteprontoan, La Pollaren ‘Gol en el campo’ gehituko nuke nik, gaztelaniaz baldin bada ere: https://www.youtube.com/watch?v=MmBNB6Yzgiw